Gaizka Garitano. Eibarreko entrenatzailea

«Jendeak haserretu egin behar du gauzak gaizki egiten ditugunean»

Lehen bi partidak osatu ditu entrenatzaile modura Bigarren Mailan. Jokalari zela, ondo ezagutu zuen liga, eta orain beste lan batzuetan ari da, eta zelaian bezala aulkian ere, ez da ezkutatzen.

Aitor Manterola Garate.
Eibar
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Jokalari langilea zen Gaizka Garitano (Derio, 1975), eta entrenatzaile lanetan ere berdintsua da. Ipuruaren alboko zelaian bi orduko entrenamendua zuzendu eta gero, bideo emanaldia jarri die bere jokalariei. Goiz oparoa izan dute. Bazkaldu aurretik eta lanean jarraitu baino lehen, BERRIArekin egoteko tartea hartu du. Ez zaio erabat ahaztu larunbateko 0-3ko emaitza, baina hurrengo partidan sartua da buru-belarri.

Zer ikasgai atera duzue larunbateko partidatik?

Hirurogei minutuz ondo egon ginen, eta taldeak itxura ona eman zuen. Baina minutu horretan huts bat egin genuen, eta hortik aurrera ez genuen asmatu hamar jokalarirekin ondo jokatzen. Zaila izan arren jokalari bat gutxiagorekin arituta eta emaitza kontra izanda, ez ginen gustura geratu egindako lanarekin. Gainera, bederatzi jokalarirekin amaitu genuen, hiru penalti adierazi zizkiguten kontra... Garratza izan zen bukaera. Ikasi egin behar dugu horretatik ere, eta aurrera egin.

Zuk esan duzu une onak ere izan zituela taldeak, eta hori ere garrantzitsua izango da aurrera begira, ezta?

Bai. Bi taldeek jokalari kopuru bera izan genuenean ez ginen Girona baino gutxiago izan, eta partida irabazteko aukera ere eduki genuen. Ondorio onak ere atera egin behar dira, bai. Lehen partidan, Jaenen, norgehiagoka ona jokatu genuen, adibidez.

Bi partida baino ez dituzue jokatu, eta garaiz da ondorio handiak ateratzeko, baina esan daiteke Eibar ondo ari dela moldatzen Bigarren Mailan?

Bai. Jaen igo berria da, gu bezala, baina Gironak Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatu zuen aurreko denboraldian, eta oraingoan ere talde nahiko ona du. Taldea gai da maila ona emateko, bi partida hauetan ikusi den bezala, baina falta zaigu oraindik, jokalari berriek hobeto egokitu egin behar dute guk nahi dugun horretara. Kostako zaigu hori dena lortzea, baina uste dut taldeak gora egingo duela pixkanaka.

Las Palmasen ariko zarete larunbatean, eta beste aurkari zital bat da: hori ere igotzekotan egon zen azken denboraldian. Beste erronka handi bat?

Bai. Horien asmoa Lehen Mailara igotzea da, eta presio puntua daukate horretarako. Ez dira lar ondo hasi, eta minutuak aurrera doazen neurrian partida estu badoa, baliteke urduri jartzea. Gauzak ondo egiten baditugu, aukera izango dugu emaitza ona ateratzeko.

Nolako Bigarren Maila aurkitu duzu?

Hasieran gaude, baina ikusi ditugu hainbat partida, eta lehen bezalako maila dauka: altua. Girona lider dago, eta gu ez ginen askoz gutxiago izan. Ikusi beharko da nola joaten den liga, eta guretzat ez da erraza izango. Taldea ondo jarri behar dugu lehendabizi, eta ondo jarrita, maila emango dugu.

Jokatzeko ereduari dagokionez, nolakoa izango da Eibar hau?

Gure asmoa da aurreko sasoian bezala jokatzea. Orduan, lehenitzulian oso ondo jokatu genuen, oso erasokor, baloia atzetik jokatuta ateraz. Ikusteko ere polita izan zen. Gero, negua heldu zen, eta Ipuruako zelaia gaizki zegoen; jokatzeko eredua aldatu genuen, kontraerasoan gehiago oinarrituz, joko praktikoagoa egin genuen. Igotzeko kanporaketan ere antzera jokatu genuen. Orain, jakina, aurkari asko gu baino hobeak izango dira, eta zaila izango zaigu baloia hainbeste edukitzea. Atzean sendo egon nahi dugu, eta larunbatekoa ezin da berriz gertatu: Ipuruan ezin dizkigute hiru gol sartu. Gure atea hutsean lagata abiatu behar dugu, eta gero, baloiaren jabe garela, egin ditzakegu gauza politak, hegaletatik jokatuz eta.

Eibarri buruz hitz egiterakoan, bada topiko bat, eta honela dio: oso talde defentsiboa da. Zurea ere bada, baina baliabide gehiagorekin?

Aurreko sasoian erakutsi genuen zer garen. Gol asko sartu genituen ligan, igotzeko kanporaketan, Espainiako Kopan ere bai. Erasoko jokoa ere bada gurea, baina oreka izatea gustatzen zaigu, bi euskarrirekin jokatuta.

Oreka ekonomikoa eta Eibar uztarri berean joan ohi dira, eta fitxaketetan ere orekari eutsi diozue, ohi bezala.

Diru kontuetan ez gara iristen beste talde batzuen mailara, eta Eibarrek beti ekarri izan dituen jokalariak ekarri ditugu orain ere. Izen handia duen bakarra Diego Rivas da, baina hemen ingurura bizitzera etorri nahi zuelako ekarri dugu, bestela oso zaila izango baitzen erakartzea. Fitxatu guztien ezaugarria da langileak eta umilak direla.

Joan zen denboraldian Bigarren Mailara igotzeko presioa izan zenuen entrenatzaile modura, sasoi honetan, aldiz, ez jaistekoa daukazu. Ezberdinak al dira?

Tira, hemen presioa beti dago. Aurreko sasoian, aurrekontua asko jaitsi arren, igotzeko eskatzen zitzaigun hasieratik, jakin arren beste talde batzuk indartsuagoak direla. Orain ere presioa dago, eta larunbatean galduta, igartzen da badagoela. Baina hori da nahi duguna azken batean. Jendeak haserretu egin behar du gauzak gaizki egiten ditugunean.

Ligaz gain, Kopa ere baduzue, eta Tenerife egokitu zaizue, partida bakarrera eta Ipuruan, irailaren 11n. Kopa ere helburu duzue?

Helburua da, eta saiatuko gara kanporaketa pasatzen, baina garrantzitsuena liga da. Ez dugu hain talde handia bi lehiaketei aurre egiteko.

Entrenatzaile lana asko aldatzen da Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara?

Lan egiteko erari dagokionez, batere ez. Orain bidaiak luzeagoak dira, eta aurkariak, hobeak. Horiek dira ezberdintasunak. Denboraldi honetan ez ditugu izango aurrekoan izan genituen erraztasunak. Esaterako, kostako zaigujokalari bat gutxiago izanda partidak altxatzea.

Bi mailak alderatzen segituz, zein dira desberdintasunak?

Kalitate teknikoa handiagoa da Bigarren Mailan, eta azkarrago jokatzen da.

Etxean ala etxetik kanpo ibiliko da erosoago taldea?

Ikusi egin behar da. Baina etxean egon behar du gure indarrak; ezin dugu 0-3 galdu. Etxetik kanpo ere ondo moldatu beharko dugu, jakina. Partidaz partida joan behar dugu, puntuak edozein lekutan eta partidatan lor daitezke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.