Jaizkibel, Gurutze eta Mirakruz

Donostiako 26. Klasikoa korrituko da gaur Gipuzkoan barrena; beti bezala, faborito argirik gabe

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2006ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako Tourra eta Espainiako Vueltaren arteko zubi lana egiten du Donostiako Nazioarteko Klasikoak. Tourra bukatu eta hiru astera, eta Vuelta hasi baino bi aste lehenago, aurten. Bien tartean, bai, baina biekin batere zerikusirik ez daukan proba da gaurkoa. Egun bakarrekoa delako, batez ere, eta normalean, Tourrean eta Vueltan aurrean ibiltzen diren txirrindulariak ez, baizik klasikozaleak ibiltzen direlako buruan Donostiako Klasikoan.

Pereiro ez da etorri, Kloden ere ez, baina Evans eta Mentxov bai. Bi horiek, ordea, ez dira proba irabazteko hautagaiak. Garaipena lor dezakete, jakina, baina ez dira faboritoak. Antzekoa esan daiteke Carlos Sastre edo Alejandro Valverderi buruz. Korritu, korrituko dute, baina zaila izango da bi horiek aurrean ikustea. Sastrek Espainiako Vuelta korritzeko sasoian dagoen edo ez jakiteko korrituko du klasikoa. Gauzak horrela, litekeena da lasai antzean jardutea gaur.

Valverde ere tentuz jardutekotan da. Tourra utzi zuenetik ez du probarik korritu, eta taldean Vueltan lan txukuna egitea eskatu diotenez, ez du sobera arriskatuko. Valverdek klase handia dauka, baina lehiaketa erritmorik gabe ezin da miraririk egin.

Eta zein dira klasikoa irabazteko faboritoak? Zerrenda egitea ere ez da lan erraza, eta erraza ez den heinean, faborito argia zen txirrindulari bat baztertzea, hasiera onena: Oscar Freire. Espainiarrarentzat ezin hobea da klasikoko ibilbidea, esprinter petoak direnak atzean geratzen direlako Jaizkibelen, eta berak ondo pasatzen duen mendatea delako. Tourra bukatu ondorengo entrenamenduetan, ordea, zorabioak sentitzen hasi zen, eta medikuek atsedena hartzeko gomendatu diote.

Astana-Wurth taldean gertutik zaintzeko hiru txirrindulari daude. Kazakhstango bikotea, Aleksandr Vinokurov eta Andrei Kaxetxkin, eta Aaron Kemps australiarra. Kempsek garaipen bat lortu du herenegun bukatu zen Burgosko Itzulian, baina onenekin helmugaratzeko majo sufritu beharko du. CSCn Iñigo Cuesta indartsu aritu da Alemaniako Itzulian, eta klasikozale petoak ere ezin dira ahaztu: Bettini, Celestino, Cunego, Rebellin...

Etxekoak ere, Euskaltel-Euskadi eta Kaiku, zeresana ematen ahaleginduko dira. Esprintean aukera gutxi dute bi taldeek. Iñaki Isasi txukun aritu da Tourreko esprintetan, eta Donostiara talde txikia iristen bada, ezustekoa eman dezake. Helburu bera izango du Jorge Azanzak (Kaiku). Nafarra ondo moldatzen da multzo txikietako esprintetan. Ihesaldiak ere gertutik jarraitu beharko dira. Normalean ez dute arrakastarik izaten, baina noizean behin bai.

BUKAERA GAIZTOA. Donostiako klasikoak betiko ibilbidea du, salbuespen txiki bat izan ezik. Aurten ez dute Garate igoko Getariatik, lan batzuk egiten ari direlako mendate horretan. Zarautzen Meaga aldera egingo dute, eta handik, Zestoara. Bi kilometro gutxiago, 225 izango ditu klasikoak. Bestelakoan, berritasunik ez du ibilbideak.

Donostiatik Orio eta Zarautz aldera, eta handik barnealdera, Azkarate eta Udana igotzeko. Kostaldera bueltatuko da proba Goierritik. Astigarraga pasatu eta berehala dagoen aldapainguruan hasiko da klasikoko zati erabakigarriena.

