Aspeko pilotaria

Joseba Aldabe: «Esperantza galdua nuen; lana aldatu eta pilota uztekotan nintzen»

Igantziko atzelariak bihar jokatuko du lehen aldiz profesionaletan, Donostian. Ezohiko adina du: 27 urte. Haren ustez, debutak «itxaropena» eman diezaieke adinagatik etsitzear diren pilotari afizionatuei.

JOSEBA ALDABE.
IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 7a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Lanetik irten da Joseba Aldabe (Igantzi, Nafarroa, 1996). Elektrizitateko mantenu lanak egiten ditu Iruñeko enpresa batean. Pilotari profesionala bilakatu arren, ez du lana utziko. «Biak batera egin ditzakedala esan didate. Egun gutxiagotan egingo dut lan. Gurasoek lasai egoteko esan didate».

Bihar jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz zaude?

Ongi, eta eguna iristeko gogoz. Oraingoz, lasai nago. Baina egun berezia izango da, eta ez dakit nola egongo naizen.

Izan duzu denbora barneratzeko?

Ez. Oraindik ez dut guztiz barneratu. Ezuste handia izan da.

Ez zenuen espero?

Ez. Zurrumurrua bazegoen, baina, kontuan hartuta zer adin dudan eta ikusita azkenaldian enpresek pilotari gazteak fitxatzeko joera dutela, ez nuen esperantzarik.

Zure adina aipatu duzu: 27 urte dituzu. Ezohiko adina da debutatzeko.

Bai. Horregatik, esperantza galdua nuen. Horrenbeste, ezen debutatzeko eskaintza jaso baino hiru egun lehenago erabakia bainuen lana uztea, enpresa multinazional batera joatea, eta pilota uztea.

Zure kasua eredu izan daiteke adinagatik esperantza galdua duten pilotari afizionatuentzat?

Profesionalekin aritu edo ez, esperantza ez da inoiz galdu behar. Nire helburua ez zen profesionaletan debutatzea, afizionatuetan ahalik eta txapelketa gehien irabaztea baizik. Pilotan jokatzea izugarri gustatzen zaidalako entrenatzen nintzen. Ez nengoen itsututa debutarekin. Nire debutak itxaropena eman diezaieke adina dela-eta etsitzear direnei.

Noiz eta nola jakin zenuen?

Lanean ari nintzela, Inaxiok [Errandoneak, Aspeko zuzendari komertzialak] mezu bat bidali zidan sakelakora, erranez nirekin hitz egin nahi zuela.

«Pentsatu egin nuen, eta konturatu nintzen baietz, pilota uzten banuen zerbait faltako zitzaidala»

Zer pentsatu zenuen?

Egunak zeramatzan bolo-bolo debuta egingo nuela, baina nik ez nekien ezer. Jendeak behin eta berriro galdetzen zidan ea norbaitek deitu zidan debutarena esateko. Nik guztiei erantzuten nien gauza bera: ea nork deitu behar zidan. Inaxioren mezua jaso nuenean, pentsatu nuen horretarako izango zela.

Zer esan zizun?

Lehenbizi, galdetu zidan ea prest nengoen debutatzeko. Baietz erran nion. Orduan esan zizkidan nondik norakoak; besteak beste, noiz jokatuko nuen lehen aldiz.

Zer pentsatu zenuen?

Ea zer egingo nuen lanarekin. Multinazional batera joateko asmoa nuen, eta, asko bidaiatu beharko nuenez, zaila izango zen pilotarekin uztartzea. Fardel bat zen. Zorionez, moldatu ahal izan nuen.

Nori deitu zenion lehenbizi?

Amari, eta esan zidan ongi pentsatzeko; ez erabakitzeko korrika eta presaka. Esan zidan nahi banuen etxekoen artean erabakiko genuela.

Nork erabaki zuen?

Nik, eta erabakia hartzeko oso baliagarria izan zitzaidan arrebak esan zidan gauza bat. Esan zidan pentsatzeko ea pilota uzten banuen triste sentituko ote nintzen eta zerbaiten falta sumatuko ote nuen. Baita nik bakarrik pentsatzeko ere, eta ez erreparatzeko besteek esaten zutenari. Pentsatu egin nuen, eta konturatu nintzen baietz, pilota uzten banuen zerbait faltako zitzaidala.

