Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoak

Izotz ondoko eguzki...

Lucas Egibar, Paul de la Cuesta eta Imanol Rojo tartean direla, etzi hasiko dira Neguko Olinpiar Jokoak, Sotxin. Segurtasun neurri handien artean, hamabost kirol eta 98 diziplina izango dira ikusgai hilaren 23ra arte. Ondoren, martxoaren 7tik 16ra jokatuko dira Paralinpiar Jokoak, eta, ia ziur, bertan izango da Jon Santacana.

unai zubeldia
2014ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Izotzetan, elurretan, zero azpiko tenperaturan... eguzki printzak baino gauza gutxi daude hobeak horrelako egoeretan. Izotz ondoko eguzki, neguaren barre... Hala dio Xabier Lizardiren olerki goxoak, eta eguzki printza horien bila ariko dira kirolariak Sotxin, Errusian, etzi hasi eta hilaren 23ra bitartean. Neguko Olinpiar Jokoak. Historiako 22.ak. Izotz gaineko ikuskizuna. Hamabost kirol eta 98 diziplina; horietatik hamabi berriak —inoiz ez da handitu hainbeste diziplina kopurua—. Eta tartean, hiru euskal herritar: Lucas Egibar eta Paul de la Cuesta donostiarrak eta Imanol Rojo tolosarra. Debuteko urtean, podiumerako hautagai argia da Egibar; bigarren jokoetan, hamabost onenen artera gerturatu nahiko luke De la Cuestak; eta, hasiberrien ilusioarekin, ikasi eta gozatu egin nahi du Rojok. Ondo bidean, eta lesioaren baimenarekin, Jon Santacana donostiarraren txanda izango da gero, Paralinpir Jokoetan, martxoaren 7tik 16ra.

Ofizialki 90 herrialde —lehen aldiz ariko dira Afrikako bi: Togo eta Zimbabwe—, Sotxi eta Krasnaia Polianako eski estazioen artean 6.000 atleta baino gehiago lehian —1924an, lehen jokoetan, 250 kirolarik parte hartu zuten, Chamonixen (Frantzia)—... Dena izango da erraldoia Itsaso Beltzaren ertzean. Baita egongo ez diren izarretako batzuen zerrenda ere. Lindsay Vonn estatubatuarra buruan dela. Belauneko lesio larri baten eraginez, Vonnek lehiatu gabe igaro zuen joan den denboraldi guztia. Eta lesioaren osatze lanak amaituta zeuzkanean, azaroan Val D'Isereko eski estazioan (Frantzia) izandako erorketa batek utzi du olinpiar eta munduko txapelduna Olinpiar Jokoetako lehiatik kanpo.

Hori bai, izar festa handia izango da izotz eta elur gainean: Ole Bjorndalen biatleta norvegiarrak bosgarren aldiz parte hartuko du jokoetan, dagoeneko urrezko sei domina, lau zilarrezko eta brontzezko bat pilatuta; Claudia Pechstein patinatzaile alemaniarra, 41 urte beteta, palmaresera seigarren urrea pilatzen saiatuko da; Marit Bjoergen iraupen eskiko espezialista norvegiar nekaezina —hamabi aldiz munduko txapeldun—; Shaun White snowboarder estatubatuarra; Maria Hofl-Riech eta Felix Neureuther Alemaniako harribitxiak; Kanada eta Errusiako hockey selekzioak; Mikaela Shiffrin eskiatzaile estatubatuar gaztea; Felix Loch alemaniarra, luge diziplinako olinpiar txapeldunik gazteena; Aksel Lund Svindal norvegiarra, Munduko Kopako egungo liderra; Bode Miller itzaltzen hasita dagoen AEBetako eskiatzaile fina... Izar batzuk etxean geratuko diren arren, hurrengo hamabost egunetan kirol ikuskizuna bermatuta dago Sotxin.

Prezioak, zerutik bueltan

Euskal Herrian 17:14 direnean piztuko dute olinpiar zuzia; Errusian 20:14 direnean, olinpiar urteari keinua eginez. Eta, zuziarekin batera, une horretan piztuko da Sotxiren handitasuna, edo handitasun nahia. Olinpiar Jokoen inguruan sortu den eztabaidak egunotan itzalean utzi du kirol arloa, baina itxura onean ari dira saltzen hasiera eta amaierako ekitaldietarako eta kirol lehiaketetarako sarrerak. Itsaso Beltzaren magalean eraiki duten guztia bezala, erraldoi itxuran egituratu dute hori ere: 150 eta 1.113 euro artean balio du etziko hasiera ekitaldirako sarrera bakoitzak; eta 111 eta 890 euro artean amaiera ekitaldikoak. Askoz ere eskuragarriagoak dira kirol ekitaldietako sarrerak: hamabi euro merkeenak.

Eraikitze lanetan, Fisch olinpiar estadioa da eraikin guztien artean ikusgarrienetakoa. 40.000 ikuslerentzat lekua dauka, eta olinpiar hiritik bertan-bertan dago. Itsas maskorraren itxura dauka; Itsaso Beltza begiratu batean, Krasnaia Polianako menditzarrak bestean... Hor egingo dituzte hasiera eta amaiera ekitaldiak. Inbertsioari etekina ateratze aldera, 2018ko Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izango da —45.000 ikusle sartzeko moduan egokituko dute ordurako—. 12.000 eta 7.000 ikuslerentzako lekuarekin, Bolshoi eta Maly izotz jauregiak dira beste bi izarrak, olinpiar patinajeko gunearekin batera. 12.000 ikuslerentzako lekua dauka azken horrek, eta patinaje artistikoko eta abiadurako probak jokatuko dituzte hor. Curlingerako gunea ere egongo da eraikin horiekin batera.

Eta Sotxirekin zubi lanak eginez, Krasnaia Poliana eski estazioan dago jokoen beste muturra, olinpiar hiritik 45 kilometro eskasera. Iraupen eskia, eski alpinoa, biatloia, eski akrobatikoa, bobsleigh-a, skeletona, lugea, jauziak... beste bost gune ikusgarri daude han.

Podiumari beldurrik gabe

Handitasun horretan murgilduta, mutur banatan kokatu dute euren burua Lucas Egibarrek, Paul de la Cuestak eta Imanol Rojok. Zalantzarik gabe, bere lehen jokoetan, Egibarrek dauka aukera gehien onenen artean lehian ibiltzeko. Snowboardcross diziplinan, Munduko Kopako bigarren eta hirugarren postu bana lortu ditu, eta baita 2012an Erzurumen (Turkia) junior mailako Munduko Txapelketa ere. Minutu eta erdiko lehian edozein huts erabakigarria izan daitekeela barneratuta, podiumetik gertu kokatu du donostiarrak bere burua. Otsailaren 17an izango du lehia.

Paul de la Cuestak «Vancouverreko esperientzia» dauka alde. Donostiarra bigarrenez ariko da Olinpiar Jokoetan, eta orduko 32. postua hobetzeko erronka dauka. «Probaren batean lehen hamabosten artean sartu nahiko nuke». Otsailaren 9tik 19ra, jaitsieran, super konbinatuan, super erraldoian eta erraldoian lehiatuko da. Imanol Rojo tolosarrak, berriz, «gozatzea» du helburu. Sailkatzeko fasea igarota —Ioseba anaia zaharrena kanpoan geratu da— «eta lehen 30en artean sartzeko erronkarekin», Rojok sari gisa hartu du Sotxin parte hartzeko aukera. Rojorena izango da egutegirik gogorrenetakoa, otsailaren 9tik 23ra lau probatan parte hartuko duelako: hamabost kilometro skiathlona eta hamabost estilo librean, esprinta, hamabost kilometrokoa eta 50ekoa. Izotzetan eguzki goxo bila, hastera doa lau urtez behineko kirol ikuskizunik handienetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.