Itsasotik kanpoko gidaria

Julen Lasa da Alan Cleland munduko surf txapeldun berriaren entrenatzailea. Bi urte daramatzate elkarrekin lanean. Surflari «osoa» dela nabarmendu du.

Julen Lasa Alan Clelandekin, Munduko Txapelketa irabazi berritan. JULEN LASA.
ainara arratibel gascon
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Egun gutxi dira Julen Lasa surf entrenatzailea El Salvadortik itzuli dela. Lasak gorenera eraman du Alan Cleland: mexikarrak Munduko Txapelketa irabazi du. «Oraindik sinetsi ezinda gaude». Garaipena barneratzeko ez ezik, surfetik deskonektatzeko ere baliatzen ari da egun hauek. «Ordu asko ematen ditut itsaso inguruan, eta hari begira. Hori dela eta, egun hauetan mendira joaten naiz surfaz ahazteko». Atseden egun batzuk pasatuta, berriro bete-betean hasiko da lanean; Olinpiar Jokoen aurreko urtea da, eta hark entrenatzen dituen surflarietako batzuek aukerak dituzte Parisen egoteko.

Lasa orain dela bi urte hasi zen Clelandekin lanean. «Orain dela sei-zazpi urte ezagutu nuen. Nire semearen [Keoni Lasa surflaria] taldean zegoen, eta hasieratik ikusi nuen talentu handia zuela. Orain bi urte, nik entrenatzen dudan surflari multzoarekin hasi zen lanean». Lasak argi du zein den haren ezaugarri nagusia. «Surflari osoa da. Olatu mota guztiekin moldatzen da ondo: txikiak, luzeak eta ertainak, eskuin zein ezker. Gainera, aereoa dauka».

Bi urte hauetan lan handia egin dute. «Batez ere, txapelketek eragindako urduritasunagatik akatsgutxiago egiteko lan egin dugu, eta estrategiak ondo kudeatzen eta erabiltzen jakiteko. Izugarri pozik gaude»

Beste gakoa El Salvadorko itsas eremua «oso ondo» ezagutzea izan da. «Lan handia egin genuen aurretik El Salvadorren. Azken bi urteetan sei aldiz egon gara han. Sakon aztertu genituen mareak, olatuak, haizea... Ordu asko egin genituen han». Final-laurdenetan, ikusi zuten Clelandek irabazteko aukera zuela. «Horra iritsita, gakoa izan zen psikologikoki eustea, eta akats larririk ez egitea».

Munduko Txapelketa irabazi arren, oraindik ere ez du ziurtatua Pariseko Olinpiar Jokoetan aritzea. Azaroan lortu beharko du tokia, Panamerikar Jokoetan, Txilen. Atseden egun batzuk igarota, horri begira jarriko dira. «Teknikoki, batez ere olatu ertainetan du zer hobetua, aurpegiz hartzen dituenean batez ere. Horrekin batera, garaipen honek ekar diezaiokeen presioa kudeatzen ere asmatu behar dugu. Azken batean, txapelduna da, eta arreta handia egongo da harengan jarrita». Ez da ausartu iragartzera zer gertatuko den Parisera iritsiz gero, baina zera aurreratu du: «Tahiti motako olatuan aritu beharko dute surflariek, eta olatu hori oso egokia da Alanentzat».

Pantaila eta itsasoa

Baina zer ekarri dio Clelanden garaipenak Lasari, entrenatzaile gisa? «Indarra ematen dit lanean jarraitzeko». Lan horren zatirik handiena aurretik egiten dute: «Txapelketa egunetan, gomendio batzuk eman, lasaitu eta beste askorik ezin dugu egin». Aurretik, berriz, lan nagusia txapelketen simulazioak egitean datza. «Lehiaketak izaten diren lekuetara joaten gara horretarako surflariekin». Lasaz gain, beste prestatzaile bat eta epaile bat egoten dira lantaldean. «Horiek egiteko, urtean 80 bat egun elkartzen gara». Normalean, goizean lanketa teknikoa egiten dute, eta arratsaldean, simulazioa. «Hor aurrez aurre ikusten dugu haien jarduna itsasoan, eta aipatutako lan tekniko hori egiten dugu».Egonaldietatik kanpo, surflari bakoitzak bakarka egiten du lan. «Astero bideoak bidaltzen dizkigute. Guk, horiek aztertu, eta jarraibideak ematen dizkiegu».

Hala, itsasora begira ez ezik, Lasak pantailara begira ere ematen ditu ordu asko. «Nire surflarienak ez ezik, aurkarien bideo asko ere ikusten ditut. Ia txapelketa gehienak jarraitzen ditut. Asko gustatzen zait, eta lasaitasuna ere ematen dit. Izan ere, aurkariak nondik nora joango diren jakiteko balio dit, baita itsas eremuak hobeto ezagutzeko ere».

Lanketa tekniko hori ez ezik, egungo surflariek bestelako alorrak ere kontuan hartzen dituzte: prestakuntza fisikoa, elikadura, buruko osasuna... «Lanketa fisikoa funtsezkoa da. Kontu handia izan behar da, batez ere indarrari dagokionez. Olatu handietan ez da horrenbeste nabaritzen.Baina txikietan, pisuz pasatuta bazaude kalte egiten dizu. Izan ere, mugimenduak makalagoak dira. Horrenbestez, gimnasioko lana ondo zaindu behar da. Nekeak eta kargak ere asko neurtzen ditugu».Lanketa psikologikoa bakoitzak bere kabuz egiten du. «Multzoan badugu psikologo bat, baina kontuan izan surflari bakoitza leku batekoa dela, eta asko bidaiatzen dutela. Bakoitzak bere psikologoa izaten du».

Keoni semea izan ezik, Lasarekin lan egiten duten beste surflariak atzerritarrak dira. «Lehen, hemengo surflariekin egiten nuen lan, baina ordu asko ziren: entrenamenduak, egonaldiak, txapelketak... Orain, diferentea da. Egonaldietatik kanpo, esan bezala, bidaltzen dizkidaten bideoen bidez ikusten dut haien jarduna, eta lasaiago nabil».

Keoni semaren jardunari ere egin dio azpimarra. «Bigarren Munduko Txapelketa izan du, eta lan oso ona egin du; 35. sailkatu da. 17 urte ditu, eta nahi duguna da disfrutatzea eta presiorik gabe bere bidea egitea. Emaitza onak eta txarrak erlatibizatzen jakin behar du, oreka bat bilatu, eta bere adinekoen gauzak egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.