Behobia-Donostia

Jaume Leivak eta Aroa Merinok irabazi dute Behobia-Donostia

Gizonezkoetan, Iraitz Arrospide villabonarra izanda da bigarren eta Ivan Fernandez gasteiztarra hirugarren. Emakumezkoetan, Diana Martinek eta Alicia Perezek osatu dute podiuma.

Jaume Leiva, Donostiako helmugan, garaipena ospatzen. GORKA ESTRADA, EFE
2018ko azaroaren 11
09:22
Entzun

Jaume Leiva kataluniarra izan da azkarrena aurtengo Behobia-Donostia lasterketan. Ordubete eta 22 segundo behar izan ditu ibilbidea egiteko. Bigarren aldiz irabazi du Leivak Behobia-Donostia proba. 2012an irabazi zuen lehenengoz. Korrikalari kataluniarrak bederatzigarren kilometroan hautsi du lasterketa eta bakarrik egin du ibilbidearen zatirik handiena.

Harekin batera, bi euskal herritarrek osatu dute podiuma. Iraitz Arrospide izan da bigarren sailkatua eta Ivan Fernandez heldu da helmugara hirugarren tokian.

Emakumeen artean, berriz, Aroa Merino kanariarra izan da irabazle. Ordubete, bederatzi minutu eta 44 segundoko denbora egin du. Merinok hirugarren aldiz irabazi du jarraian Behobia-Donostia, eta ibilbide berriko markarik onena egin du gaur.

Diana Martin izan da bigarren sailkatua eta Alicia Perez hirugarrena.

Giro epelarekin egin dute bidea korrikalariek. 16 gradu izan dira Donostian, 11:00etan. Bidearen alboetan, berriz, giroa beroa izan da. Urtero bezala, jendetza izan da kirolariak animatzen. Bosgarren aldiz, 30.000 korrikalari baino gehiago izan dira lasterketaren irteeran.

Aurtengo Behobiak Katherine Switzer korrikalaria omendu du lasterketari hasiera eman aurretik. Ofizialki maratoi batean parte hartu zuen lehen emakumezkoa da. Hari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk, urriaren 9an. Lehen maratoia egin zuen egun hark bizitza aldatu ziola aitortu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.