Lan gatazkak kirolean

«Itxita. Greban gaude»

Egon dira eta izango dira. Ez dira gaur goizeko kontuak azkenaldian kirolean gertatu diren lan gatazkak. Urteetan iraundako grebaren ondoren amaitu dira asko. Beste batzuei, ordea, liga hasi baino lehen aurkitu diete konponbidea.

Andoni Urbistondo-Eider Aranberri
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Aire kontrolatzaileen edo Bilboko Metroko langileen antzera, kirol munduan ere lan gatazka ugari izan da azkenaldian. Beharbada, futbolean eta saskibaloian izan diren liskarrek eragin dute aspaldiko zalapartarik handiena komunikabideetan, baina ez dira kirolaren historian bakarrak izan. Urteetan atzera eginda, halako makina bat kasu izan dela gogorarazten dute historia liburuek. Diru kontuak izaten dira gehienetan tirabira horien sorburu. Eta gaur egungo egoera ekonomikoak ere ez du askorik laguntzen.

Gauza jakina da, ordea, bestelako arrazoiek eragindako lan gatazkak ere badirela; ikuskizunaren benetako protagonisten eskubideak mugaraino eramaten dituzte sarri taldeetako buruek, eta horrek kirolari askoren haserrea sortu du. Horren erakusgarri, azken urteetan kirolarien artean sortu diren hainbat eta hainbat sindikatu.

Futbola, saskibaloia, izotz hockeya, beisbola, zesta-punta, tenisa, 1 Formula... Diru asko mugitzen da kirol horietan, eta zirku horretako kideek egun bakar batean irabaz dezakaten dirutza milioi askokoa izan daiteke. Interes asko, eta akordio bat lortzeko nahi gutxi. Zergatik iritsi dira egoera horretara? Nola konpondu dituzte gatazka horiek? Zenbateko dirutza mugiarazten da kirol profesionaletan? Orain artean izandako lan gatazken ondoren, ba al dago etorkizunean besterik izateko aukerarik? Jarrai dezala ikuskizunak.



Diruzalekeria edo eskubideak?

Izango dira jabeen aldeko joera dutenak. Eta, noski, jokalarien alde egingo dutenak. Baina nork du arrazoi? Nork eta zergatik erabaki behar du jokalarien soldatak aurrekontu orokorreko zer portzentaje izan behar duen? Dirua jartzen dutenek? Edo ikuskizuna sortzen dutenek? Alegia, ugazabek, edo jokalariek? Zer sortu zen lehenago? Oiloa, edo arrautza? Galdera asko, erantzun asko. Hiru hilabetez iraun duen lan gatazka sasoi osora hedatzeko arriskua zegoenean egin zuten akordioa. Bi aldeak diru zakua galtzen ari zirela jabetu zirelako eta aukeran hobe zelako batzuek berriro soldatak kobratzea eta jabeek galerak etetea.

11 urte pasatu dira azken greba gertatu zenetik, eta egoerak ziklikoak direla esan liteke. Alegia, egoera ekonomikoaren ondorio zuzena. Bestela esanda, sosak gutxitzen direnean, poltsikoak diruz emankor ez daudenean, gerrikoari beste zulo bat egiteko joera dagoela. Alegia, aurrezteko joera. NBAn diru kopuru ikaragarriak mugitzen dira. Lock-out-a indarrean egon zenean, egun bakoitzeko 200 milioi dolar, 150 milioi euro inguru eramaten zituen haizeak. Egun bakarrerako dirutza aho bete hortz geratzeko modukoa da. Bada, hasi egunak kontatzen eta galdutako milioiak zenbatzen.

Zenbaki itzelak. Sinesgarriagoak izan daitezen, ondoko azalpena. NBAko partida bat ikustera joaten den edozein zalek 100 dolar inguruko gastua egiten duela, egin dezakeela aurreikusten dute marketin arduradunek. Batez bestekoa da hori. Sarrera merkeena 30-40 dolar; saltxitxa ogitarteko edo hot-dog-a, freskagarria eta patata frijituekin beste 15-20 dolar; eta produktuen salmentarekin beste 20-30 dolar (elastikoak, lepokoak, txapak, kapelak, puzgarriak, kromoak, posterrak, jakak…). 30 talde daude NBAn, eta astean hiruzpalau partida jokatzen dituzte. Horietako bi etxean: pabiloi guztiek gainditzen dute 20.000 eserlekuko langa, eta asko lepo betetzen dira partida guztietan. NBAko talde bateko bazkide txartel merkeenak 1.000-1.500 dolar balio du, batez beste. Atera kontuak.

