Iribar nagusi izan da atean 30 urte hauetan. Hamasei denboraldiz Athleticeko atea zaindu zuen, lehenago Carmelok egin zuen bezala. Baina, aldi berean, eta egindako lan onaren ondorio, etorkizuneko atezainen eztabaidari ateak ireki zizkion. Juan Antonio Zaldua izan zen Iribarrek aulkian utzi zuen azken atezaina, 1979-1980an. «Asko ikasi nuen berarekin. Zenbait partida ere jokatu nituen, baina jendeak berarekin alderatzen ninduen, eta konparaketak inoiz ez dira onak», dio Zalduak.Itzalak, mitoak hor daude, onean ikasteko eta txarrean jasateko. Iribarren atzetik hamahiru atezainek jantzi dute Athleticen elastikoa, baina Zubizarretak bakarrik eutsi dio eztabaidari. «Jendeak asko hitz egiten zuen. Bolo-bolo zebiltzan gure izenak, eta orain ere, oraindik hor dago eztabaida: Aranzubia edo Lafuente», dio Peio Agirreoak.
Ernesto Valverde lehen taldeko aulkira iritsi zenean, denboraldi-aurrean, asko ziren Athleticeko zaleek egiten zituzten galderak. Nagusia, atea nork gordeko zuen. Jupp Heynckesek Iñaki Lafuenteren alde egin zuen aurreko bietan, baina taldeak atzean utzitako zorrak barakaldoarrak ordaindu behar izan zituen.Dani Aranzubiak laugarren denboraldia du hau lehen taldean. Lafuenteren ordezkoa zen, baina pixkanaka erakutsitako segurtasunarekin, entrenatzaileen konfiantza bereganatu du, Heynckesena lehenik eta Valverderena gero. Orain arte pasatutako atezain guztien artean, badu Aranzubiak nabarmentzeko datu bat. Iribar ezkero, lehen atezaina izan bitartean partida gehien jokatu dituen atezain ordezkoa izan da. 2001-2002 denboraldian Espainiako Kopako finalerdietara iritsi zen Athleticekin. Txapelketa ona jokatu zuen, baina finalerdian gauzak ez zitzaizkion behar bezala atera. Guztira, hiru denboraldi horien hasieran atezain titularra izan ez zen arren, 49 partida jokatu zituen Aranzubiak. Kike Burgosek dioenez, atezain batek asko ikasten du denbora gutxian «Iker Casillas hasi zenean, Real Madril ez zegoen ondo, baina gero, urte batean asko ikasi zuen», eta Aranzubiari ikasteko asko geratuko zaion arren, bigarren atezain bezala egindakoak asko balioko dio orain.
Konparazioen suak erreta
Suak egurra bezala erre dituzte ateetako hiru makilek Athleticeko atezainak azken urteetan. «San Mamesen asko eskatzen dute, eta, gainera, Iribarren edo Zubizarretaren momentu onenekin konparatzen zaituzte. Ni edo nire ondoren egon diren beste atezain batzuek bagenuen hor jokatzeko maila, baina konparazioak ez dira gauza ona. Horrela gaitza da jokatzea», dio Agirreoak. Bera izan zen Iribarren ondorengo lehen atezaina, eta berak jasan izan zuen lehen aldiz San Mameseko langetako baten gainean jada eserita zegoen oroitzapenaren zama. Ondoren, beste asko erre ditu itzalak. «Hiru urtez Athleticeko atezain izan dena eta ehun partida baino gehiago jokatu dituena ezin da bat-batean ateazain txarra izan. Juanjori gertatu zitzaion, niri gertatu zitzaidan, Lafuenteri gertatu zaio, eta Aranzubiari ere gerta dakioke. Ezin da ahaztu atezain handiek ere momentu txarrak izan dituztela», azaltzen du Etxeberriak. Lafuentek dio bere oraingo egoera ez dela atsegina, baina aukera baten zain dagoela: «Gero niregan konfiantza edukitzen jarraitzen badute, gure harremanak jarraituko du. Bestela, ikusiko dugu».
Athleticek atezain gazteak zelairatzen ditu ohituraz, eta Agirreoak dioenez, 24, 25 edo 26 urterekin momentuan Europako atezain onena zenarekin alderatzea gogorra zen: «Psikologikoki oso ondo prestatuta egon beharra zegoen». Gainera, Zubizarretaren iritziz, erretiratutako jokalari batez gauza onak besterik ez dira gogoratzen.
Konparaketak lehen egiten ziren eta orain ere egiten dira. «Gauzak ondo ez doazenean, jendea Iribarrekin gogoratzen da, baina aldi berean gauza polita ere bada», dio Juanjo Valenciak. Andoni Zubizarretak ere jasan zuen: «Jose Anjelen ondoren jokatzea ez zen samurra izan. Athleticeko atezain izateak zer esan gura duen jakin behar da postu horretan arrakasta izateko. Horrek ez du samurtzen, baina presioa gainean zergatik duzun ulertzeko balio du, ez dela pertsonala, historikoa baizik».
