Denboraldi honetan Espainiako Ohorezko Mailan fitxatutako jokalarien artean deigarriena da Laura Steinbachena (Homburg, Alemania, 1985). Hamar urte baino gehiagoko eskarmentua Alemaniako Bundesliga indartsuan, hango selekzioarekin ehundik gora partida jokatutakoa, Olinpiar Jokoetan eta munduko eta Europako txapelketetan aritutakoa... Urteak ziren haren pareko kirol ibilbidea duen jokalaririk ez zela iritsi Espainiako ligara. Aitzitik, azken urteetan makina bat jokalari izan da Europako beste hainbat ligatara joan direnak. Steinbachek, ordea, Espainiako txapelketan jarraitu nahi izan du haren kirol ibilbidea, eta, zorionez, euskal talde batean, Prosetecnisa Zuazo Barakaldoko taldean (Bizkaia).
Baina Steinbach ez da halabeharrez etorri Euskal Herrira. Haren nahia zen. Zergatik? Bikotekidearen ondoan egon nahi zuen. Euskal herritarra baita haren bikotekidea, eta aski ezaguna ere bai: Iker Romero eskubaloi jokalari ohia. Gasteiztarrak erretiroa hartu zuen udan, ia hogei urteko ibilbide arrakastatsua egin ondoren, eta etxera itzultzea erabaki zuen. Bide bera hartu zuen Steinbachek. Hark, ordea, jokatzen jarraitu nahi zuen. Bera Berarekin hitz egin zuten lehenbizi, baina ez zuten akordiorik lortu. Bai, ordea, Zuazorekin. Barakaldoko taldeak jokalari alemaniarraren nahiak betetzen ditu: batetik, maila nagusian jokatzeko aukera ematen dio, eta, horretarako, ez du etxetik oso urrun joan beharrik—70 kilometro inguru daude Gasteiztik Barakaldora—.
Steinbachek ez du denbora askorik behar izan haren mailaren berri emateko. 28 gol sartu ditu lau partidatan, zazpi neurketako —hiru jokalarik bakarrik sartu dituzte hark baino gol gehiago—. Eskuin alboko alemaniarraren lanak zerikusi handia izan du Zuazok txapelketa bikain has dezan. Barakaldoko taldea hirugarrena da sailkapenean, eta ez du partida bakar bat ere galdu: hiru irabazi ditu, eta beste bat berdindu. Zazpi puntu ditu, Bera Bera eta Ro'Casa ligako bi nagusiek baino bat gutxiago.
«Guretzat luxu bat da haren gisako jokalari bat izatea taldean». Alberto Muñozena da aitormena (Bilbo, 1980), Zuazoko entrenatzailearena. Muñozek, hala ere, zehaztapen bat egin du berehala: «Izar bat da, baina haren jarrera ez da inondik inora izar batena. Oso umila da. Oso alaia ere bai, eta alaitasun hori kutsatzen die taldekideei. Lanean, berriz, oso profesionala da, eta dakiena erakusten saiatzen da gazteei. Hizkuntza izan daiteke muga bakarra, baina gutxi gorabehera moldatzen da; asko ari da hobetzen. Ikerrekin gaztelaniaz mintzatzen da, eta, horrez gain, Gasteizko Hizkuntz Eskolan ikasten ari da».
Taldekide bikaina eta jokalari puska. «Oso jokalari osoa da, etaoso garaia ere bai [1,81 metro da luze]. Etekin handia ateratzen dio horri erasoan, jaurtitzerakoan». Muñozek genetikari egotzi dio hori. «Gurean ez daude halako jokalari garairik. Zergatik? Genetikoki beste herrialde batzuetako biztanleak baino txikiagoak gara. Horregatik da horren ezberdina Espainiako Ligan jokatzen den eskubaloia. Hemen teknikak eta taktikak garrantzi handia dute, eta horregatik jokoa aberatsagoa da baliabidez».
Genetika bikaina
Eta genetika aipatuta, Steinbachena ona izan beharra du derrigorrez. Haren aita eta izeba—Klaus eta Angela Steinbach— igerilariak izandakoak dira, eta ez nolanahikoak, biak ala biak baitira dominak irabazitakoak Olinpiar Jokoetan eta munduko eta Europako txapelketetan.
Baina Steinbachen jokoa ez da bakarrik jauzi egin eta jaurtitzea. «Erasoko aukera guztiak aztertzeko gaitasun handia du; oso abila da hegalekoei eta pibotari pasea ematen». Hain zuzen, pasea emateko daukan abilezia azpimarratu du Muñozek: «Txiklezko eskua. Eskubaloian hala esaten diogu jauzi egin eta goi-goian dagoenean kontrarioen artetik eskua sartu eta pasea emateko abilezia duen jokalariari. Bada, Steinbachek txiklezko eskua du. Pasea emateko unerik aproposena aukeratzeko gaitasuna du. Gainera, ez da batere berekoia. Ikusten badu ez duela jaurtitzeko aukerarik, azkar ematen du pasea. Gustua ematen du hura jokatzen ikustea. Zorionez, urtebetez gozatuko dugu harekin, baina gustatuko litzaiguke luzaroan izatea».
Izar apala
Alemaniako liga indartsuan ibilbide luzea egin ostean iritsi da Zuazora Laura Steinbach. Iritsi bezain laster hasi da nabarmentzen, pistan eta pistatik at.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu