Itoginak agertu zaizkio nonahi

Golak erruz ari zaizkio sartzen Osasunari: hamalau egin dizkiote azken sei partidetan, eta bederatzi azken hiruretan. Zauriari gutxienez adabaki bat jartzen saiatuko da gaur, Vila-realen aurka.

Aridane Hernandez, denboraldi honetako partida batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zorrillan krisiaren ezkilak entzun zituen Osasunak. Hirugarren neurketa galdu zuen jarraian, eta seigarrena kateatu zuen irabazi gabe. Hala, azken posturaino hondoratu da sailkapenean. Valladolidi bi gol egin zizkion, hots, eten egin zuen azken asteetako idortea. Eta hala ere, ez zen kapaza izan puntu bakar bat ere urratzeko. Zergatik? Aurrean lehor dabilen bitartean atzean nonahi agertu zaizkiolako itoginak. Hanka sartze handiak egin ditu defentsan, eta halakoak larrutik ordaintzen dira elitean.

Sasoiari irmo ekin zioten gorritxoek: golik hartu gabe amaitu zituzten lehen sei partidetatik lau. Gero, baina, behin ere ez dute lortu ateari giltzarrapoa jartzea. Datuak itogarriak dira: hamalau gol sartu dizkiete azken sei jardunaldietan, eta bederatzi azken hiruretan; lau gol egin zizkien Bartzelonak, bi Betisek, eta hiru Valladolidek.

Arazo poliedrikoa da. Ertz ugari ditu, eta batzuk ez dagozkio soilik atzeko lerroari. Adibidez, taldea ez dabil ohi bezain eraginkor presioan. Jagoba Arrasateren estiloaren gakoetako bat da aurkariak goian estutzea, baina horretarako txinparta izan behar da zangoetan, eta gorritxoak nekatuta daude. Ondorioz, aurkariek errazago apurtzen dizkiete lerroak. Eta areara iristen zaizkienean, nafarrek akats handiak egiten dituzte. Hor daude, adibide gisa, Sevilla, Atletico Madril eta Valladoliden kontra baldarkeriaz egindako penaltiak, edo zaintza lanetan Huesca edo Valladoliden beraren aurka izandako hutsak. Betisek, berriz, kolpe zitalak eman zizkien kontraerasoetan.

Aridaneren hutsuneak ez zion onik egin taldeari. Oso bikote sendoa ari zen osatzen David Garciarekin, baina min hartu zuen Athleticen kontra, eta hurrengo lau partidak galdu zituen. Unai Garcia ondo aritu zen ordezko gisa, baina pitzadurak sortu ziren defentsako egituran. Itzuli da Aridane; ez lesioaren aurretik zuen mailan, ordea. Taldeak kanariarraren bertsiorik onena behar du, Brasanacekin gertatzen den bezala. Serbiarrak atzean utzi ditu arazo fisikoak, eta, pixkanaka, zelai-erdia irmotzen lagunduko du.

Itoginak kosta ahala kosta eten behar ditu Osasunak, aurkari gaiztoa izango baitu gaur: Unai Emeriren Vila-real. Izkin egin dio garaipenak azken lau jardunaldietan, baina, aldi berean, neurketa bakarra galdu du orain arte: Camp Noun izan zen, Bartzelonaren aurka (4-0). Azkenaldian bolbora busti zaie Gerard Moreno eta Paco Alcacerri, baina erraztasunak emanez gero, triskantza eragin diezaiekete nafarrei.

Kopan, Olot edo Poblense

Asteartean, Osasuna kapaza izan zen atea hutsean uzteko, Tomaresen kontra, Espainiako Kopako lehen kanporaketan. Ondorio handirik ezin daiteke atera hortik, ordea, lau koska beheragoko talde bat izan baitzuen aurrean. Bada, bigarren kanporaketan, Bigarren B Mailako Poblense edo Oloten kontra jokatuko dute nafarrek. Atzeratu egin da haien arteko lehia, koronabirus kasu batengatik.

Aurrera egin duten beste bost euskal taldeek ere atzo jakin zuten noren aurka ariko diren. Mutilverak eta Portugaletek Lehen Mailako aurkariak izango dituzte: Betis eta Levante, hurrenez hurren. Amorebietak, berriz, Sporting hartuko du, eta Alavesek beste talde historiko bati egingo dio bisita: Deportivori. Eibar, berriz, Las Rozasen zelaian ariko da. Partidak urtarrilaren 5etik 7ra bitarte jokatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.