Arrazoi du, ordea, Imanol Etxeberriak historia eskuan hartuta gauza gehiago ere exijitu daitezkeela: «Zarra ere mito handi bat izan zen, esate baterako, eta Athleticen ez da Pitxitxi bezalako beste norbait urte askotan atera. Atezainari exijitzea leku askotan gauzak gaizki doazenean atezainari begiratzeko dagoen ohiturari zor zaio».
Entrenatzailearekin dantzan
Athleticek azken urteetan atean izandako aldaketak ulertzeko, aulkira begiratu beharra dago. Gaur egun berdintasun gehiago dago atezainen artean, eta horrek konfiantza postu bihurtzen du langaren azpikoa. «Athleticen izandako une gogorrena titular postua galtzea izan zen. Emaitzek ez ziguten lagundu, eta horren ondorioz Stepanovicek ere kargua galdu zuen».
Athleticek izan duen azken atezain handia Zubizarreta izan da. Bere hasieran zenbait zalantza ere egon ziren, baina Javier Clemente entrenatzailearen apustuak eta bere erantzunak desagerrarazi zituzten. Andoni Cedrun izan zen kaltetua: «Ni Athleticen nengoen eta Iñaki Saezek nire aldeko apustua egin zuen. Gero, ordea, ez zuen jarraitu, eta Clementek Zubizarretaren alde egin zuen. Atezain gaztea zen, eta goraipatzeko modukoa da Clementeren jarrera», dio Cedrunek. Berriak galdetutako atezain guztiek diote ezinbestekoa dela entrenatzailearen konfiantza: «Horrek ematen dio heldutasuna atezainari. Baina gaur egun bost urtetan entrenatzaile asko pasa daitezke aulki berberatik», dio Etxeberriak.Aranzubiaren sendotasunak ateko eztabaida bere amaieran egon daitekeela pentsarazten du. 20 urtez azpiko Munduko Kopa irabazi zuen Iker Casillas Real Madrileko atezainarekin batera. Casillasek hasieran zalantzak ere sortu zituen, baina orain, Athleticek orain dela gutxi ikusi duen bezala, onenetako bat da. Historiara jo gabe, adibide hori du Aranzubiak. Etxeberriak aholkua ematen dio: «Niri ere horrela esan zidaten. Gaurko txaloak biharko exijentziak dira. Hori da atezainaren bizitza, eta hori datorrenean eutsi egin behar dio, eta zaleek atezainaren lana ikusten jakin behar dute».
-
Aranzubia, atezainen hitzetan
Iribar: «Aranzubia eta Lafuente urte luzeetarako atezain ikusten ditut. Aranzubiaren kalitateak lasaitasuna ematen du, urte askotarako lasaitasuna».
Zaldua: «Lasaitasuna ematen dit, segurua da. Besteei meriturik kendu gabe, atezain osoa iruditzen zait».
Agirreoa: «Trankil ikusten zaio. Dena dauka: kolpea, goitik ondo ateratzen da, baloia gelditu egiten du, eta oso gaztea da».
Cedrun: «Etorkizun handia du. Eginda dago. Gaztea da, eta hobetu egingo du. Baina pazientzia eduki behar da».
Zubizarreta:«Bai Dani eta bai Iñaki oso onak dira. Danik gaitasun asko ditu, eta oso ondo ari da. Baina denbora behar du. Lan asko egin behar du».
Biurrun: «Oraingo bi atezainak eztabaida amaituko dute. Aranzubia segurua da, eta bide onetik doa».
Iru: «Bi atezainak dira onak. Aranzubia emaitza oso onak ari da ematen. Eta bere trebakuntza amaitu dadin babestu eta lagundu egin behar zaio».
Kike: «Aranzubia eta Lafuente biak dira atezain handiak, eta Athleticek denbora askorako atezaina dauka».
Valencia: «Aranzubia oso ona da. Gaitasun handiak ditu, eta arratsalde pozgarriak eman ditzake. Denborak erabakiko du».
Aizkorreta: «Gaztea da, etorkizun handikoa. Ikusi dudanean oso ondo jokatu du. Babesa behar du, eta seguru zaleak emango diola».
Etxeberria: «Hain gaztea izateko oinarri sendoa du. Heldutasuna, lasaitasuna eta konfiantza ditu. Sendotzeko baliatu behar du une hau».
Lafuente: «Une onean da, eta ondo ari da. Horrela jarraituz gero, emaitza onak lortuko ditu. Erregulartasunari eutsi behar dio».