NBA pertsiana jaistear egon den honetan, diru sarreren banaketari leporatu diote gehienek iskanbilaren jatorria. Jokalariek sarrera horien %57 bereganatzen zuten azken urteetan, eta ugazabek %43. Erdi eta erdi eskatzen zuten jabeek, hitzarmen berria onartzeko, eta ezezko biribila eman jokalariek. Eskaera hori onartu zuten arte. Kontua da zergatik eman zioten baiezkoa ugazabek aurreko lan hitzarmenean %57 horri? Poltsikoratzen zuten %43 dirutza ikaragarria zelako. %57 handi hori txiki egiten zuen dirutza. Dirutza horrekin onartu zituzten erotzeko moduko kontratu mamitsuak. LeBron Jamesek eta Kobe Bryantek urteko 20 milioi dolar kobratzea normala delako, baina haien hamarrena ere ez diren jokalari askok zenbatu ezin duten dirutza jaso dute, ugazabek horrela baimenduta.

Mozkinek behera egin dutenean, ordea, jabeek bale esan dute. Ez galerak dituztelako. Lehen 100 irabazten zuten tokian orain 50 irabazten dutelako, eta berriro 100 irabazi nahi dutela erabaki dutelako. Nola? Soldatetara bideratutako dirutza %50ra jaitsiz. Zazpi puntu dira. Ez dirudi asko, baina talde bakoitzak 70 milioi dolarreko aurrekontu ofiziala dauka jokalarien soldatak ordaintzeko. Gehitu horri langileak, bidaiak, ostatuak eta beste milaka gastu. Dirutza itzela.

Egun batean, ugazabak eta sindikatuak isilpeko hamaikagarren bilera egiten ari zirela, norbaitek ondokoa esan omen zuen: «Zertan ari gara milioi apur batzuetako zuhurkerian, egunero 200 milioi galtzen ari bagara?». Hitzarmena adostu zuten hitzez ondoren. Diruzalekeria edo lan eskubideak? Batek bestea dakar. Norabidea norberak erabaki dezala.



Apalenak beti galtzen

Badirudi beste mundu batean bizi direla. Beste orbita batean. Milioiak eta milioiak mugiarazten dituzte, egungo errealitatearen zati izango ez balira bezala. Izen handiko izarrak dira, izen handiko taldeak. Bada, ordea, futbola errealitatearen parte dela gogorarazten duen zerbait. Dena ez baita dirua. Maila apalagoa duten taldeak ere futbolaren zati dira, diru gutxiago izanagatik. Eta talde horien zorren ondorioz, lan gatazka luze baten arriskuan egon da Espainiako Liga.

Izan ere, azken sasoietan hainbeste aldiz liga bertan behera uzteko egindako mehatxuak bete egin zituen Espainiako Futbolarien Elkarteak —sindikatuak—, iragan abuztuan. Lehen Mailako zein Bigarren Mailako talderik apalenek euren jokalariei joan den sasoiko soldatak ordaindu ez zizkiela eta, liga hasierako lehen bi partidak jokatu gabe uzteko erabakia hartu zuten aho batez. Soldatak ordaintzeaz gain, kontratuak betetzea eta taldeen artean berdintasun handiagoa izatea eskatu zuten talde bateko eta besteko futbolariek.

Hitzarmen kolektibo bat lortzeko asmoz, iragan abuztuaren 19an bildu ziren lehen aldiz Espainiako Futbolarien Elkarteko kideak eta Espainiako Liga Profesionaleko zuzendaritza. Hasierako desadostasunen ondoren, elkarrekin egin zuten zazpigarren bileran heldu ziren akordio batera. Taldeek 200 jokalariri zor zizkieten 42 milioi euro ordaintzea erabaki zuten. Ordurako, baina, lehen jardunaldiko partidak bertan behera utzi zituzten. Munduko ligarik onenetariko baten irudia zikinduta geratu zen, eta jokalarien prestakuntza fisikoa aztoratuta. Dena den, datorren urtarrilaren 22ko asteburuan jokatuko dira lehen jardunaldiari zegozkion partidak, telebistaren diru galera izugarriak saiheste aldera.



Zesta-puntan, beisbolean, futbol amerikarrean...

Zesta-puntak inoizko garairik onena izan zuen 1980ko hamarkadaren erdi aldera. Euskal puntistarik onenak AEBetara emigratu zuten, eta hango frontoietan aurkitu zuten lana. 600-700 euskal puntista inguru izango ziren. Tartean zen bost aldiz munduko txapeldun izan zen Bolibarko Txikito. Hilabete bakar batean irabaz zezaketen dirutza pentsaezina da egun; Bolibarrek, esaterako, ia 10.000 euro irabaz zitzakeen denbora tarte horretan.

Frontoietako jabeak berehala ohartu ziren horren guztiaren atzean zegoen negozioaz. Amerikarrei, gainera, halako estatus bat ematen omen zien zesta-puntako partidak ikustera joateak, eta, horren eraginez, frontoietako harmailak goraino beteta egoten ziren partidetan. 1988. urtean, baina, grebara joateko erabakia hartu zuten pilotariek; aseguruak eta irabazien zati handiago bat eurentzat izatea eskatu zuten. Datu bat ematearren, Miamiko pilotalekuak urtean hamar milioi dolarren baino gehiagoren irabaziak izan zitzakeen.

Gatazkak hiru urte iraun zuen, eta ehunka puntistek bere lana galdu zuten. Bitarte horretan, maila apalagoko puntistak aritu ziren pilotalekuan, baina zaleek ez zuten berdin erantzun. Puntista profesional askok Mexikon jarraitu zuten jokatzen; azken horien jarrerak haserrea eragin zuen grebari eutsi ziotenen artean. Akordio bat lortu zutenerako, 1990. urtean, zesta-puntaren egoera erabat itzalita zegoen. Eta ordurako izandako galerak ere handiegiak ziren denboran atzera egiteko.

Ez da zesta-puntakoa izan, baina, AEBetan egon den greba bakarra. Beisbolean, izotz hockeyan eta futbol amerikarrean ere hainbat lan gatazkaren lekuko izan ziren. 1994 eta 1995 urte bitarteetan, hain justu, eta beisboleko denboraldia hasia zela, bertan behera geratu zen orduko sasoia, jokalarien eta taldeko jabeen arteko akordio baten faltan; taldeko jabeek jokalarien soldatei mugak ezarri nahi zizkien, eta jokalariak ez zeuden hori onartzeko prest. Urtebete luze iraun zuen grebak. Zaleengan eragin benetan txarra izan zuen, eta, ondorioz, askok estadioetara joateari utzi zioten. Telebista bidezko ikus-entzule kopurua ere nabarmen jaitsi zen.

Denboraldi hura historiako onena izatea espero zen, orduko jokalariek marka guztiak gaindituko zituztela uste baitzen. Akordio bat egin zutenerako, ordea, sasoi guztia pikutara bidali zuten batzuek zein besteek. 900 partida baino gehiago geratu ziren jokatu gabe.

Hamar urte geroago, izotz hockeyak izan zuen beisbolak izan zuen egoera bera. Denboraldi osoa bertan behera geratu zen; urtebete iraun zuen grebak. Jokalaririk garrantzitsuenak gainontzeko herrialdeetako ligetara joan ziren, denboraldia alferrik ez galtzeko. Talde eta estadioetako jabeek izandako galerak askoz ere handiagoak izan ziren, jokalarienak baino.

Dirua izan zen berriz ere iragan martxoan futbol amerikarrean greba leherrarazi zuen arrazoi nagusia. Futbol amerikarreko jokalarien elkarteak auzitara eraman zituen taldeetako jabeak, lortutako irabazien banaketa desorekatua zela eta; lehen mailako ligaren irabaziak ia 7.000 milioi eurorenak dira urtean, eta diru horretatik erdia baino gehiago, %53, taldeko jabeen artean banatzen da. Horrez gain, soldata orekatuak eta erretirorako onurak ere eskatu zituzten jokalariek. Elkarrizketak lau hilabetean izan ziren; uztailean lortu zuten akordioa bi aldeek, eta, hala, 2011-2012ko sasoia bertan behera uztea eragotzi zuten.



1 Formulan eta tenisean greba egiteko arriskua dago

Diru asko mugitzen duten kirolak dira tenisa eta 1 Formula. Bi kasu horietan, baina, bestelako baldintzek bultzatuta sor daitezke etorkizuneko lan gatazkak. 1 Formulan, esaterako, segurtasun neurri handiagoak eta autoetako bolantean daramatzaten botoi kopurua gutxitzea eskatzen dute pilotuek. Horrelakorik gertatu ezean, greba egiteko arriskua handia izan daiteke. FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioak hitzeman du arazoa konpontzen saiatuko dela.

Tenisean, bestalde, egun duten egutegi gogorrak piztu du sua, tenislarien eta ITF Nazioarteko Tenis Federazioaren artean. Torneo gutxiago eta jaiegun gehiago nahi dituzte. Baina benetan prest egongo al lirateke jaiegun gehiagoren truke diru gutxiago irabazteko? Duela bi urtetik dator arazoa, baina 2011ko AEBetako Irekian gertatutakoak are gehiago urrundu zituen bi aldeak; eguraldi txarrak eraginda, partida asko atzeratu zituzten. Erabaki horrek tenislari askoren haserrea sortu zuen, egun gutxiren bueltan atzeratutako partidak jokatu behar izan zituztelako. Emakumeen zirkuituan ere bada beste eskaerarik. Urteak daramatzate torneoetako sariak berdinak izan daitezen aldarrikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.