Handik gertu ekingo diote klasikoko aldapa gogorrenari, Jaizkibel mendateari. Iraganean proba txikitu egiten zen han, baina azken hamarkadan ez da eraso erabakigarririk gertatu. Jaizkibelek onenen tropela xehatzen du, baina behin-behineko galbahea Hondarribitik Donostiarainoko bidean egiten da.

Kontrola zaila izaten da bertan, eta eraso festa, handia. Ibilbidea ere bihurria da, Gurutzeko aldapatxoak min handia egiten duelako. Han hausten ez bada, Errenteriako irteerako aldapan, edo helmugatik gertu-gertu dagoen Mirakruz gainean jo daiteke, lau kilometrora.

Iraganak erakusten du, ordea, Bulebarrean bakarrik helmugaratzea zail-zaila dela, eta ohikoena talde txiki bateko esprinta izaten dela. Ez harritu gaurkoan ere antzera gertatzen bada.

[email protected]

Iban Mayo: «Lan txukuna egin nahi dut, baina Jaizkibelen trabatu egiten naiz beti»



Haimar Zubeldiak ere lan ona egiteko itxaropena du, baina garaipena «ia-ia ezinezkoa» duela dioerredakzioa

Donostia

Iban Mayo da Donostiako klasikoa irabazteko aukera handiena daukan euskalduna. Igorrekoak Burgosko Itzulia irabazi du, eta Neilako aintziretan oso pedal kolpe ona erakutsi zuen. Euskaltel-Euskadi taldekoak, ordea, ez du konfiantza handi-handirik bere jardunean: «Burgosko Itzulia eta Donostiako klasikoa oso ezberdinak dira, Donostian munduko txirrindulari onenak elkartzen dira, eta garaipena lortzea askoz zailagoa da».

Beste arrazoi bat ere badu, bizkaitarrak, fede gutxi edukitzeko: Donostiako klasikoan epaile izan ohi den mendatea. Mayok ez du gustuko Jaizkibel mendatea, trabatuta geratzen da bertan eta, horregatik, nahiago du zuhur jokatu. «Ez dakit arrazoi zehatza, baina Jaizkibelen gorriak ikusi izan ditut igo naizen bakoitzean. Agian mendate bukaeran haizeak aurrez aurre jotzen duelako izango da, baina oroitzapen txarra dut. Askoz mendate gogorragoak igo ditut, baina Jaizkibelen badut arantzatxo hori».

Mayo eta taldea lasterketa txukuna egiten saiatuko omen dira, «etxean korritzen dugulako, eta Pro-Tour Ligako lasterketa delako». Mayok ez du faborito argirik, «txirrindulariak zein sasoian dauden ez dakidalako».

HAIMAR ZUBELDIA ERE PREST.Haimar Zubeldia ere lan txukuna egiteko prest dago. Tourraren ondoren bi eguneko atsedena bakarrik hartu zuen, eta ondoren, entrenamendu onak egin omen ditu: «Tourraren aurretik landu nuen erresistentzia eta orain motorraren atzetik-eta ibili naiz, prestakuntza fintzen».

Bere burua ondo ikusten badu ere, garaipena ia ezinezkoa duela onartzen du usurbildarrak: «Klasikoan txirrindulari onenak elkartzen dira, eta nik haiek garaitzeko ihesaldi batek arrakasta eduki behar du nahitaez, esprintean ez naizelako batere ondo moldatzen. Klasikoan ihesaldi gutxik edukitzen dute arrakasta».

iritziak

«Sentsazio onak ditut, baina koska bat falta zait hobeto egoteko»



alejandro valverdecaisse d'epargne taldeko txirrindularia«Tourra eta gero bost egun bakarrik egon nintzen bizikletan ibili gabe. Gero arrabolean ibili nintzen eta ondoren, egurrean, egunero kilometro kopurua igotzen. Sentsazio onak ditut, baina bete-betean egoteko koskatxo bat falta zaidala uste dut».

«Millar, Mori eta Ricco dira taldean aukera handiena dutenak»



josean fernandez matxinsaunier duval taldeko kirol zuzendaria«Ez dugu txirrindulari bakar bat klasikoa irabazteko, Perdiguero genuen bezala, baina bai lan ona egin dezakeen hirukote bat. Konfiantza handia dut Millar, Mori eta Riccorekin. Jaizkibelen aurrean egoten saiatuko gara, han proba ez, baina proba nork ez duen irabaziko argitzen baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.