Euskal Herriko Itzulia: erreportajea

Izerdi tantak ere, neurrira

Hefit Sports proiektuko kide dira Uguzne Badiola nutrizionista eta Joseba Beloki txirrindulari ohia. Kirolariari arreta pertsonalizatua eskaintzea da gakoa.

Uguzne Badiola eta Joseba Beloki, joan den astean, irribarretsu, Hefit Sportsek Gasteizen daukan egoitzan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ordenatzea da kontua». Coaching deituko dio batek, entrenatzaile pertsonala besteak, nutrizionista ondokoak... «Ohiturak ordenatzen laguntzen dugu guk». Aitor Ozio gasteiztarrak aspaldi samar amaitu zituen futbol kontuak, partidak eta entrenamenduak. «Baina kirol munduan gauza berritzaile bat egin nahi zuela esanez deitu zidan egun batean». Eta ezin, bada, ezetz esan. Erretiroa hartu ondoren, Joseba Beloki (Lazkao, Gipuzkoa, 1973) txirrindulari batzuekin lanean ari zen ordurako. «Baina jendeak beste zerbait behar zuela ikusten zuen berak». Bi bilera txiki nahikoa izan ziren buruan zeukatena errealitatean islatzen hasteko.

Hefit Sports zentroak biltzen du Aitor Ozio buru duen egitasmo berritzailearen kirol proiektu osoa, eta txirrindularitza alorraren arduraduna da Beloki. Pedala nekez mugitzen da, ordea, energiarik gabe, eta energia sortzeko gasolina sartu behar izaten zaio gorputzari: janaria, alegia; elikadura. «Kirolariei jaten irakasten diet nik; elikadura heziketa da nirea». Uguzne Badiola nutrizionista da Hefit Sportsen beste euskarrietako bat. Kirol munduan sartuta zegoen nutrizionista bat nahi zuela esanez deitu zion Oziok berak. «Desberdina zen proiektua, eta Gasteizen ez zegoen horrelako ezer. Jorge Guadilla medikua ere egitura horretan zebilen, Mikel Sanchez medikuaren taldekoa, eta indarra eman zidan horrek eskaintza onartzeko».

Bilbon dago Hefit Sportsen egoitza nagusia; txikiago bat ere badauka Bizkaiko hiriburuan bertan, eta Gasteizen dago hirugarrena, txikiena. Batetik bestera saltoka ibiltzen da Beloki astero, eta Gasteizko egoitzan lan egiten du Badiolak (Ea, Bizkaia, 1982). Osteopatia, fisioterapia, nutrizioa, biomekanika... Elkarlana oinarri hartuta, proiektu erraldoiago baten euskarrietako bi dira bizkaitarra eta gipuzkoarra.

Bien kasuan, elkarrizketa izaten da prestaketaren lehen pausoa. «Laguntza bila datorrenarekin elkartu, eta txosten txiki bat egiten dugu ohituren eta gainerako kontuen berri izateko». Belokiren moduan, Badiolak ere aurrez aurreko lehen bilera horretan pilatzen du informaziorik gehiena. «Etxeko lanak bidaltzen dizkiegu lehen kontsulta horretan. Zer-nolako ordutegia daukaten, zer jaten duten eta zer ez, zein entrenamendu dauzkaten... Eta galdeketa bat ere bidaltzen zaie alergien eta gaixotasunen berri izateko». Parean dagoen pertsona ahalik eta ondoena ezagutzea da gakoa, gerora norbanakoari egokitutako entrenamendua bera ere ahalik eta zehatzena izateko.

Belokiren kasuan, pauso bat gehiago ere ematen dute lehen kontsulta horretan. «Medikuarengana bidaltzen ditugu, esfortzu proba egiteko. Gerora prestatuko ditugun entrenamenduak egiteko sasoi onean daudela ziurtatzea da kontua». Funtsean, arazorik ez dagoela ikustea. «Jendeak dirutza gastatzen du sekulako zapatila parea erosteko, baina ondoren ez du egiten mediku azterketarik». Emaitza horren arabera hasten dira egutegia zehazten.

Elikadura oinarrizko euskarria izaki, Badiolak gorputzaren neurriak hartzen ditu gero. «Zortzi gunetan». Eta protokolo bat martxan jartzen dute jarraian. «Hezurrak eta giharrak neurtzen ditugu». Eta, behin etxeko lanak eginda, nutrizionistak jaten irakasten die kirolariei. «Hidratoak zer diren, koipe ona eta txarra zer den... «Eta funtsezkoa da elikaduren etiketak irakurtzen ikastea ere». Hortik astebetera iristen da askoren buruhaustea: «Gihar masaren araberako dieta».

Quebrantahuesos egitea, triatloian pauso bat gehiago ematea, kiloak galtzea, giharrak mantentzea... Helburuekin lan egitea da Hefit Sportsen gakoa. «Norbanakoaren helburuak gauzatzen laguntzea». Triatloilari baten eta txirrindulari baten beharrak, ezinegonak eta egitekoak ez baitira berberak. «Helburuen araberakoa izaten da gure jarduna, bakoitza mundu bat dela kontuan hartuta». Denboraldi-aurrea den, denboraldi betean dauden, lesio batetik osatu berriak diren... Den-dena hartu behar izaten da kontuan pauso bakoitza emateko.

Soslai jakinik ez

Eurengana jotzen duten kirolarien profila eskatu, eta denetik dagoela erantzun dute biek. «Emakumezkoak, gizonezkoak, goi mailan daudenak eta oso lehiakorrak direnak, herrikoak, kolesterola eta hipertentsioa daukatenak, kilo asko galdu beharrean daudenak...». Belokiren kasuan, zehaztutako entrenamendu plan hori «zentroan bertan eta kanpoan», bi egituretan gauzatzen da. «Zentroan bertan ni egoten naiz euren ondoan, mugimenduak zuzenduz, aholkuak emanez... Baina igandeetan lagunekin irteten direnerako ere ematen dizkiet aholkuak, ahalegin horretan huts nabarmenik egin ez dezaten».

Okerretatik ikasten omen da gehien, eta bi oker nabarmenenak azaltzea izango da onena: «Kirolari askok eta askok gutxiegi jaten dute, eta hortik sortzen dira indarberritzeko arazo gehienak». Badiolari txanda hartuta, denbora gutxi izan eta daukaten hori «egur batean» egitea «eta hasterako lehertuta geratzea» zerrendatu du Belokik. «Beti ondokoak zer egiten duen begira egoteaz gain, noski». Koska horiei neurria hartzen irakastea da bien egitekoa. Pertsona ezagutuz. Gorputz bakoitza aztertuz. «Eta, noski, pauso bakoitzaren zergatiak azalduz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.