Donostian eginiko agerraldian azaldu duenez, "urte askotako ametsa" egia bihurtu zitzaion Lasarte-Oriako piraguistari urrezko domina irabaztean. Horren isla, azken urteetako gosariko pasadizoa: "Rio idatzia zuen katilu batean gosaldu dut egunero".
Chourrautek eskerrak eman dizkie Basque Team fundazioari, familiakoei, Atletico San Sebastian klubari eta Seu d'Urgell Kataluniako herriari —bertan entrenatzen da—. Hunkituta azaldu da egunotan jasotako babesarekin.
.@MChourraut: "Urte askotako ametsa" da urrea #BerriaRion@berriapic.twitter.com/31vjZkUf4Q
— Jon Olano (@olano_urkia) 16 de agosto de 2016
Lehia izan du gogoan; finala nahiz finalerdia. Esan du beretzat finalean hasi zela lehia, ez lehenago, eta, beraz, finalerdian, denbora edo postu jakin bat lortzea baino gehiago, aurrera egin beste asmorik ez zuela. Behin finaleko jaitsiera eginda, beste bi piraguista falta ziren ibilbide bera egiteko, baina "lasai" zegoen Chourraut, denbora oso ona egin izanaren jakitun; urrea "ia ospatzen" zegoen azken biek amaitzerako.
Etorkizuneko asmoez galdetuta, erantzun du badituela ideiak buruan, baina oraingoz "pausoz pauso" joan nahi du: "atseden" beharra du orain.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Olatz Legarza Basque Team fundazioko koordinatzailea eta Xabier Etxaniz Chourrauten entrenatzailea ere agerraldian izan dira. Uriartek eta Legarzak eskerrak eta zorionak eman dizkiote, eta Etxanizek nahi bat adierazi du: arrakastak balio dezala piraguismo eskolak, ikastaroak eta abarrak betetzeko. Antzeko ildotik jo du Chourrautrk berak, Euskal Herrian piraguismoan prestatzeko kanal bat sortzea beharrezkotzat jota: "Askoz gehiago geundeke onenekin lehiatzen".