Euskal Herriko Itzulia. Pinoi txikiarekin. Samuel Sanchez. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Izenetan 'Tz' hori eta bokalen bat elkartzen direnean...»

Pedalkada bakoitzean nabari du Samuel Sanchezek euskal zaleen berotasuna. Oso harro dago 18 urterekin Euskal Herrira etortzea erabaki izanaz.

Unai Zubeldia.
Gueñes
2013ko apirilaren 03a
00:00
Entzun
«Munduko hiritarrak gara txirrindulariak». Ez da erantzun txarra «Non bizi zara gaur egun?», galdetuta. Oviedo, Bilbo eta Gueñes artean bizi da Samuel Sanchez (Oviedo, Espainia, 1978). «Baina denbora gehiago igarotzen dut hotelean, autoan eta hegazkinean», argitu du, barrez. 18 urterekin iritsi zen Gueñes ingurura, Bizkaira, amateur mailako lehen urtean, eta lotura berezia lortu du Euskal Herriarekin. Erdi euskalduntzat dauka jada bere burua. Ulertu, gehiena ulertzen du euskaraz; hitz egin, berriz, nahi duena.

Zer esan nahi du Euskal Herria hitzak?

Nafarroa, Euskadi eta Ipar Euskal Herria.

Zuretzat zein esanahi dauka Euskal Herriak?

Nire etxea da.

Nola izena du Euskal Herriko banderak?

Ikurrina.

Eta zein kolore dauzka?

Berdea, gorria eta zuria.

Euskal Herriak daukan gauzarik onena?

Bertako jendea.

Okerrena?

Iparraldeko probintzia guztiei gertatzen zaien moduan, klima, kaltegarria delako kirola egiteko.

Zenbat biztanle dauzka Euskal Herriak? [3.127.326 iaz]

Hiru milioi inguru direla uste dut, ezta?

Leku bat?

Gueñes.

Mendirik politena?

Lerezar.

Igoerarik politena?

Arrate.

Gogorrena?

[Asko pentsatu du] Aldapa gogorrak asko daude, baina igoera gogorra, agian, Arrate bera. Ez da gogorrena, agian, baina bai gogorrenetakoa; Santa Ageda bera... Hainbeste daude!

Zenbat probintzia dauzka Euskal Herriak?

Euskadik hiru dauzka, eta denera zazpi dira.

Probintzietako batzuen izenak?

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko hirurak. Hor galdu egiten naiz pixka bat.

Euskal Herriko hiriburua?

Bilbo, ezta? Ez? Gasteiz da? Hara...

Euskarazko hitzen bat?

Nahi dituzun guztiak. Gabon, kaixo, agur, arratsalde on... Asko.

Euskaraz ikasi zenuen lehen hitza?

Agur.

Ahoskatzeko zailena?

Izenak uste dut direla zailenak. Tz hori eta bokalen bat elkartzen direnean... Oso zaila da hori ahoskatzeko. Hizkuntza ezberdina da, herri berezi batena, oinarrian latina ez daukana.

Euskara entzun zenuen lehen aldian izan zenuen sentipena?

Ez nuen sentitu ezer berezirik. Guztiz errespetatzen dut euskaraz hitz egiten duen jendea.

Euskal Herriarekin lotutako bitxikeriaren bat?

Milaka dauzkat, baina bat aipatzearren, harrigarria egin zitzaidan nire abizena Ch-ren ordez Tx-ekin idatzita ikustea.

Euskaldunengandik gehien gustatzen zaizuna?

Adeitasuna, eta kirolarekiko daukaten maitasuna.

Eta gutxien?

Gutxien... Itxiak zaretela esaten da beti, baina inondik inora ere ez nuke esango halakorik. Guztiz kontrakoa aipatuko nuke. Oker dago hori pentsatzen duena. 18 urterekin etorri nintzen ni, eta bat gehiago izan naiz hasieratik. Baten bat oso kaskagogorra dela, agian? Baina, tira, leku guztietan daude kaskagogorrak.

Euskal Herrira etorri izanaz damutzen al zara?

Ez. Inola ere ez. Guztiz kontrakoa.

