Jaitsiera postuetatik urruntzeko helburua izanen du gaur Eibarrek

mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako kanporaketak utzi dion biharamun garratza lehenbailehen gainditu behar du Eibarrek. Zuzeneko aurkari baten aurka jokatuko du gaur, etxetik kanpo, Vigon (14:00, Gol). Tentuz hartu beharreko partida, irabaziz gero, Celta bederatzi puntura urrutiratuko baitu sailkapenean, eta une honetan Galiziako taldea da jaitsierako postuekiko aldea ezartzen duena. Balaidosetik Eibarrera puntu bat eramatea ere ez da emaitza txarra izanen, baina, galduz gero, Kopako biharamuna luzatzeko arriskua izanen dute armaginek.

Badajoz Bigarren B Mailako taldeak kanporatu izanak min egin dio Eibarri, baina Balaidosen itxura ona berreskuratu eta mailari eusteko xedea lehenbailehen bideratu nahi du Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak. Zaldibarkoak Pape Diop berreskuratu du deialdirako, baina ez da espero hasieratik jokatuko duenik. Kopako partidan aritu ez ziren hiru jokalari garrantzitsu hamaikakora itzuliko dira, ezusterik ezean: Jose Angel, Orellana eta Inui.

Eibarrek itxura hobetzeko eta puntuak pilatzeko beharra badu, Celtarena behar gorria dela erran daiteke. Ia bi hilabete igaro dira ligako partida bat irabazi zuenetik —Vila-real izan zen—, eta Oscar Garcia entrenatzailea fitxatu zuenetik ez du etxean irabazi. Kopan Bigarren Mailako Mirandesek kanporatu berri ditu.

CELTA-EIBAR

Celta. Ruben Blanco; Hugo Mallo,Murillo, Araujo, Olaza; Okay, Beltran; Santi Mina, Rafinha, Pione Sisto; Aspas.

Eibar. Dmitrovic; Tejero, Oliveira, Bigas, Jose Angel; Orellana, Exposito, Sergio Alvarez, Inui, Charles eta Enrich.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Balaidos (29.000 ikusle).

Ordua. 14:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.