EUSKADIKO AIZKORA TXAPELKETAREN FINALA

Izar nagusiaren bila

Larretxeak nahi baino erronka handiagoa izango du Euskadiko txapelari eusteko Agurainen, Nazabal indartsu baitago

DONOSTIA
2004ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Aguraingo (Araba) gaua izango da aurtengo Euskadiko Maila Nagusiko finalaren lekuko. Herriko pilotaleku-kiroldegian jokatuko da, eta sartzea 15 euro izango da (ETB, 23:00). Finalistak bi herrialdetakoak dira. Nafarrak, Nazabal, Larretxea eta Barberena, eta gipuzkoarrak,Azurmendi, Peñagarikano eta Olasagasti. Bakoitzak hamabina enbor ebaki beharko ditu: Launa kanaerdiko, launa 60 ontzako eta launa oinbiko.

Iazko Doneztebeko finalarekin alderatuta, Mindegia ez da ariko eta Joxemari Olasagastik beteko duharen lekua; Olasagastik bi urte eman ditu finalean esku hartu gabe. Iazko finala Larretxeak irabazi zuen, Nazabalek ere irabazteko aukera izan bazuen ere. Izan ere, lanerdietan Nazabal zen aurretik, eta 38 segundoko aldearekin. Hamargarren enborrean, ordea, adar bat irten zitzaion, eta Larretxeak tinko ekin zion.Azurmendik lan egokia egin zuen, baina hobe zezakeela esan zuen amaieran. Beraz, gaur izango du aukera aurreneko hiru postuetan sartzeko. Peñagarikanok erritmo polita eraman zuen erdialdera arte, baina handik aurrera ezin izan zion eutsi. Beizamakoak badu, beraz, arantza ateratzeko arrazoirik. Barberenaren xedea finalera sartzea izaten da, baina azkena ez geratzea ere izan behar luke.

Nazabalek alde handiaatera zuen kanporaketan

Aizkolari nafarrek joan zen igandean izan zuten beren arteko aldea erakusteko aukera, Nafarroako txapelketaren kanporaketan. Nazabalek bi minutuko aldea kendu zion Larretxeari eta bi minutu eta erdikoa Barberenari. Kontuan hartuta gaur zazpi enbor gehiago ebaki beharko dituztela, bada aintzat hartzeko erreferentzia. Gipuzkoarrrei dagokienez, oraindik ez dute herrialdeko txapelketa jokatu, eta aspaldian ez dituzte indarrak neurtu.

Gaurko finalera sartzeko kanporaketa irailaren 5ean jokatu zuten, Angoston. Orduan, gaurko lanaren erdia egin zuten, eta Nazabalek alde handia atera zien aurkariei:2 minutu eta erdikoa Azurmendiri, 2 minutu eta 55 segundokoa Barberenari, 3 minutu eta 9 segundokoa Larretxeari, 4 minutukoa Peñagarikanori eta 4 minutu eta 19 segundokoa Olasagastiri.

-

Finaleko sei aizkolariak banan-banan





 

Floren Nazabal




Datuak: Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) sortu zen orain dela 34 urte. 90 kilo ditu eta 1,84 metroko garaia. Hamahirugarren finala jokatuko du.

Lorpenak: Iaz jantzi zuen lehen txapel nagusia. II. Mailakoa, 18 urte zituela lortu zuen eta bitan Gazte Mailakoa. Nafarroako txapel nagusia bitan jantzi du.

Finalari begira: «Ongi ikusi dut nire burua urte osoan, eta lehen baino konfiantza handiagoz nabilela. Horregatik, aukera gehiago daukat ongi aritzeko. Kontrarioei dagokienez, Larretxeak sortzen dit kezka».

Iñaki Azurmendi





Datuak: Beasaingo Arriarangoa (Gipuzkoa) da. 31 urte ditu, 100 kilo eta 1,85 metro. Bigarren final handia du, eta orain dela hiru urtekoa ezin izan zuen jokatu.

Lorpenak: Euskal Herriko III. Mailako txapelduna (1996) eta txapeldunordea II. Mailakoan. Gipuzkoako Maila Nagusian 2. iaz eta II. Mailako txapela (2000).

Finalari begira: «Egin dezakedan lana egin ahal izatea da asmoa denborarik laburrenean, eta gainerakoek zer egiten duten ikusi. Ongi nago, eta gutxienez, iazko denboran sartzeko modua».


Donato Larretxea

Datuak: Arantzako (Nafarroa) semea eta Beran bizi da. 42 urte ditu, 96 kilo eta 1,76 metroko garaia. Biharkoa, hamaseigarren finala izango du.

Lorpenak: 1997an irabazi zuen lehen txapela eta 8 aldiz izan da txapeldunordea. Nafarroako txapel nagusia 6 aldiz irabazi du eta Urrrezko Kopa 5 aldiz.

Finalari begira: «Gerritako arazoarekin kezkati nago pitin bat, eta ez dut entrenamendu gogorrik egiteko aukerarik izan. Halere, aurrean ibiltzeko asmoa dut. Bestalde, ez dut uste iazkotik asko aldatuko denik postuei».

Joxejuan Barberena




Datuak: Berueten (Nafarroa) sortu zen orain dela 46 urte. 86 kilo ditu eta 1,77 metroko garaia. Hirugarren finala jokatuko du sasoiko dagoela erakutsita.

Lorpenak: Euskal Herriko II. Mailako txapela bitan jantzi du, eta Nafarroako Maila Nagusiko finala ere jokatuko du, bera bizi den herrian: Lekunberrin.

Finalari begira: «Iazko denbora eginez gero kontent nintzateke. Orain behinik behin, lasai nago, eta lan on bat egiteko moduan, baina urteak ere aurrera doaz. Ondo bidean Mindegia».

Joxemiel Peñagarikano




Datuak: Beizaman (Gipuzkoa) jaio eta Usurbilen bizi da. 46 urteditu, 88 kilo eta 1,81 metro. Hamaikagarren final handia jokatuko du.

Lorpenak: Txapel nagusia (2000) eta II. Mailakoa (1987) behin. Gipuzkoako eta Urrezko Aizkora lehiak 1998an. Urrezko Kopa, berriz, bitan (2000 eta 2003).

Finalari begira: «Iaz nire maila eman nuen. Aurten Urrezko Kopa irabazi izanak animoak eman dizkit, eta orduan bezala nago sasoiez. orain dela 3 urte jantzi nuen txapela, eta orduko egoerarekin alderatuta,».

Joxemari Olasagasti




Datuak: Igeldon (Gipuzkoa) jaio zen orain 46 urte. 104 kilo ditu eta 1,91 metro. Hamahiru urtetik goragoko eskarmentua du finalean, eta berriz ariko da.

Lorpenak: Euskal Herriko Maila Nagusiko 4 txapel irabazi ditu eta sei aldiz izan da txapeldunorde. Gipuzkoako txapela eta Urrezko Aizkora hirutan irabazi ditu.

Finalari begira: Azken hiru urteotan lehiakortasuna galdu du, eta kosta egiten zaio motibatzea; hala aitortzen du gainera berak. Kanporaketan seigarren sailkatu zen.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.