Goizean lan saio fisikoa egin du Logroñon, egunero bezala, Joaquin Plazaren aginduetara. Orain karga txikiagoa da; behin finalerdietan, sasoia doitzea da helburua. Gustura egiten du lan hori David Merinok (Villar de la Torre, Errioxa, 1990), badakielako ezinbestekoa dela. «Agintzen diguten guztia egiten dugu», laburbildu du. Eguerdiko atsedenaren ondoren erantzun ditu galderak.
Azken egunetan lore asko jaso dituzu, nola hartzen dituzu?
Tira, ezin zaie kasu askorik egin… Juanek [Irujo] eta biok ondo jokatu genuen, eta meritua biena izan zen.
Egunkariak gordetzen dituzten horietakoa ez zara, orduan?
Bat edo beste beti irakurtzen duzu, baina gorde ez.
Bilboko partida ikusi duzu bideoan?
Ez nuen grabatu, YouTuben azken tantoak ikusi nituen. Gustuko dut; komeni da partidak ikustea, hutsak eta ondo eginikoak aztertzeko.
Ondo eginikoak gehiago ikusiko zenituen kasu honetan.
Denetarik, nahiz eta egia den aurrekoan ondo jokatu genuela. Baina ez pentsa, partida guztiak ikustean norberaren huts asko ere ikusi behar izaten dira.
Txapelketako ustekabekoa izaten ari zara, baina zuretzat ere bai?
Egia esan nik ez nuen parte hartzerik espero, jokatzea saria zen niretzat, eta txapelketa on bat egitearekin pozik nengoen. Orain finalerdietan gaude, txapelketako ezustekoa izaten ari gara, eta ea finalera iristen garen.
Zu hautatzean zalantzak sortu ziren, eta badirudi uxatu dituzula.
Normala zen zalantzak egotea, sei hilabete baino ez daramatzat profesionaletan. Ni nire lana egiten saiatu naiz, ondo egin dudala uste dut, eta ea hurrengo partidetan ere eusten diodan.
Zortzi hilabete dira debutatu zenuela. Dena oso bizkor doa, ezta?
Egia esan bai, debuta, estelarrak, txapelketa... baina nik lanean jarraitzen dut, eta ea orain artekotik jaisten ez naizen.
Aurrekoan zenioen finalerdietan presioa kendu duzuela gainetik.
Egia da, ligaxkako azken partidetan presio handia sumatu genuen, irabazi edo irabazi egin behar genuen, eta behin finalerdietan sartuta, txiripaz bada ere,zerotik hasi gara. Presioa hor dago, txapelketarena, baina ondo hasita beste gauza bat da.
Lehen partidetan errespetu handia sortzen al zizun txapelketak?
Txapelketa oso luzea ikusten nuen, partida bat astero… Irujorekin ere jokatzen nuen, onenarekin, eta banekien lagunduko ninduela, eta neure buruari jartzen nion helburua berari ondo laguntzea zen.
Iritsi berria zara, zerbaitek harritu al zaitu txapelketan?
Inork ez duela tanto bat galdutzat ematen, tantoak irabaztea asko kostatzen da, eta gero pilotaren abiada ere handiagoa dela.
Nola ikusi duzu Irujo?
Eskuak eta belaun bat minduta izan ditu, eta jokoa baldintzatu diote. Dena den, gutxirekin asko egiten duen pilotari bat da; sendatzen bada, berriz ere Irujo izango da.
Azken partidetan pilota gehiago uzten dizkizu.
Gero eta hobeto ezagutzen dugu elkar, ondo hartzen dugu elkar; apurka, jokatu ahala, nigan konfiantza handiagoa du. Eskuetako arazoen eraginez ere izan daiteke.
Enpresan zer esaten dizute teknikoek, prestatzaileek?
Ez askorik, oraingoz. Pilotaz entrenamendu taldekoekin eta anaiarekin hitz egiten dut.
Pankarta eta guzti duten zale batzuk dituzu atzetik.
Herriko lagunak eta senideak dira, egun askotan etortzen dira, eta doazenean beti eskegitzen dute harmailetan. Merino txapeldun jartzen du pankartan, eta patata bat dago marraztuta. Hala, bi anaientzako balio du!
Etzi, Xala eta Barriola.
Niretzat, txapelketako bikoterik onena da, erregularrena. Joan den igandean orain arteko partida txarrena jokatu zuten, finalerdietan; halere, irabazi egin zuten.
Barriola idolo duzu, nola jokatzen duen aztertzen al duzu oraindik?
Abel jokatzen ikusten asko ikasten da. Ez da kolpe gehien duen atzelaria, baina ia dena oso ondo egiten du.
Zer duzu gustukoen haren jokotik?
Kantxa nola estaltzen duen, haren abiada, defentsa, beti dago hor, erne...Kolpe izugarririk gabe, beti bukatzen du partidetan agintzen.
Finala gertu ala urrun ikusten duzu?
Oraingoz urrun, garaipen bat falta zaigu gutxienez, eta hori asko da finalerdietan.
David Merino. Aspeko pilotaria
«Irujok konfiantza handiagoa du nigan orain»
Txapelketa hasierako zalantza «logikoak» uxatu ditu, eta iragan larunbatean pilota zaleak aho bete hortz utzi zituen Bilbon. Finalerako sailkatzeko garaipen bakarra behar duten arren, oso urrun ikusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu