Alex Mariñelarena. Moto gidaria

«Istripua nire ibilbideko bertze anekdota bat izatea nahi dut»

Pareta batek moztu zuen, joan den otsailaren 27an, Alex Mariñelarena moto gidari nafarraren bidea. Moto2ko Munduko Txapelketarako prestatzen, istripu larria izan zuen; koman egon zen sei egun. Ez da oroitzen, baina motoa berriz hartzeko irrikan da.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko apirilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantziako ospitale bateko gela batean ernatu zen Alex Mariñelarena (Irurtzun, Nafarroa, 1992), joan den martxoaren 17an. Ama zuen ondoan, eta hark eman zion haren burutik desagertu denaren berri: istripu larria izan zuela Paul Ricard zirkuituan eta buruan hartu zuela, hain zuzen ere, kolperik handiena. Etxean da, berriz ere, erabat osatzeko lanean. Errehabilitazioa egiten du egunero. Oina hautsia du; sorbalda, mindua, eta lau hematoma, oraindik ere, buruan.

Zer moduz zaude?

Oraindik hainbat arazo ditut, eta hobetzeko anitz. Eskuineko oina hautsia dut, oraindik ere. Sorbalda dut okerren. Frantzian ebakuntza egin zidaten, baina jarri zidaten inplantearekin arazoak izan nituen, eta berriz egin behar izan zidaten ebakuntza Iruñean. Oraindik mugitzeko arazoak ditut. Errehabilitazioa egiten ari naiz. Orekarekin ere arazoak ditut, oraindik ere, eta hori hobetzeko ere ari naiz lanean.

Kolpe handia hartu zenuen buruan.

Bai, eta oraindik ez naiz erabat osatu. Oraindik ere, lau hematoma ditut burmuinean. Zorabiatu egiten naiz, adibidez, eserita egon eta gero altxatzen naizenean. Orekarekin ditudan arazo horiek atzean uztea da nire lehentasun nagusietako bat.

Errehabilitazioa egunero ari zara egiten?

Bai, astelehenetik ostiralera, bi orduz. Eta etxean egiteko ariketak ere baditut. Ospitalera goizez joaten naizenean, arratsaldez etxean aritzen naiz, eta alderantziz.

Medikuek eman dizute osatzeko eperik?

Ez. Ez didate inolako eperik aipatu nahi izan. Oraindik ere proba gehiago egin behar dizkidate. Orekarekin ditudan arazoen auzia gehiago landu nahi dute. Baliteke garondotik pasatzen diren nerbioetan izatea arazoa. Hori begiratu behar didate ongi. Erabat osatzea da lehentasuna. Nik ongi egon nahi dut, bertzela ezin izanen baitut berriz ere motoa hartu.

Gogorra da ez jakitea egun hori noiz ailegatuko den?

Bai, hagitz gogorra da. Anitzetan erori naiz, baina oraingo erorikoa izan da inoizko larriena. Pareta baten kontra hartu nuen kolpea, eta hori da gidari bati gertatzen ahal zaion gauzarik arriskutsuena.

Istripua gogoan duzu?

Ez. Egoera hagitz arraroa izan zen. Frantziako ospitale batean ernatu nintzen. Argi nuen motoarekin istripuren bat gertatu izanen zela, baina ez nuen deus gogoratzen. Ama han zegoen, eta hark azaldu zidan dena. Daten kontua izan zen harrigarriena. Ezin nuen sinetsi hainbertze egun pasatu zenik.

Sei egun eman zenituen koman, ezta?

Bai. Medikuek eragindako koma izan zen. Baina kontua da nire azken oroitzapena otsailaren 26koa zela, etxetik atera nintzen egunekoa. Amak erran zidan martxoaren 17a zela ernatu nintzen egun hura, eta harrituta gelditu nintzen. Orduan konturatu nintzen istripu larria izan nuela. Besoa lotua nuela konturatu nintzen. Nire gorputzaren eskuineko aldeak hartu zuen kolpea.

Familiarentzat ere zaila izanen zen egoera, ezta?

Bai. Haientzat are zailagoa. Nik ez dut istripuaz deus gogoratzen, baina familia eta taldeko kideak han izan ziren, nire ondoan, ospitalean nintzen bitartean. Familiarentzat gogorra izan zen Frantziara ailegatu eta ni koman eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean aurkitzea. Zaila izan da haientzat, bai eta herriko hurbileko jendearentzat ere. Kolpe handia hartu nuen, eta denak kezkatu dira. Hasieran, gainera, ez zegoen argi egoera zein zen. Familia izutu egin zen.

Eta zu?

Nik bertze modu batera hartu izan dut dena. Sumatu dut familiaren kezka, eta sumatzen dut orain are gehiago zaindu eta babestu nahi nautela etxekoek. Okerrena pasatua dugu; hori uste dut nik. Kontent nago, familiak ikusten ahal duelako betikoa naizela, istripua gertatu baino lehen bezala nagoela. Ongi ibiltzen naiz, eta badakit erabat osatuko naizela. Hori da garrantzitsuena.

Zure motoa berriz hartzeko irrikaz zaude?

Zaila da. Halako istripu bat gertatzea ez duzu inoiz espero. Egia da nire lanarekin istripu bat izatea onartutako zerbait dela, baina eroriko hau nire ibilbideko garairik goxoenean gertatu da, Munduko Txapelketan parte hartu behar nuenean, hain justu, eta zaila da egoera honi aurre egitea, motibazioari eustea. Nik nahiko nuke gertatu dena nire ibilbideko bertze anekdota bat izatea, bertzerik ez.

Motoa uzteko aukera burutik pasatu zaizu?

Ez, ez. Nire familiak eta nik lan handia egin dugu lortu dudana lortu ahal izateko. Nik ongi egon bertzerik ez dut nahi. Pixka bat loditzeko beharra dut orain, adibidez!

Pisu anitz galdu zenuen ospitalean, ezta?

Bai, hamalau kilo inguru. Ospitalean neure burua ikusi nuenean, harrituta gelditu nintzen. Frantziako ospitalean ez nuen anitz jan. Gainera, arazoak izan nituen eztarrian. Koman izan nintzenean, noski, arnasa hartzeko hodia jarri zidaten, eta eztarria mindu zidan. Arazoak nituen jateko, ondorioz. Baina hasi naiz kiloak hartzen.

Etxekoak beldurtzen ditu zuk berriz motoa hartzeko uneak?

Etxekoei begiradan sumatzen diet kezkatuta daudela; ez dute motoa aipatu ere egin nahi. Baina badakite nik berriz hartu nahi dudala, itzuli nahi dudala lehiatzera, eta onartzen dute. Badakit haien babesa dudala.

Kezkatzen zaitu lehengo sasoian ez egoteak motoa berriz hartzen duzunean?

Badakit hasiera zaila izanen dela. Eta badakit jende anitz niri so egonen dela une hori ailegatzen denean. Hainbatek pentsatuko dute ez naizela berriz izanen lehen nintzena, polikiago ibiliko naizela edo ez dudala lehen bezainbertze arriskatuko. Orain horrek ez nau kezkatzen. Sasoi fisikoak kezkatzen nau, erabat osatzeak. Gero prestatuko dut neure burua. Kirol hau gogorra da; bolada zail anitz ditu. Baina hau da egin nahi dudana.

Oraingoa izan da boladarik zailena, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Etxean egoteak anitz laguntzen dit; etxekoen babesa garrantzitsua da motibazioari eusteko, aurrera egiteko eta lan egiteko gogoa eta ilusioa ez galtzeko. Erorikoak nire lanbidearen zati bat dira. Erortzeko arriskua beti dago mahai gainean. Munduko Txapelketan aritzeko aukera duzunean, dena ematen duzu; arriskuak hartzen dituzu. Eta gerta daiteke erortzea, niri pasatu zaidan bezala. Onartu egiten nuen hori, eta onartu egiten dut. Aurrera egiteko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.