KIROLARIAK POLITIKAN

Jauzi edo jausi

Geroz eta ohikoagoa da politikara jauzi egiten duten kirolarien fenomenoa. Alderdi asko haien irudiaz baliatzen dira botoak lortzeko. Brasilgo hauteskundeetan agerikoa izan da hori. Errusian, Vladimir Putinek olinpiar txapeldunez bete du bere gobernua.

enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Batzuek politikan aritzeko kirolari jarduna erabiltzen ote duten, edo beste batzuek kirolarien jarduna politika egiteko erabiltzen ote duten. Horixe dago guztiz argitzeko. Jauzia edo jausia. Baina politikara jauzi egiten duten kirolarien fenomenoa (edo politikarien jokoan jausten direnena) geroz eta ohikoagoa da. Badira horretan tradizio handia duten herrialdeak, badira horretaz jabetu eta orain hori erabiltzen ari direnak, eta badira fenomeno orokorrak izan gabe kirolari bakar baten jardunean eta karisman biltzen direnak ere.

Brasilen, eta Hego Amerikan oro har, oso hedatuta dago kirolariak politikan aritzea. Azkena Brasilen egindako hauteskundeetan, 23 ziren alderdi politikoen zerrendetan zihoazen kirolari ohiak -2006koetan 17 izan ziren-. Romario eta Bebetoren kasuek izan zuten oihartzun handiena, baina 80ko hamarkadan jada agerikoa zen joera. Futbolak bizi ditu Brasilen, eta futbol talde baten inguruan sortutako mugimendua gai da politikara jauzi egiteko han. Democracia Corinthiana mugimenduaren adibidea da argigarria. Socrates jokalari ohiak sortu zuen, Corinthians taldearen zuzendaritzan jokalarien erabakitzeko eskubidea sustatu eta indartzeko. Izan zuen arrakastaz ohartuta, ordea, errepublikako presidentetzara aurkezteko ausardia ere izan zuten. Ez zuten arrakastarik izan. 1964 eta 1985 bitartean diktadura militarraren pean izan zen herrialdea.

Baina abiapuntua izan zen hura, eta geroztik asko izan dira Brasilgo politikan tokia egin duten kirolariak. Brasilen, Mexikon, Argentinan... politikarien irudia garbitzeko elementu gisa erabili izan dira askotan kirolariak Hego Amerikan, baita beste herrialde askotan ere. Hori dio Karla Pantojak (Michoacan, Mexiko, 1983), Merca 2.0 aldizkariko merkadoteknia zuzendariak. Gai horren inguruan Acapulcon (Mexiko) emandako konferentzia baten harira jarri da BERRIA harekin harremanetan. Mexiko Hiriko Komunikazio Unibertsitateko publizitate lizentziaduna da bera. «Kirolari batek ematen dizun irudia beti positiboa da, garbia. Politikari batena, ordea, ez da beti horren garbia izaten. Kirolaria den jendearekin agertzen bazara, sanoa den jendearekin, bere jarduna bikaina delako askoren onarpena duen jendearekin, onuragarria da erabat politikariarentzat».

Marketin eta publizitatean aditua da Pantoja. Markak kirolariak fitxatzeko lehian aspaldi sartu zirela dio, baina politikariak ere sartu direla. «Markek sekulako gerra daukate kirolari jakin batzuen irudia bereganatzeko. Horrek erakusleiho perfektu bihurtzen ditu politikarientzat ere. Hori bai, kirolarientzat ez da askotan batere mesedegarria izaten. Ez dut kirolaririk ezagutzen kausa politiko baten alde egin ondoren onuradun irten denik».

Arrakastarekin lotura zuzena duen kirolari bati lotuta agertzea da gakoa, haren irudiari lotuta agertzea. Gizartearen irudi positibo bat ematen duen jendeari lotuta agertu nahi du politikariak. «Interneten aroan gaude, blogenean, mezu elektronikoenean, irudi eta audio artxiboenean. Ez dago mugarik sormenerako, bide berriak jorratzen dira geroz eta gehiago, publizistak euren publikoarengana zuzenean iristen saiatzen dira geroz eta gehiago. Baina balioak ez dira aldatzen. Norbere irudia irabazle batenarekin lotzeak irabaziak dakartza. Hori bai, kirolari hori arrakasta lortzeko era garbi eta gardenean aritzen bada betiere».

Errusiako kasua

Pantojaren argudioei arrazoi ematen die Errusiako kasuak. Han, Vladimir Putinek sekulako irudi garbiketa egin du gobernuan. Eta kirolarien alde egin du irudi garbiketa horretarako. Olinpiar txapeldunak izandako kirolarien alde. Jeltsinen agintaldiak erabat hondatuta utzi zuen klase politikoaren irudia, eta berritasun eta freskotasunaren alde egitea erabaki zuen gobernu berriak. Gazteak eta sanoak. Alkoholismoak horrenbeste zigortutako gizarte horretan behin eta berriz errepikatu duten esaldia da. Eta horrelakoen jardunari esker 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak Errusian izatea lortu dela ere bai.

Aleksander Karelin greko-erromatar erako inoizko borrokalari onena, Svetlana Khorkina gimnastika erritmikoko izarra, Natalia Karpovitx boxeolaria, Alina Kabaeva gimnasta, Svetlana Zhurova patinatzailea... Putinen gobernuan kargu garrantzitsuetan ari dira lanean. «Primeran moldatzen gara, gure presidenteak kirola maite duelako eta bera ere kirolari petoa delako», hausnartu du Svetlana Zhurovak, Dumako bozeramaileak. Esaldi bakarrean laburbilduta kirolariak politikara hurbiltzearen esanahia.

Politikara jauzi egindako kirolari ezagunak

Aleksander Karelin (Novosibirsk, Errusia, 1967).
Kirolari gisa: Greko-erromatar era ko inoizko borrokalari onena. Urrea irabazitakoa Seulgo (1988) Bartzelonako (1992) eta Atlantako (1996) Olinpiar Jokoetan.

Politikari gisa: Putinen Errusia Batua alderdiko kidea da. 1999an aukeratu zuten lehen aldiz Dumarako. Egun, nazioarteko harremanen batzordeko kidea da.



Svetlana Khorkina (Belgorod, Errusia, 1979).
Kirolari gisa: Gimnastika erritmikoko izarra. Urrezko domina irabazitakoa da Atlantako (1996) eta Sydneyko (2000) Olinpiar Jokoetan, bost bider munduko txapeldun izandakoa eta sei bider Europakoa.

Politikari gisa: Putinen Errusia Batua alderdiko kidea da. Dumako diputatu izendatu zuten 2007ko hauteskundeen ostean.



Romario (Rio de Janeiro, Brasil, 1966).
Kirolari gisa: Munduko txapeldun izandakoa Brasilekin, AEBetan (1994), txapelketako futbolari onena eta urte hartako onena. Herbehereetako, Espainiako eta Brasilgo ligak irabazitakoa, eta beste hainbat tituluren jabea.

Politikari gisa: Brasilgo Parlamentuko diputatua da, Rio de Janeiro ordezkatuz. Brasilgo Alderdi Sozialistako kidea da.



Bebeto (Salvador de Bahia, Brasil, 1964).
Kirolari gisa: Munduko txapeldun izandakoa Brasilekin, AEBetan (1994), eta txapeldunordea, Frantzian (1998). Brasilgo, Espainiako, Mexikoko eta Japoniako ligetan jokatutakoa, eta hainbat tituluren jabea.

Politikari gisa: Alderdi Demokrata Laboristako kidea. Lurraldeko diputatu izateko adina boto jaso zuen azken hauteskundeetan.



Kevin Johnson (Sacramento, AEB, 1966).
Kirolari gisa: NBAko jokalari izan zen hamabi denboralditan, eta Phoenix Suns taldean egin zituen denboraldi gehien. All Starrerako aukeratu zuten hiru bider, eta NBAko jokalaririk onena behin.

Politikari gisa: Sacramentoko alkate izateko aurkeztu zen 2008an, eta irabazi egin zuen. Sacramentoko lehen alkate afroamerikarra da geroztik.



George Weah (Monrovia, Liberia, 1966).
Kirolari gisa: Munduko futbol jokalaririk onena izendatu zuten 1995ean, eta Frantziako eta Italiako ligak irabazitakoa da.

Politikari gisa: Liberiako presidente izateko hautagai gisa aurkeztu zen 1995ean, eta Ellen Johonson-Sirleafen kontra galdu zituen hauteskundeak. Idolotzat daukate oraindik Liberian.



Manny Pacquiao (Kibawe, Filipinak, 1978).
Kirolari gisa: Munduko boxeolari onena da une honetan. Zortzi aldiz izan da munduko txapeldun, hainbat pisutan.

Politikari gisa: Sarangani probintziako hauteskundeak irabazita, Filipinetako parlamentuko jarleku bat lortu zuen. Manuel Villarren Nationalist Party alderdiko kidea da Pacquiao, eta idolotzat daukate Filipinetan.



