Sufrimenduari ere irribarre txiki bat eskaintzen dio beti Chris Hornerrek (RadioShack). Lurrean eserita, gorputza bere onera ekarri ezinik, indarrak mutur-muturreraino eramanda... «Oso handia da hau». Espainiako Vuelta irabazteaz ari zen estatubatuarra. Baina bera ere ez da makala. 42 urte beteko ditu urriaren 23an, eta bere kirol ibilbideko garaipenik handiena lortuko du gaur, Madrilen. «Oraindik ezin dut sinetsi. Eskerrik asko, denoi». Eskerrik asko, berari ere. Bere adinarekin inor ez da gai izan hiru asteko itzuli bat irabazteko. Beste izen bat sartuko da gaur, beraz, historiaren orrian.
Lesioen eraginez zaildutako denboraldiaren ondoren, RadioShackekoak ezkutuan ekin zion Vueltari; ia inoren izen zerrendan ez zen agertzen bere izena. Baina Vilagarcia de Arousan eman zuen lehen abisua, hirugarren etapan. Erasoa eta hiru segundoko tartea gainerako faboritoei. «Vuelta irabaz ote dezakedan? Bai, noski. Nik konfiantza handia daukat neure buruarengan». Esan eta egin. Gozatu ederra hartuko du gaur Madrilera bidean. Irribarrea beti aurpegian, umorea beti salgai, bizitzari begiratzeko modu naturala dauka Hornerrek.
Azken egunotako joerari segika, Alejandro Valverde (Movistar) eta Joaquim Rodriguezi (Katuxa) begira zegoen Vueltako liderra, Vincenzo Nibali bera (Astana) hiru segundo eskasera zeukala ahaztu gabe, noski. Baina gutxien espero zenak eta gutxien espero zenean estutu zuen gehien Horner. Igoeretako ezinak ahaztuta, Angliru beldurgarrian behe-behetik hasi zen erasoka Astanako italiarra, eta ikaragarri estutu zuen liderra. Aurretik gogotik lan egin zuten Movistarrek, Katuxak eta Euskaltel-Euskadik, Cordal eta Anglirura bidean erritmo bizi-bizia jarri eta ondorengo uztaren prestaketa lana egiteko. Baina azken mendatean Nibali-Horner lehiara mugatu zen ikuskizuna. Ikuskizun zoragarria.
Artean zazpi kilometro falta zirenean jo zuen lehen erasoa Nibalik, eta beste lauzpabost iritsi ziren atzetik. Bihotzari kasu eginda, apustu serioa eta ausarta egin zuen italiarrak. Txalotu beharrekoa. Metro batzuk hartu bai, hiru segundorena behar zuen aldea zazpi-zortzira eraman bai... Ezin iraun, ordea. Ohartzerako, berari pega-pega eginda, berriz ere, liderra. Horrela egin zuten igoera guztia bi artista horiek. Nibaliren suarekin apalduta zihoazen ordurako Valverde eta Rodriguez. Movistarrekoak etsi zuen lehenengo, eta Katuxakoa geratu zen segidan erabat lehertuta. Hiru segundoren jiran zegoen Vuelta, eta gainsariak zain helmugan.
Kenny Elissondek (FDJ.fr) hartuko zituenak salbu, noski. Gogorretik joan da Vuelta, eta, azkenaurreko etapan ere sua izan zen tropelean. Beñat Intxausti (Movistar) eta Dario Cataldoren (Sky) erasoari segika sortu zen 30 txirrindulariko taldea, eta Cordalek eta Angliruk berak utzi zuten aurrean Elissonde. Paolo Tiralongo (Astana) ondoan zuela, 4.50 minutuko aldearekin ekin zion Angliruri, eta, atzean zegoen joarekin, bazirudien ezinezkoa izango zuela alde horri eustea.
Garapenak mugitu ezinik
Baina luzaroan gogoratzeko moduko igoera egin zuen frantziarrak. Oker-oker eginda, orekaren mugan ibili zen txirrindulari txikia, pedalei eragin ezinik, eta ez sinesteko moduko garaipena lortu zuen. Neurri berean, Movistarrekin lehia estuan, baina garaipenaren parean jartzeko modukoa da Euskaltel-Euskadik taldekako sailkapena irabazi izana. Taldea osatzen duten kide guztiek podiumean agurtuko dute gaur hogei urte luzeko ibilbidea.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Irribarre txiki bat bizitzari
Vincenzo Nibaliren Angliruko eraso festa baretuta, Chris Hornerrek irabaziko du gaur Espainiako Vuelta, 42 urte betetzear deneanKenny Elissondek irabazi du etapa, eta taldekako sailkapena eskuratu du Euskaltelek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu