Euskal Herriko Itzulia. Auto barrutik. Jose Luis Jaimerena

Itzalak berotu egiten du

Txirrindulari gisa sartu-irtena egin zuen Jose Luis Jaimerenak profesionaletan, 1983an, Reynolds taldearekin, baina auto barrura sartu, eta Banesto zenaren egituran zuzendari gisa dabil 1996tik.

Jose Luis Jaimerena, Movistar taldearen autoaren ondoan, Villatuertan, hirugarren etapa abiatu aurretik. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESSS.
unai zubeldia
Amurrio
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Begirada zintzoa dauka Jose Luis Jaimerenak. Auto barruan eraldatu egingo da ziurrenik, baina aurrez aurrekoan oso lasaia da. Gertukoa. Esperientzia nabari da haren hitzetan. Konfiantza ematen du. Afizionatuetan hezita, 1983an eman zuen profesionaletarako jauzia, Reynolds taldearekin, baina urtebeteko loraldia besterik ez zen izan hura. Lesioak zirela medio, bizikleta alboratu, eta Banesto taldearen harrobiko taldeetan hasi zen zuzendari lanetan. Denborak egin zuen gainerakoa. Haren izena dauka orain Movistar taldeko Volvo markako autoetako batek.

Zaleen begietara ezagun-ezaguna ere ez da Jaimerenaren izena eta aurpegia. «Eusebio Unzue da taldeko zuzendari nagusia, eta jendeak hura ezagutzen du. Normala ere bada». Unzue ondoan edukitzeak, gainera, «lasaitasuna» ematen dio Jaimerenari. Ez da erotzen anonimotasunarekin edo Unzueren itzalarekin. «Bakoitza den bezalakoa da, edo bakoitzak balio duenerako balio du». Unzueren itzal luzeak goxotasuna ematen dio nafarrari.

Zuzendarien arteko hierarkiak ahaztuta, Jaimerenaren hitzetan, azken batean, «txirrindulariak eurak» dira lasterketetako protagonistak. Sarritan zuzendariaren aginduak betetzen ez dituzten txirrindulari horiek. «Autotik erraza da aginduak ematea, zer egin behar duten esatea, baina batzuetan gertatzen da goizean edo bezperan taktika prestatu arren, txirrindulariek, ondoren, gauzatzeko indarrik ez edukitzea». Gogoan dauzka ezerezean geratu ziren haize-babes ahaleginak. «Eta ez ziren bat eta bi izan».

«Gidatu, mapari begiratu, txirrindulariekin hitz egin, irratia entzun, jan... Jendea harrituta geratzen da hain espazio txikian zenbat gauza egiten ditugun ikusita». Baina horixe da kirol zuzendari baten eguneroko errealitatea. «Batzuetan, lasterketa lasai doanean, ez da lan askorik egoten; baina, gero, bat-batean, izugarrizko tentsioa sortzen da». Euskal Herriko errepide estuetan, esaterako, ez dute aspertzeko aukera handirik edukitzen.

Psikologo lana askotan egin behar izan duela onartu du nafarrak. «Etaparen arabera, batzuetan animatu egin behar izaten dira txirrindulariak, baina beste batzuetan tokatzen da frenatzea ere». Txirrindularien pasioari autotik oreka jartzea dagokie kirol zuzendariei. Kanpotik begira, eta Jaimerenaren hitzak entzunda, erakargarria dirudi zuzendari lanak. «Baina gustatu egin behar zaizu. Azkenean, gainerako lanen modukoa da hau. Hitzak berak dio: lana da. Hori bai, zorionekoa naizela uste dut, gustatzen zaidana egiten dudalako».

Kontuak aterata, urtea batetik bestera pasatzen dute, eta, askoren ustez, pribilegio handia izango da hori. «Eta arrazoi dute hala pentsatzen dutenek; asko bidaiatzen dugu. Hotel asko ezagutzen ditugu, errepide asko, aireportu asko. Baina turismo gutxi egiten dugu». Euskal Herriko Itzulia da horren erakusgarri. Hoteletik lasterketara eta lasterketatik hotelera, horrela dabiltza denak. «Ez dago denborarik turismorako».

Ikusgarritasunaren izenean Frantziako Tourra aukeratu du Jaimerenak. «Italiako Giroa, berriz, italiar erara lehiatzen da, paisaiak ere izugarriak dira, eta zaleentzat ikusgarriagoa izaten da, agian». Baina Euskal Herriko Itzulia bera goi-goian jarri du. «Zaleengatik, batez ere». Autoan bertan nabaritzen omen dute zaleen berotasun hori. «Adibide modura, Kataluniako Voltan egon berri gara, eta han inon ez zegoen inor. Tristea da hori. Euskal Herriko Itzulian etapa hasieran, amaieran, errepide bazterrean... giro bikaina egoten da».

Teknologiaren aldekoa da

Zuzendari beteranoa da Jaimerena, txirrindularitzako sekretu gehienak badakizki. Eta nor bera baino hoberik txirrindularien irratitxoei buruz hitz egiteko. «Nik ezagutu nuen irratitxorik gabeko txirrindularitza, eta ez zen ezer gertatzen». Baina bizimodua bera aurrera doan neurri berean, txirrindularitzak ere aurrera egin beharra daukala uste du nafarrak. «Lasterketa amaitu, autotik jaitsi, eta sailkapenak eskura edukitzen ditugu jada. Irratitxoaren aurrerapena onartzen ez badugu, zer itzuli behar dugu sailkapen guztiak eskuz idazten zituzten garaira? Ez zait normala iruditzen».

Are gehiago, Jaimerenak ez du uste lasterketak lehen baino askoz kontrolatuago egotearen arrazoia irratitxoa denik. «Txirrindularitza bera aldatu egin da». Galdera batekin itxi du eztabaida. «Zer itzuli nahi dugu, Bahamontesen garaira? Batzuek lehen mendatean jada erasoa jotzen zuten garaira? Edozer gauza egiteko segurtasun handia ematen du jakiteak txirrindulariak ez duela autoraino jaitsi behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.