Denboraldiaurreko estropadak eta txapelketak lagungarri izan ohi dira liga hasi baino lehen aurkarien erreferentziak edukitzeko, baina erreferentziak besterik ez dira izaten. Gainerakoan, entrenatzaileen eta patroien usteek eta apustuek izaten dute pisu handiena, harik eta lehen estropadak jokatu arte. Bada, amaitu dira kinielak, eta traineruak hasiak dira sailkapenetako postuak hartzen.
Asteburuan jokatu zituzten Euskotren eta Eusko Label ligetako lehen bi estropadak, eta lehen aldiz alderatu ahal izan zituzten batzuen eta besteen lanak. Zumaia eta Ares onenen ligara igo berriak dira, eta, asteburuko bi estropadetan, sailkapeneko erdiko postuetan geratzeko moduko denborak egin dituzte. Gipuzkoarrak laugarrenak dira sailkapen nagusian; galiziarrak, berriz, zazpigarrenak.
«Eguraldiak eta mareak gehiago baldintzatu gintuzten, baina jakin genuen moldatzen; harritu gintuen seigarren egin izanak»
ANTONIO TEIJEIROAreseko arraunlaria
Amane Jimenez Zumaiako patroiak liga hasi baino lehen adierazi zuen «larunbatero eta igandero gustura» geratu nahi luketela beren arraunkerarekin eta lanarekin. Behin asteburua pasatuta Maddi Aranburu arraunlariak adierazi du lortu dutela: «Urduri geunden, baina oso gustura gaude bi egunetan egindako lanarekin».
Estropadak ezberdinak izan ziren: bata, erlojupekoa izan zen; bestea, kaletan antolatua. Aranburuk pozik esan du «oso emaitza ona» lortu zutela: «Larunbatean, lehenengoak atera ginen, eta gure lana egitera joan ginen». Denborarik onenetan hirugarrena egin zuten, Arraun Lagunak-en eta Orioren atzetik.
«Oriorekin, Tolosaldearekin eta Arraun Lagunak-ekin lehiatzea zailagoa izan zen. Helburua zen burua ez galtzea, bagenekien-eta bigarren minuturako traineru bat aurrerago egongo zirela»
MADDI ARANBURUZumaiako arraunlaria
Galiziako Ares taldea ere igo berria da, eta zortzigarren eta seigarren postuak lortu zituzten. Antonio Teijeiro Areseko arraunlariak onartu du Bilboko estropadari errespetu handiagoa ziotela, nahiago baitute itsasoan aritu: «Bagenekien asko sufritu beharko genuela emaitza ona lortzeko, eta nahiko ondo egin genuen: pozik amaitu genuen». Kontuan hartuta Eusko Label ligatik ez jaistea dutela helburu, lasaitua hartu zuten ikusita pare bat traineru baino gehiago utzi ahal izan zituztela atzean.
Igandean, galiziarrek bide beretik jo nahi izan zuten, baina ez zitzaien horren ondo atera, Sestaoko korronteak gorabehera: «Eguraldiagatik eta mareak gehiago baldintzatu gintuzten, baina jakin genuen moldatzen; harritu gintuen seigarren egiteak».
Saregileen «oparia»
Zumaiarrak ohorezko txandan lehiatu ziren bigarren jardunaldian; oso motibatuta, baina urduri ere bai: «Opari bat izan zen ohorezko txandan lehiatzea; hasieran, denak harrituta geunden».
Saregileak ontzikoek argi izan zuten burua hotz eduki behar zutela, eta Bilboko erlojupeko estropadako teknika bera baliatu; gero jakingo zuten Hibaikak, Hondarribiak, Astillerok eta Donostiarrak zer denbora egin zuten. Aranburuk iritzi dio lortu zutela.
Halere, onartu du onenen artean lehiatzeak presioa ere sortzen duela: «Oriorekin, Tolosaldearekin eta Arraun Lagunak-ekin lehiatzea zailagoa izan zen. Helburua zen burua ez galtzea, bagenekien-eta bigarren minuturako traineru bat aurrerago egongo zirela [hiru bat segundoren aldea izatea esan nahi du horrek]». Eta hala izan zen; are, Arraun Lagunak-ek baino 22 segundo gehiago behar izan zituzten ziabogara heltzeko.
Zumaiarrek ez zuten espero, igo berriak izanda, bigarren asteburuan jada ohorezko txandan lehiatzea, eta Aranburuk uste du gainerakoek ere sorpresa hartu zutela. Denboraldiaurreko bi estropadatan, Hibaika eta Hondarribia geratu ziren haien aurrean, eta, haien ustez, haiek ziren lehiakide gogorrenak —oraindik ere hala direla ziurtatu du arraunlariak—: «Emaitza horien arabera, pentsatu genuen azkenak edo azken-aurrenak geratuko ginela, egia esan».
Eusko Label ligako entrenatzaileek ere ez zuten espero Aresen emaitza, ez baitzuten buruan izan lehiakideak aipatzeko orduan. Kontuan izan behar da, halere, galiziarren erreferentziarik ere ez dutela izaten. Dena dela, Teijeirok eskertu egin du asteburuko emaitza, egun txarren bat izatekotan, puntu batzuk lortu dituztelako: «Motibatzen gaitu, eta etxera itzultzeko bidaia errazagoa izaten da».
Asteburu honetan Donostiako Fabrika bandera eta Zierbenako (Bizkaia) Petronor bandera izango dituzte jokoan arraunlariek. Biak egingo dira itsasoan, eta lau kale izango dira.