Ryoko Tani (Fukuoka, Japonia, 1975).
Kirolari gisa: Judoaren historian titulu gehien irabazi duen judoka da. Olinpiar txapelduna izan zen Sydneyn (2000) eta Atenasen (2004), eta zazpi bider munduko txapeldun.

Politikari gisa: Aurtengo urrian, Japoniako Parlamentuko kide bihurtu da, Alderdi Demokratikoko kide gisa.



Menzies Campell (Glasgow, Eskozia, 1941).
Kirolari gisa: 100 eta 200 metroko korrikalaria izan zen. Tokioko Jokoetan parte hartu zuen (1964), eta EBko errekorraren jabea izan zen 100 metrokoan.

Politikari gisa: Erresuma Batuko Alderdi Liberal Demokratako liderra. 2007an eman zuen dimisioa, eta Nick Cleggek hartu zuen gero haren tokia.



Idi Amin (Koboko, Uganda, 1925-2003).
Kirolari gisa: Ugandako txapelduna izan zen boxeoan, pisu guztietan, 1951. eta 1960. urteen artean.

Politikari gisa: Estatu kolpea emanda iritsi zen Ugandako presidente kargura, Milton Obote boteretik indarrez eraitsita. Diktadura basatia ezarri zuen 1971. eta 1979. urteen artean. 300.000 lagunen heriotza eragin zuen.



Sebastian Coe (Londres, 1956).
Kirolari gisa: 1.500 metrokoen olinpiar txapelduna izan zen Moskun (1980) eta Los Angelesen (1984). Munduko hainbat markaren jabea, eta inoizko atleta onenetakoa.

Politikari gisa: Alderdi Kontserbadoreko liderra. Jarleku bat lortu zuen 1992an, eta 1997a arte mantendu. Londres 2012ko hautagaitzako kide eta bultzatzailea da.



Learie Constantine (Trinidad eta Tobago, 1901-1971).
Kirolari gisa: Bere herrialdeko cricket jokalaririk onenetakoa izan zen.

Politikari gisa: Trinidad eta Tobagoko Mugimendu Nazionaleko kidea eta Komunikazio eta Herri Lan Ministerioko burua izan zen (1952). Bere herrialdeak independentzia lortu zuenean (1962), bera izan zen herrialdeko lehen goi mandataria Londresen.



Imran Khan (Punjabi, Pakistan, 1952).
Kirolari gisa: Pakistanek inoiz izan duen cricket jokalaririk onena. Herrialde horrek inoiz irabazi duen Munduko Kopa bakarra bera kapitain zela lortu zuen (1992).

Politikari gisa: PTI alderdia sortu zuen 1996an, eta jesarleku bat lortu zuen parlamentuan, 2002ko hauteskundeetan. Musharrafen oso kontrakoa izan da beti.



Oleg Blokhin (Kiev, Ukraina, 1952).
Kirolari gisa:Dinamo Kiev taldeko jokalari historikoa da. Errusiako selekzioko jokalaririk onenetakoa izan zen Espainiako (1982) eta Mexikoko (1986) Munduko Kopetan. Entrenatzaile lanetan aritzen da orain.

Politikari gisa: Ukrainako Parlamentuko kide izan zen (2002) eta Ukrainako Alderdi Sozialdemokratako kide ere bai. Urte gutxira utzi zuen politika.

Dawn Frasier (Sydney, Australia, 1937).
Kirolari gisa:Melbourneko (1956), Erromako (1960) eta Tokyoko (1964) Olinpiar Jokoetan urrezko dominak irabazitako igerilari bat da. 100 metroak minutuz azpitik egin zituen lehen emakumezkoa da.

Politikari gisa: Australiako Parlamentuko kide izatea lortu zuen (1988), eta 1991n utzi zuen kargua.



Bill Bradley (Crystal City, AEB, 1943).
Kirolari gisa: NBAko txapeldun izandakoa New York Knicks taldearekin (1970 eta 1973), olinpiar txapelduna AEBekin Tokion (1964) eta Europako txapelduna Olimpia Milanorekin (1967).

Politikari gisa: AEBetako senataria izan zen New Jerseytik (1978), eta Alderdi Demokratako buru izateko hautagaia (2000). Al Gorek irabazi zion.



Miriam Blasco (Valladolid, Espainia, 1988).
Kirolari gisa: Bartzelonako Jokoetan (1992) urrezko domina irabazitakoa da, judoan, eta Munduko eta Europako txapelketak irabazitakoa (1991).

Politikari gisa: Alderdi Popularreko kide gisa sartu zen politikan, eta senatari postua lortu zuen 2004ko eta 2008ko hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.