Zergatik emango zenioke lagun bati Euskal Herrira etortzeko aholkua?

Jendeagatik, janariagatik, paisajeen edertasunagatik, bizikletan ibiltzeko dauden errepideengatik...

Harritu zaituen ohituraren bat?

Asko daude, baina herritarrek ohiturak zein barneratuta dauzkaten ikusteak harritu nau, agian. Merkatuak, herriko festak... Asko zaintzen duzue zuena, eta hori da irauteko bide bakarra.

Bizimodua non da hobea, hemen edo zure herrialdean?

Asturiasen edo hemen, antzekoa da bizimodua, baina hemen handiagoa da erosteko ahalmena. Nabaritzen da hemen lan eta industria gehiago eta biztanle kopuru handiagoa dagoela.

Nabaritu al duzu krisia?

Kirol munduan asko nabaritu da; txirrindularitzan, bereziki.

Mutil izen bat?

Unai.

Neska izen bat?

Nerea.

Janari bat?

Txuleta eder bat.

Edari bat?

Txakolin hotz-hotza.

Futbol talde bat?

Bartzelonakoa naiz, baina Athleticen aldekoa.

Jokalari bat?

Llorente. Badoa, baina Llorente.

Alderdi politikoren baten izena?

Denak. EAJ, Eusko Alkartasuna, Nafarroa Bai, Bildu... Denak. Kultura orokorra da, azkenean.

Politikariren baten izena?

Asko. Ibarretxe, Joseba Egibar, egungo lehendakaria...

Egungo lehendakariaren izena?

Iñigo Urkullu.

Telebistako programaren bat?

Vaya Semanita. Oso ona da.

Euskal idazleren baten izena?

Hortxe galdu naiz. Ez dut irakurtzen.

Euskal Herriko ikurren bat?

Ikurrina eta lauburua.

Zer esan nahi du tropela hitzak?

Pelotón.

Irteera-k?

Salida.

Helmuga-k?

Meta.

Txapelduna-k?

Campeón.

Zein ezizen daukazu tropelean?

Samu.

Txirrindulari ez bazina...

Motoetako pilotua, ziurrenik. Mekanikaria dut aita, eta urte askoan aritu zen Munduko Txapelketan mekanikari lanetan.

Gustukoen duzun lasterketa?

Euskal Herriko Itzulia.

Garaipen bat?

Olinpiar Jokoetakoa, Luz Ardidenekoa, eta iazko Euskal Herriko Itzulikoa.

Tropeleko lagunik onena?

Benjamin Noval.

Galtzeko leku bat?

Hainbeste daude... Baina, tira, Costa Rica aipatuko dut.

Idolo bat?

Ez naiz idolo zalea. Baina asko miresten ditut. Kirolariak, batez ere. Miguel [Indurain], Merckx, Lance [Armstrong], Valentino Rossi, Fernando Alonso... Jende borrokalaria da, inork ezer oparitu ez diena; euren ahaleginarekin lortu dituzte gauzak.

Zuretzat oso berezia den momentu hori?

Unai, nire semea jaio zen eguna, zalantzarik gabe.

Kirol zuzendari bat?

Eduki ditudan guztiak aipatuko nituzke, guztiengandik atera dudalako gauza onen bat.

Txirrindularitza ez den kirol bat?

Motoak, autoak, eskia...

Film bat?

Asko gustatzen zait Eraztunen Jauna trilogia.

Musika talde bat?

Asko gustatzen zitzaidan Michael Jackson zena. Baina beste asko ere badauzkat.

Ezinezko amets bat?

Frantziako Tourra irabaztea.

Betetzeko moduko amets bat?

Munduko Txapelketa bat irabaztea.

Aholku bat?

Goza ezazu bizitzarekin; bizi ezazu momentua.

Zer egiten duzu aisialdian?

Umeekin eta emaztearekin etxean egon. Oso etxekoia naiz.

Non egongo zara hogei urte barru?

35 urte dauzkat orain, hogei gehituta, 55... Gustatzen zaidana eginez ibili nahiko nuke, familiarekin gozatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.