Ez dago inolako sekreturik. Nazabali irabazi nahi dionak norberak duena baino askoz gehiago egin behar du finalean. Nazabal txapelduna da, eta ahalmen eta trebezia handikoa da. Bere erritmoa ezarriko du hasieratik, eta okerrik ez badu, ez da inor gauza izango jarraitzeko.Azkenaldian beheraldirik jasan gabe dihardu, eta ez diot aldaketa nabarmenik sumatu. Meritua ere badu, jakina, urte asko egin du aizkoran, eta ederki asko erakutsi du bere maila. Bolada gozoan sartuta dagoela antzeman dut, eta luzarorako txapelduna izango delakoan nago. Izugarrizko segurtasun eta konfiantzarekin ari da aizkoran. Larretxeak esku hartu izan balu, beharbada, aurre egingo ziokeen. Gainerakoek, berriz, ez dute hobekuntza esanguratsurik izan, eta Nazabal menderatzeko hark baino gehiago egin behar dute; ez zait iruditzen horrelakorik gertatuko denik. Gainera, zenbat eta lan luzeagoa egin behar izan, are eta hobeto Nazabalentzat, iraupenerako prestakuntza egokia baitauka.
Bigarren posturako izan daiteke lehia polita, eta Olasagasti ikusten dut ondoen. Peñagarikanok eta Azurmendik borroka erakargarria izan dezakete hirugarren postuko; Azurmendik lan handiagoa egin behar luke gorputzarekin. Mugertza azken orduan sartu da finalera, eta gauzak nola dauden ikusita, nahikoa izango du bere mailarik onena ematearekin. Azkena ez sailkatzeko erronka jarri behar lioke bere buruari, baina uste dut Barberena hobeto dagoela. Jendeak dio Barberenari indarra falta zaiola, baina indarrik izango ez balu, ez luke aizkoran egingo. Jakina, bera baino indartsuagoak badaude, baina baita indar eskasagoa dutenak ere.
IRITZIA . Nazabal oso trebea da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu