Tamalgarria. Lagun Arok Donostian eta Baskoniak Alacanten eman zuten itxura. Biek galdu zuten hogei puntugatik, eta biak daude emaitza eta joko krisi larrian. Seigarren partida galdu du jarraian Lagun Arok, eta, zoritxarrez, betiko ahaztu beharko du zortzi onenen artean sartzeko erronka, eta mailari eusteko borrokan murgildu beharko du. Baskoniak ere min egiten duen muturreko bat jaso zuen, zabarkeriaren ondorio zuzena. Jokalari batzuk ez daude, baina Dusko Ivanovic bera ere ezin erru gabe utzi, ezin baita esan errua berea dela gogorik ez zuten jokalariak kantxaratzeagatik baina era berean kantxaratzeko erabakia hartu. Bilbon, joko itsusiaz galdetu zioten Fotis Katsikarisi, eta gozoa jarri zen. Arrazoi zuen. Kopan sartu eta jarraian lau partida irabazi dituen entrenatzaileari jokoa itsusia izan dela galdetzea ere...
Hogei. Emaitza argi batek asko erakusten du. Talde batek besteari hogei puntuz irabazten dionean, zalantzarako tartea txikia da. Horren arrazoiak aztertzean, ordea, asko izan litezke jatorriak. Bi taldeen arteko aldea ikaragarria dela, jokalari onen batek sekulako erakustaldia egin eta zapuztu egin duela beste taldearen ahalegin oro... Donostian beste bat izan zen arrazoia. Batzuen zabarkeria eta besteek opari hori onartzeko erakutsi zuten prestutasuna. Gaizki Lagun Aro. Gaizki jokalari guztiak, Baskonia eta Bartzelonaren aurka erakutsitako jarrera oldarkorretik urrun. Gaizki, jarrera epelarekin aritu zirelako eta bakoitza bere kasa erasoan. Gaizki aulkian zeudenak, ezina irudikatzen zuen aurpegiarekin. Gaizki, aurkariak behin eta berriz hausten zuelako gurina bezain biguna zen defentsa. Gaizki, taldeak etsi egin zuelako. Gaizki, seigarren porrota delako jarraian. Gaizki, taldeak arriskua gertu duelako lehen aldiz sasoi osoan. Gaizki, taldean zerbait pasatzen delako eta jakin nahi dugulako. Hala ez bada, ezin delako ulertu zergatik ez diren betetzen entrenatzaileak ematen dituen aginduak edo zergatik ez diren egiten aste osoan landutako jokaldiak. Gaizki. Oso gaizki.
Beste hogei. Sekretu asko gordetzen dituen beste talde bat Baskonia da. Batean ondo, hurrengoan eskas, eta ia badira lau hilabete horrela dabilela. ACB ligan jokatutako azken bederatzi partidetatik sei galdu ditu Gasteizko taldeak, eta, dagoeneko, laugarren postura jaitsi da. Titulua lortzeko kanporaketak garaipen bakarrera ditu, baina inor ez da ausartu ere egiten kanporaketetako txartela arriskuan dagoenik esaten. Kontuz, halere. Alacantekoa muturreko larria izan zelako. Hango taldeak ondo jokatu arren ezin diolako inoiz hogei punturen aldeaz irabazi Baskonia talde ahaltsuari. Zer gertatzen da Stanko Baracekin? Tokiz kanpo dago erabat Esteban Batista iritsi zenetik. Zer Mirza Teletovicekin? Jarrera axolagabea du, nahi duena egiten duenaren gisakoa. Ivanovicek agintea galdu duela diote zurrumurruek, eta hori kaosaren aurreko egoera da. Josean Kerejeta goia jota dabil, eta inoiz ez du beldurrik izan erabaki drastikoak hartzeko. Izango al du orain? Esnatzeko exijitu behar zaie jokalariei, eta benetan esnatzeko.
Urtebetetze garratza. Urtebete egin zuen karguan atzo Katsikarisek. 45 partida jokatu ditu Bizkaia Bilbo Basketek haren aginduetara, eta 28 irabazi ditu. %60 baino gehiago. Taldea nola hartu zuen ikusita, ez da gutxi. Sasoi honetan Kopan sartu da eta, ezeren okerrik ez dela, liga erregularra zortzi onenen artean bukatzeko moduan da Bilboko taldea. Laugarren garaipena lortu zuen Manresaren aurka, batere estutasunik gabe, eta hamaikagarrenez goraipatu beharreko defentsa ona eginez. Dena zen poztasuna, prentsa aretora iritsi arte. Norbaiti partida itsusia izan ote zen galdetzea otu zitzaion. Haserretu egin zen greziarra: «Zuei itsusia iruditu bazaizue, itsusia izango da, baina ez dakit ze demontre nahi duzuen edo zeri ematen diozuen garrantzia. Nik ere perfekzioa dut eredu, itzuli bateko partida guztiak irabazten dituen taldea, baina ez dago gure esku bakarrik». Erantzun horrekin bukatu zen prentsaurrekoa.
Zonakako defentsa
Itsusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu