Hasieratik ariko da San Mamesen, eta kanporaketa gainditzea amesten du Josetxo Romero erdiko atzelari iruindarrak (Iruñea, 1977).
Zer moduz zaude?
Ni? [harritu egin da lehen galderarekin], ni ondo nago, hilabete gaixo egon ostean taldekideekin entrenatzen hasteko irrikaz egon nintzen, eta une honetan partida gehiago jokatzen hastea amesten dut. Pixkanaka-pixkanaka ari naiz aukerak izaten, eta aukera horiek baliatzea da nire asmoa.
Birusa erabat ahaztuta daukazu jada orduan.
Hasieran ondoeza nabaritzen nuen, eta jokatzeko ganorarik ere ez nuen. Gerokoa zailagoa izan da, dena dela. Nik neure burua ondo ikusten nuen, baina barea hazita neukan, eta medikuek bakarka entrenatzera derrigortzen ninduten eta kolpeen beldurraren eraginez jokatzeko moduan ez nengoela esan zidaten. Zuntz haustura bat daukazunean edo bihurrituren bat egin duzunean badakizu jokatzerik ez daukazula, baina zuk zeure burua ondo ikusi arren jokatzea galarazita daukazula ikustea ez da samurra. Hori iragana da, dena dela, eta aurrera begiratu nahi dut, lan asko dugu oraindik sasoi amaitu bitartean.
Batzelonaren aurka galdu egin zenuten, baina itxura ona emanda. Tristura arintzen al du horrek batere?
Ez, ez, ez, kontsolamendu eskasa da hori gure egoeran, ez gaude inori puntuak oparitzeko moduan, aurkaria Bartzelona edo beste edozein talde izan arren. Gure egoeran puntuak batzea da irtenbide bakarra. Liga hasiz gerotik Bartzelona hain estu talde gutxik hartu dutela egia da, eta horrek konfiantza eman behar digu, baina eskuan izandako garaipenak ihes egin zigun azkenean eta ezin gara pozik egon.
Partidek 80 minutu iraungo balute, Osasunak bederatzi puntu gehiago izango lituzke momentu honetan. 22 punturekin, sailkapeneko hamahirugarren postuan egongo litzateke taldea. Horixe al da orain arte erakutsi duzuen jokoari dagokion postua?
Ez, ez dut uste. Nire ustez, merezi duten tokian daude talde guztiak. Ez da hiruzpalau partidatako kontua, ia lehen itzuli osoa jokatu dugu, eta merezi dugun tokian gaude. Dena dela, Getaferi 5-2 irabazi genionetik taldea oso ondo jokatzen ari da, eta argi dago ez gaudela zuloan hondoratuta. Zerbait gehiago egin beharra dago, ordea, puntuak behar baititugu.
Aldeko markagailuei eusten ikasteko entrenatzerik ez dagoela esan du entrenatzaileak, eta jokalariek ere ez duzue azken minutuetan jasotako gol ugarientzat arrazoirik. Arreta kontua soilik al da gertatzen ari zaizuena?
Azken minutuetan jokatzen jakitea da gakoa, eta orduan jokalariak soilik izaten gara zelaian. Gurea da ardura, partida jokatu aurretik entrenatzaileak ez daki lehia 80. minutuan nola egongo den. Eta, nire ustez, ez dago arrazoi bakar bat, arrazoi askoren ondorioa izan daiteke: arreta falta, indar gabezia eta abar. Gainera, sailkapenean dugun egoerak ere estutu egiten du futbolaria. Puntu premia ikaragarria dugu, eta nahi bezain lasai jokatzea zaila izaten da askotan.
Kopan ez da punturik jokoan, baina antzeko zerbait gertatu zitzaizuen Athleticen aurkako joaneko lehian. Nagusi izan zineten, baina...
Esan dizut, ez da bizpahiru partidatako kontua. Ondo esan duzu bederatzi puntuk ihes egin digutela azken minutuetan. Arazoa da hori, eta konpondu beharra dugu. Halere, Kopakoa zuzentzeko garaiz gaude oraindik, eta ea kanporaketa gainditzea lortzen dugun. Etxean bezala jokatzen badugu, lor dezakegu.
Gola sartzera derrigortuta zaudete. Horrek asko baldintzatuko al du partida?
Joanekoaren antzeko partida espero dut nik; borroka eta lehia handia izango da. Etxean edo etxetik at jokatzea ez da gauza bera, dena dela. Normalean etxekoak aukera gehiago izaten ditu beti, baina atzean sendo egonez gero, kanporaketa gainditzeko aukerak izango ditugu guk ere. Aukerak aprobetxatzea da gakoa.
Krutxaga eta zure artean Llorente geratzen ahalegindu beharko duzue. Eta Llorente da Athleticen gizonik arriskutsuena, ezta?
Joanekoan ondo eutsi genion Sergio eta bion artean, eta ia ez zigun batere arazorik sortu, baina, zoritxarrez, azken minutuan berak sartu zuen berdinketaren gola. Ez dakit, jokalari ona da Llorente, baina partida serioa jokatuz gero, kanporaketa gainditzeko aukerak izango ditugu, eta hori da garrantzitsuena.
Datu bat: joaneko lehian Athleticen hamaikakoan bost nafar zeuden eta Osasunarenean hiru besterik ez.
[Irribarrea atera zaio hori entzutean] Athleticek Osasunak baino diru gehiago duela denok dakigu, eta Athleticen merkatua beste taldeena baino murritzagoa denez, normala da Osasunan edo Realean nabarmentzen diren jokalariengan arreta jartzea. Etete klausulak ordaintzeko eta Osasunan baino kontratu hobeak eskaintzeko moduko botere ekonomikoa du Athleticek, eta horri bueltaka aritzeak ez du ezertarako balio. Denok nahiago dugu harrobiko jokalariz betetako taldea ikusi, baina harrobiarekin ere boladak izaten dira, eta etxekoekin ezin denean kanpokoekin osatu behar izaten da taldea.
Hainbeste atzerritarrekin Osasunak bere ohiko ezaugarriak galdu dituela diotenekin ez zatoz bat, orduan.
Gauza batengatik edo besteengatik nahi baino jokalari gehiago aldatu behar izan ditu Osasunak azken urteetan, eta hori da gakoa. Alderaketak egiterik ez dago denboraldi bateko eta besteko taldeen artean, azken finean jokalari guztiak ezberdinak baikara. Batzuk langileagoak eta borrokalariagoak izango dira, baina beste batzuk kalitatea handiagoa izango dute. Eta denen beharra izaten da.
Eta San Mamesetik Santiago Bernabeura. Kinielak hondatzeko prest?
Bai, noski. Iragan asteburuan Bartzelona estu hartzeaz gain, aurrekoan Sevillaren zelaian berdindu egin genuen, eta Sevilla bigarren sailkatua da. Inori ez diogu beldurrik, ondorioz. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko daukagu Bernabeun, eta partida ona jokatuz gero edozeini irabazteko gai garela argi daukat . Egungoa baino talde eskasagoarekin irabazita nago ni han. Kinielan 1 jarriko dute gehienek, baina ustekabea emateko prest goaz gu.
«Itxura ona emanda galtzea kontsolamendu eskasa da»
2008aren amaieran ia ez zuen batere jokatu, birus baten erruz, baina 2009aren hasieran jokatzeko aukera eman dio Camachok, eta erdikoak ez du alferrik galdu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu