Gaur egingo dizkiote elizkizunak Javier Otxoari, Malagan bertan. Barakaldokoa (Bizkaia) bazen ere sortzez, han bizi zen aspaldiko urteetan, eta han egingo diote azken agurra, gaur, 12:30ean, justu Espainiako Vuelta bere herritik pasatuko den egunaren bezperan. Gaixo zegoen azken urteetan, eta horren ondorioz hil da.
Gaztetatik nabarmentzen hasi zen Otxoa. Kelme taldearekin, etapa gogoangarri bat irabazi zuen 2000. urtean Tourrean, Hautacamen, Lance Amstrongekin berarekin buruz buruz lehiatuta. Euria eta haizea nagusi ziren egunean, Amstrongi ia hamar minutuko aldea ere atera zion
Baina hurrengo urtean, bere txirrindulari ibilbidearen gorenean zegoenean, Ricardo anaia bikiarekin entrenatzen ari zela, istripu larria izan zuten. Ricardo bertan hil zen; Javier, bi hilabete koman egon eta gero, berpiztu egin zen. Ez zen lehengoa, baina ez zuen txirrindularitzarako grina galdu. Berriro bizikletari heldu, eta urrezko eta zilarrezko domina bana lortu zituen bi Paralinpiar Jokotan jarraian: 2004an Atenasen, eta 2008an, Pekinen.
Alhaurin de la Torre herrian bizi zen, eta han irailaren 2an egitekoak ziren "Txirrindularitza Egokituko Espainiako Kopa bertan behera utzi dute. Otxoaren izena du lehiaketak, eta heriotzaren berri jakin ostean erabaki dute bertan behera uztea.