Izenik gabe ere izan dira

Mutrikuk trainerua berreskuratu du aurten 16 urteren buruan, eta bandera bat irabazi ere bai, KAE 2 ligan. Aurtengoak segida izatea nahi dute etorkizunean.

Mutrikuko arraunlariak, uztailaren 8an Donostian irabazi zuten banderarekin. MUTRIKU ARRAUN TALDEA.
Aitor Manterola Garate.
2017ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Mutriku Arraun Taldea da klubaren izena, eta traineruan Mutriku jartzen du. Hor azaldu da aurten KAE 2 ligara, hamasei urteren buruan ontzia uretan berriz jarri eta gero. Urruti daude 2000 eta 2001 urteak.

Orduko hartan, Jon Badiola arraunlariak 12-13 urte zeuzkan, eta Juan Luis Elezgaraik, 36-37. Bi belaunaldi ezberdinetakoak, eta orain elkarrekin Mutrikuren egitasmo honetan. Gaztea eta beteranoa, biak mutrikuarrak, eta biak ilusioz gainezka herriko traineruan arraunean: «Hau sekulako aukera da. Ametsa guretzat, askotan pentsatua, baina orain arte inoiz gauzatu gabea», kontatu du Badiolak. «Beste bide batzuetan nenbilen ni azkenekoz trainerua uretan izan genuenean, eta orain izan dut aukera», azaldu du Elezgarai 53 urteko beteranoak. «Egoitz semea etorri zitzaidan taldea osatu behar zutela Mutrikun, eta arraunlari faltan zebiltzala, eta animatzeko, laguntzeko ez bazen ere». Gaur arte: «Entrenamendu batzuk egitea zen nire asmoa iazko irailean baiezkoa eman nionean semeari, eta begira non nagoen», kontatu du, erdi barrezka.

Badiola izan zen egitasmo berri hori abian jarri zuenetako bat: «Mutrikun, batelak eta trainerillak egitea ohikoa da, eta, gero, udan, beste talde batzuetan ibili izan gara arraunean batzuk. Denon artean bildu, eta aurten baietz, animatu behar genuela erabaki, eta hemen gaude». Onartu du errazena baiezkoa ematea izan zela: «Egundoko lana dago atzean. Ez genuen materialik, eta arraunlarietan ere justu genbiltzan kopuruz. Gainera, bulegoko lana handia da, eta ezinbestean behar laguntza. Eskerrak baden jendea klubean laguntzeko».

Horietako bat da Elezgarai, urte askoan aritu delako zuzendaritzan eta laguntzen, eta ari da, arraunlari izateaz gain: «Beti ibili izan naiz hemen bueltaka, hau dela, bestea dela». Ezagunak dira, esaterako, balizak jartzenElezgarai eta Loren anaia, Txaparro: «Ibiltzen gara laguntza eskatzen diguten tokietan».

Baliza nahikoa bai, baina trainerurik ez, eta arraunik ere ez. Badiola azkar oroitu da inguruko kluben laguntzarekin: «Ondarroak utzi digu trainerua, Bizkaiaren izenean emakumezkoek ibilitakoa, eta ondarroarrek erosia bere garaian. Hasieran Hondarribiak utzitako egurrezkoa ez zen lehiarako egokia. Arraunak eta arraunlariak ere utzi dizkigu Ondarroak, eta baita Zumaiakere; Isuntzak ere laga dizkigu arraunak. Eskerrak eman nahi dizkiet denei hemendik».

Ez daukan bestea Mutriko traineruak izena da: «Gure artean askotan aritu izan gara gai horretaz, eta ez jartzea erabaki genuen, zorte txarra ematen duelakoan norberarena ez den traineruan izena jartzea», azaldu du Badiolak. Ondarroarekin oroitu da Elezgarai ere: «Beraiena izanda ontzia, nola hasiko gara gu izena aldatzen edo jartzen».

Jarraitzeko asmoarekin

Traineruan izenik gabe, baina izana sobera, hor dabil Mutriku lehian, eta ezusterik politena ere eman zuen uztailaren 8an, Donostian bandera irabazita KAE 2 ligan. «Egundokoa izan zen, ez sinestekoa», aipatu dute biek. «Gure txanda irabazi genuen, eta, estropada bukatzeko zain geundela, irabaz genezakeela ikusi genuen, eguraldia txarrera ari zelako egiten. A ze urduritasunak ontzi barruan», gogoratu du Badiolak. Beteranoak sentimenduak astindu ditu:«Sekulako negar pila bat egin nuen egun horretan. Herriko traineruarekin arraunean, eta bandera!». Baina Elezgarai kanpoan zen, ikusle: «Pena horixe daukat, baina egun hartan titular zirenek eta ordezko ginenok denona bezala ospatu genuen garaipena».

Ez omen zen ongietorri ofizialik egon herrian, Badiolak kontatu duenez: «Baina moilara sartu ginen herrian goitik behera autoetako bozinak joz eta bandera erakusten, eta jendea batu zitzaigun». Hark badu esperientzia Eusko Label ligan Zumaiarekin, eta KAE 1en Ondarroan ere ibilia da. «Esperientzia onak izan ziren, baina aurtengoa ikaragarria da, eta, gainera, bandera bat irabazi». Historiarako datua da. Bandera hori bezain garaipen handia zein izango litzatekeen azaldu dute Badiolak eta Elezgaraik: «Proiektuak aurrera jarraitzea ederra litzateke. Ahalegin guztiak egingo ditugu. Txarrena da herriko haurrak futbolera joaten direla arraunera baino gehiago». Hor egongo da Elezgarai berriz ere, laguntzeko prest. «Gazteek esaten dutena izango da, eta gu laguntzeko egongo gara». Arraunean berriz? Auskalo: «Ondo nago sasoiz, ia beti kirola egin eta gero, ez baitzait asko kosta izan berriz ere arraunlari izatea. 1983an Ondarroan ibili nintzen, eta urte hauetan Mutrikun ere bai, ontzi txikietan, norbait falta izan denean zuloak betetzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.