Golak. 0-1: Benzemak (14. min). 0-2: Benzemak (25. min). 0-3: Jamesek (29. min). 0-4: Asensiok (60. min). 1-4: Ruben Peñak (72. min). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: EibarrekoEscalanteri; eta Real Madrileko Nacho etaCasemirori. Bestelakoak. 6.740 ikusle Ipuruan.
Eibarrek ezaugarri on asko dauzka denboraldi honetan, eta bereizgarri ezagunenetako bat da nortasuna duela, izana. Ez da egoten zelaian, izatera jokatzen du. Beste ezaugarri on asko gehitu horri, eta ondo merezitako lorea zen atzo Real Madrili irabaz ziezaiokeen ustea. Bazen itxaropen berezi bat, eta ez zen pentsamendu hutsa, gogoa edo apeta. Oinarri sendoak zeuden uste izateko Eibarrek lehen aldiz menderatuko zuela talde handienetako bat Ipuruan.
Egun txarra aukeratu zuen taldeak, baina, ez izateko. Lehen zatian ez zen Eibarrik egon zelaian. Aurreko bi denboraldietan, Real Madrilen aurka jokatu izan zituen partiden oso antzekoa egin zuen lehen erdi horretan. Ezinean erabat, ohiko jokoa egin ezinda, ez erasoan, ez defentsan, ezta trantsizioetan ere. Erasoan, sakontasunik gabe, eta hegalik gabe; defentsan, arlote eta bigun. Jakina, parean Real Madril izanda, normala da atsedenaldian 0-3koa izatea emaitza. Talde handienek ez dute ezer barkatzen.
Jokalariek beraiek jakingo dute zergatik ez ziren izan beste partidetakoak. Agian, epaileak txistua jo eta lehen minutu erdian Real Madrilek erakutsi zion nagusitasunak kenduko zien ohiko izate hori etxekoei. Auskalo. Erraz asko gainditu zuen etxekoen presioa zelaiaren erdian, bizi jokatuz, baloia elkarri azkar emanez, eta Capak kendu behar zion errematerako aukera Benzemari. 30. segundoa zen.
Erasoan, kanpokoek ondo zekiten nola gainditu etxekoen presioa joko azkarrarekin, eta askotan erabili zuten. Kalitate tekniko aparta izatearen abantaila. Defentsan, presioa goian eta ondo eginez, behartu egin zuen Eibar luze jotzera, eta ondo lotuta zeukaten Enrich erdiko bi atzelariek: Ramosek eta Pepek. Bigarren baloietan, kanpotarrak nagusi, gainera. Erabat preso eta lotuta zeukan Real Madrilek Eibar. Hori ez da ohikoa irudia izaten ari sasoi honetan Ipuruan.
Etxekoen oparietan, golak
Nagusitasun hori gutxi ez, eta etxekoak hutsak egiten hasi ziren atzean. Lunarena baliatu zuen Benzemak 0-1ekoa egiteko, 14. minutuan; frantziarrak berak sartu zuen bigarrena, alboko falta bat errematatuz, area txikian, 25. minutuan. Hirugarrena Jamesek egin zuen, Ramisek erasoa hasi berritan galdutako baloia baliatuz. Erabakita zegoen partida, eta bi heren falta jokatzeko.
Laugarren gola bigarren zatiko 60. minutuan sartu zuen Asensiok, kontraerasoan. Ordutik aurrera, erosoago jokatzen utzi zion Real Madrilek Eibarri, eta baloia erabiltzeko aukerari etekina atera zion. Ruben Peñak sartu zuen gola, 72. minutuan. Txukun antzean bukatu ahal izan zuen partida etxeko taldeak, eta ez da gutxi. Kolpea zergatik jaso zuen aztertu, ikasi, eta tente jarraitu behar du orain Eibarrek.
Eibar 1. Real Madril 4
Izan beharrean, egon
Beste behin ere, erraz irabazi dio Real Madrilek Eibarri Ipuruan. Lehen zati eskasa egin du etxeko taldeak, eta, ordu erdirako, 0-3 galtzen izan dira armaginak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu