Irin guztiak ez dira zuri

Bizkaiak Valladoliden jokatuko du gaur, azken asteetako sasoi onari zukua ateratzen jarraitzeko asmoz

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ondo daude, eta ondo jarraitu nahi dute gaur (17:00). Bizkaiak lau garaipen daramatza jarraian, Euskal Kopako finala tartean, eta beste bat lortu nahi du, zortzi onenen artean finkatu, Unicajaren aurkakoari begira konfiantza handitu, eta Eurocup txapelketa indarrean hasteko —azaroak 7—. Urrun dago Kanaria Handiko porrot hura. Ez zen espero, baina ez du kalterik eragin. Besteak beste, gero garaipen onak etorri direlako: Bartzelonaren kontra, etxean; Lagun Aroren kontra, Donostian; eta Estudiantes kementsuaren aurka azkena, Miribillan berriro. 3-1 da balantzea, baina Gescrap Bizkaiak 4-1 markarekin bueltatu nahi du Gaztelako hiriburutik. Sasoi onari zukua atera nahi diolako, eta Valladolid, itxuraz, plaza aproposa delako.

Itxuraz, irin guztiak ez baitira zuri. Kontuz Pucelakoekin, aditu askoren ahotan mailaz jaisteko hautagai ia ziurrak zirelako lehen itzulia bukatu aurretik. Arrazoi nagusia, duen aurrekontu apala: milioi bat euro baino ez. Lau jardunaldi jokatuta, eroso antzean daude sailkapenaren erdialdean, bi garaipenekin. Ez nolanahikoak, gainera. Lehen jardunaldian, Bartzelona ahaltsua menderatu zuten, Kataluniako hiriburuan, eta joan den asteburuan, irabazi egin zuten ligako kantxa gaiztoenean: Manresako Nou Congosten. Real Madril menderatzeko zorian ere egon ziren, euren kantxan, eta ibil dadila adi Katsikarisen taldea, sufritu egingo duelako etxekoei altxorra lapurtzeko.

Erne Sinanovicekin

Jokalari ugari daude Valladoliden arrakastaren oinarrian. Nedzad Sinanovic pibota da horietako bat. Liga hasi bezperan fitxatu zuten, eta sekulako errendimendua ematen ari da: 13,5 puntu eta 8,5 errebote partidako. Kanpoko lerroan ere zenbait talde handitan neurririk eman ez duen jaurtitzaile trebea dute: Uros Tripkovic. Kroaziarrak eman dioten hamaikagarren aukera baliatu nahi duela dirudi, eta txukun ari da: 10 puntu partidako. Izar gutxi eta taldearen mesedean aritzen diren jokalari asko ditu Valladolidek: Jordi Grimau, Othello Hunter, Nacho Martin, Alex Renfroe, Ian O'Leary, Alhaji Mohammed, Edu Ruiz… Pisuerga pabilioiak ere espero ez zen tenperatura hartu du, taldearen bilakaera ona dela eta, eta, esan bezala, izerdi franko bota beharko da han.

Bizkaia bart eguerdian iritsi zen Valladolidera, eta partida jokatuko den kantxan egin azken lan saioa. Katsikarisek loreak izan ditu ahotan etxeko taldearentzat, «baliabide gutxirekin lan ikaragarria egiten ari delako». Bere taldearen jardunaz galdetuta, berriak direnen egokitzapenean emandako aurrerapausoak nabarmendu zituen: «Sei jokalari berri ditugu, eta agerian geratu den bezala, Hamilton bere sasoi onenetik gertu dago. Guk uste baino lehenago, eta asko pozten gara. Pilepic ere talde dinamikan sartzen ari da». Entrenatzaile greziarraren helburua argia da: «5-1 balantzearekin iritsi nahi genuke Eurocupa jokatzen hasi aurretik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.