Zer esan zenuen lanean?

Nagusiarengana joan nintzen, eta hauxe esan nion: «Gogoratzen zara duela hiru egun esan nizula ez nuela esperantzarik pilotarekin? Bada, oraintxe deitu didate». Lasai egoteko esan zidan, eta lagunduko zidala pilota eta lana batera egiten.

Bi urterako sinatu duzu. Zer esan dizute?

Gozatzeko, eta saiatzeko ahal dudan ondoena aritzen. Ziur daude ondo moldatuko naizela.

«Afizionatuen mailan egin ditudan urteetan ikasi dut zein garrantzitsua den huts gutxi egitea»

Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoaren arabera, «oso pilotaria zara, eta oso gogorra».

Hala da. Sasoiz eta jokoz ondo nagoenean, ondo atzeratzen dut pilota, baina ez naiz jotzailea. Ez naiz ezta garaia ere. Beste indargune batzuk ditut.

Enpresak hari galdetu zion ea ondo molda zintezkeen, eta hark baietz esan zuen.

Oraindik ez dut neure burua profesionalekin neurtu. Entrenamendu gutxi egin ditut haiekin. Zabaletarekin egin nuen lehena; beraz, imajina dezakezu nolakoa izan zen. Espero dut beste pilotariek ez jotzea pilota hark bezainbeste. Baina uste dut ondo molda naitekeela.

Zertan moldatzen zara ondoen?

Urte asko daramat pilotan jokatzen, eta, horri esker, badakit zer egin une oro: pilota moztu, aurkariaren ezkerra bilatu...

Huts gutxi egiten dituzu. 

Azken urteetan ikasi dut hori. Afizionatuetan, partida guztiak dira gogorrak: aurkariek 25 eta 30 urte artean dituzte, eta ia ez dute hutsik egiten. Maila horretan egin ditudan urteetan ikasi dut zein garrantzitsua den huts gutxi egitea.

Familia pilotazalea duzu?

Aitak kontatu izan dit gaztetan asko gustatzen zitzaiola pilotan jokatzea, baina, baserrian bizi zenez, hango lanak egin behar zituela, eta jolastokian bakarrik joka zezakeela. Lehengusu bat badut pilotaria; ondo moldatzen da.

Zu nola hasi zinen pilotan?

Lagunekin batera, 8-9 urterekin. Lehenbizi, herriko klubean aritu nintzen; gero, Berara [Nafarroa] joan nintzen, Bortziriak klubera; kadeteetan, berriz, bikotekidea eta biok Malerrekara joan ginen, Donezteberekin [Nafarroa] herriartekoa jokatzeko; 18-19 urterekin, berriz, pilota utzi nuen urtebetez, ezin bainuen aldi berean ikasi, lan egin eta pilotan jokatu; itzuli nintzenetik, Iruñeko Oberena klubean aritu naiz, baita Garfe enpresan ere.

Pilotari kutunik izan al duzu?

Barriola. Gaztetan jotzailea zen, baina gerora, ez horrenbeste. Atzelaria zen. Harekin identifikatzen nintzen.

Sarrera asko eskatu dizkizute?

Uste nuen baino gehiago: 50 eta 100 artean.

Zer helburu duzu bihartik aurrerako?

Ahalik eta gehiena entrenatzea. Etxaniz eta Apezetxea [Aspeko intendentea] oso entrenatzaile onak dira, eta hobetzen lagunduko didate. 27 urte izan arren, oraindik hutsak egiten ditut. Badut zer hobetua eta zer zuzendua. Ahalik eta partida gehien jokatu nahiko nituzke, eta, noski, ez lesionatu. Gustura aritu nahi dut.

Debuta egin bezperan, norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu?

Anitzi. Adibidez, Iñaki Barbajerori. Oberenan hasi nintzenean, hura zen entrenatzailea; berak sartu zigun gaixotasun hau. Oso eskertuta nago etxekoekin: gurasoekin eta arrebarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.