Lana dotore amaitzea bakarrik falta du Sebastian Vettelek bihar, Japoniako Sari Nagusian (La Sexta, 08:00). Jenson Button da haren bigarren titulua eragotz dezakeen bakarra. Horretarako, lasterketa guztiak irabazi beharko lituzke, eta Vettelek punturik ez urratzea. Hori ezinezkoa dela jakinik, Buttonek berak aitortu du ez duela zereginik. Baina Vettelek txapeldunen modura lortu nahiko du koroa, eta horrek podiumean amaitzea esan nahi du gutxienez.
Jenson Button izan zen atzoko bi saioetako gidari azkarrena. Sailkatzea gaur goizean jokatuko da, eta normalena Buttonek postu batzuk atzera egitea da. Urteko pole guztiak Red Bullentzat izan dira, eta Suzukak dituen ezaugarriek ez dute hori zertan aldatu. Zirkuitu ahulagoetan nagusitu dira, beraz, Japonian albiste bakarra joera hori aldatzea litzateke. Sailkatzea dago alde batetik, eta lasterketa beste aldetik. Lasterketa erritmoaren zertzelada batzuk ikusi ahal izan ziren atzo, eta txikitzaile ibili zen Red Bull.
Ia segundo baten aldea atera zien Red Bullek gainerako autoei pneumatiko bigunak jartzean. Goma ertaina eta biguna aukeratu ditu Pirellik lasterketa honetarako, Italian eta Belgikan egin bezala. Bi lasterketa horietan Vettelek lortu zuen garaipena, aise. Japonian bere aurkari nagusia bere burua izango du, burua lasterketan bakarrik kokatu nahi badu ere txapelketaren ideia bueltaka baitarabil. Horrexek eragin zuen atzoko pista irteera, ondorio askorik gabe, baina Vettelek berak «esnatzeko abisua» izan zela onartu zuen.
Japonian guztia prest dago bihar goizean Vettelen bigarren titulua ospatzeko
Red Bulleko gidariak puntu bakarra behar du txapelketa irabazteko; Buttonen huts batek ere titulua emango dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu