Javi Graciak taldearentzat eta berarentzat «onena» dela uste duelako utzi du Osasuna. Entrenatzaileak minduta esan du agur, helburua ez duelako lortu eta bera delako erantzule nagusia: «Orbain handia da nire curriculumean, orain arte ez nuen halakorik, eta are handiagoa da nire bihotzean. Hori betiko da».
Graciak atzo eman zituen bere agurraren azalpenak, jokalariekin ordu erdi inguruko bilera egin ondoren. Kostata eutsi zien malkoei, eta azaldu zuen luze pentsaturiko erabakia izan dela: «Ez da Lehen edo Bigarren Mailan egoteak baldintzaturiko erabakia, ezta beste talde batzuen eskaintzengatik ere». Malaga eta Espanyolen eskaintzak jaso dituela zabaldu da.
Graciaren ustez, taldeari zorte pixka bat falta izan zaio, baina bere gain hartu du ardura: «Ni naiz lanaren, jokoaren eta lorturiko puntu kopuruaren erantzulea. Beste denboraldi batzuetan mailari eusteko aski izango ziren. Oso gertu gelditu gara». Graciak ez du «zama» bat izan nahi taldearentzat, eta esan du jarraitzea askoren begietarako «ulertezina» zatekeela. «Urtebete ez, bizitza osoa geldituko nintzateke Osasunan. Hori nahiko nuke, baina egungo egoeran hori ez da ona ez niretzat ez taldearentzat».
Hitz onik ez zen falta izan agurrean, ezta hunkidurarik ere. «Ez naiz egon, eta ezta egongo ere, Osasunak baino ilusio handiagoa egingo didan talde batean. Ni gorritxo bat gehiago naiz, eta tarte honetan gorritxo izatearen sentimendu hori txertatu diet nire seme-alabei». Agurreko azken hitzek hartzaile berezia izan zuten: «Beste modu batean bukatu nahiko nukeen. Patxik [Puñalek] ez zuen merezi horrela amaitzerik. Aitortza askoz handiagoa merezi zuen, bere futbolari ibilbide eta pertsona balioaren tamainakoa».
Javi Gracia: «Orbain handia da nire bihotzean»
Taldearentzat eta berarentzat onena delako utzi du Osasuna, eta maila galtzeak ez du erabakia baldintzatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu