Itzuleraren gerizpean dago

Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa jokatuko dute gaur, Iruñean. Iker Vicente federazioaren lehia nagusian ariko da berriz. Mikel Mindegia omenduko dute aurrez

Irudian, gaurko finalean arituko diren sei aizkolariak. HERRI KIROL FEDERAZIOA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Udazkenean jokatu ohi dira aizkolarien txapelketa nagusiak, eta, haien artean, Euskal Herrikoa da historian tradizio eta entzute handiena izan duena. Federazioak antolatzen duen lehia garrantzitsuenak gaur izango du finala, Iruñeko Nafarroa Arenan (12:00, ETB 1). Sei lagun ariko dira lehian: Joxean Etxeberria, Oier Kañamares, Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Hodei Ezpeleta Bihurri —egungo txapelduna— eta Iker Vicente.

Hain justu ere, Vicenteren itzulerak piztu du arreta jaialdiaren atarian. Itzulera horren gerizpean dago txapelketa. Otsagabikoa (Nafarroa) izan da Ezpal elkarteko sortzaileen artean federazioaren txapelketara itzultzen lehena, eta, ondorioz, baita Lehen Mailako finalera bueltatzen aurrenekoa.

Vicente da txapela irabazteko hautagai nagusia; azken urteetan gorengo mailan aritu den aizkolaria izan da, eta Euskadiko Txapelketa irabazi zuen 2019an, puntako aizkolarien arteko lehian nagusituta. Inoizko txapeldunik gazteena izan zen orduan. 22 urte zituen soilik.

Haren ibilbideari zor, katedrak Vicente bera jarri du irabazteko faborito. «Presioa beti egoten da», adierazi zuen Vicentektxapelketaren aurkezpenean: «Autoexijentzia handikopertsona naiz, asko eskatzen diot neure buruari, eta presio hori igarri egiten da. Garrantzitsua da pixka bat edukitzea ere, norbere onena emateko. Gogotsu nago. Presio hori egon arren, uste dut lan ona egiteko moduan naizela».

Final handia Nafarroan jokatuko da berriz ere: «Etxean, nire jendearen aurrean aritzeak mesede egingo dit», azpimarratu du Otsagabikoak. Vicentek garaipena du xede, eta asmo hori bera du Ezpeletak ere. Ez alferrik, eibartarra izan zen kanporaketan Vicenterengandik gertuen egon zen aizkolaria, eta azken bi aldietan txapela jantzi zuen, oso ondo arituta. Basozabalek ondorengo azpimarra egin dio finalari: «Oso indartsu ikusten ditut. Iker eta Hodei oso teknikoak dira, ez dute hutsik egiten».

Nolanahi ere, Urretabizkaiak kontrario guztiak nabarmendu ditu: «Kañamaresek eta Etxeberriak urte asko egin dituzte aizkoran, eta kontuan hartzeko aurkariak dira; Gabirondo, zer esanik ez. Badakigu nola prestatzen den; fisikoki ondo etortzen da beti, eta lan ona egiten du. Azken postua saihestu nahi dut».

Norbere lanari dagokionez, donostiarrak azaldu du garai onean dagoela, eta urduritasuna kudeatzen asmatzean egin du azpimarra. Ez da azaleko kontua; aizkolarien egun seinalatua izateaz gain, Nafarroa Arenan moduko kokalekua ez da eguneroko ogia.

Hori horrela, Euskadiko Herri Kirol Federazioak egitarau osoa prestatu du jaialdirako. Final nagusiaz gain, emakumezko aizkolariek erakustaldia egingo dute lehen-lehenik, eta Mikel Mindegiari omenaldia egingo diote gero. Ezkurrako (Nafarroa) aizkolari ohiak bederatzi aldiz irabazi du txapelketa nagusia, beste inork baino gehiago.

Ohiko lan mardulak

Aizkolariek Euskal Herriko Txapelketaren finalean egin ohi dituzte urteko lanik handienak: launa kana-erdiko (54 ontzako enborra), 60 ontzako eta oinbiko (72 ontza) moztu behar izan dituzte. Bina kana-erdiko eta 60ko lehendabizi, oinbiko mardul guztiak segidan, eta hasierakoen moldeko beste bina, amaitzeko.

Plazaratutako egurrek zeresan handia izan ohi dute probaren joanean. Horri dagokionez, Igor Duñabeitia federazioaren presidenteak ondorengoa azaldu du: «Egur tenkatua agindu digu egurzaleak; ez oso biguna, eta garbia». Garbia, hots, adarrik gabea.

Iragarpenak betez gero, lanerako aitzakiarik ez dute izango Nafarroa Arenara bilduko diren sei aizkolariek. Vicentek argi du:«Urteko garai onena sasoi honetarako bideratzen dugu, txapelketa garrantzitsuenak orduan izaten ditugulako. Uste dut fisikoki ondo nagoela; zenbait final jokatuak ditut, eta lan honi neurria hartua diot».

Dena den, jaieguna izanda, Iruñekoa ez da izango gaur egingo den aizkora jaialdi bakarra. Itziarren (Gipuzkoa) jokatuko dute Sherpa Ai txapelketaren Promozio Mailako finala, Zabalsoro pilotalekuan (18:00), Peri Egunaren barruan. Bost aizkolari lehiatuko dira han, eta bi onenak sailkatuko dira maila nagusiko kanporaketa jokatzeko.

Larunbatean izango da hurrengoa, Tolosan (Gipuzkoa). Honako hauek izango dira Itziarren ariko diren bost aizkolariak: Eneko Saralegi, Julen Kañamares, Eloy Corchero, Axier Pellejero, eta Ioritz Gisasola Zelai IV.a. Final horretan bina kana-erdiko, 60 ontzako eta oinbiko moztuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.