Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala

Jenio baten disekzioa

Xala izan da binakako txapelketako pilotaririk onena, eta gaurko finalean haren jarduna izango da gako nagusietako bat. Berarekin txapeldun izandako hiru atzelariek Lekuinekoaren jokoaren bilakaera goratu dute.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Lasai irtengo da gaur kantxara, ziur. Ez omen delako finaletan urduritzen diren horietakoa. «Pilotari argia da, eta naturaltasunez bizi ditu finalak», Xalari buruz mintzo da Aitor Zubieta, iaz lekuindarrarekin txapeldun izan zen atzelaria eta egun haren botillero dena. Xala baita finaleko gako handietako bat. Txapelketa bikaina jokatu du Barriolaren alboan, dagoeneko irabazia du pilotari onenaren saria, eta gaur berak hartu beharko du ardura, Beroizen alboan, Olaizola II.ari eta Beginori irabazi eta binakako laugarren txapela janzteko.

«Beroizekin jokatzeak mesede egingo dio, berak gehiago sartu beharko duelako». Pedro Martinez de Eulateren usteada, 2007an Xalarekin txapela irabazitakoarena. «Binakako txapelketarik onena jokatu du, ardura hartuz. Gogoratzen naiz 2007an Etxanizek eta biok animatu egin behar genuela sar zedin, baina aurten berak eman du aurrerapauso hori». Oskar Lasa 2002an izan zen txapeldun Xalarekin, eta antzeko iritzia du. «Bera izan da txapelketako pilotaririk onena, eta iaz ere bai. Aurten, asko lagundu dio Barriolari».

Xalarekin jokaturiko txapelketaz gogoratzen hasi da Lasa. «Ez nuen ezagutzen. Banekien ezkerra zela eta airez ondo jokatzen zuela, baina ezer gutxi gehiago. Ezberdina zen, arraroa. Eta harritu ninduen: nik ez nuen espero hainbeste jokatuko zuenik». Eulatek ere gogoan du nola ekin zion bideari 2007an. «Lehen hiru partidak Chafeek jokatu zituen, eta Yves gero sartu zen. Bi urte txar paseak zituen, lesio askorekin, eta batere konfiantzarik gabe zegoen. Ez zen errematera sartzen, eta partidak asko gogortzen zitzaizkigun. Batez beste, 800 pilotakadatik gora jotzen genituen partidako, eta 1.200eko bat jokatu genuen Zornotzan».

Bilakaera agerikoa izan da Xalaren jokoan. Entrenamendu ordu asko izan dira, eta Ladutxeren errepikapen behartuek fruitua eman dute. Atzelariek sumatu dute beste inork baino hobeto. «Erregularragoa da», azaldu du Lasak. «Lehen ere oso ona zen binaka, baina orain maila horri eustea lortu du. Fisiko aldetik ere indartsuagoa da; nabaritzen zaio. Lehen, beti zegoen minez; orain, gogorragoa da». Zubietak, berriz, arlo psikologikoan ikusi du aurrerapausoa. «Zaildu egin da. Helduago ikusi dut aurten. Lehen, hotzagoa zen; orain, gehiago sartzen da partidan, eta lehenago. Inoiz baino hobeto dago, eta lanari muzin egiten ez badio, punta-puntako aurrelaria da».

Xala hiru bikotekiderekin izan da txapeldun, Zubieta, Eulate eta Lasarekin, eta Barriolarekin ere iritsi da finalera. Zubietak, Eulatek eta Lasak, gainera, oso ezaugarri desberdinak dituzte. Hor datza bertute handienetako bat, egokitzeko erraztasunean. Finalean dohain hori oso garrantzitsua izango da Beroizekin moldatzeko. «Yves, teknika aldetik, oso ona da. Hainbat dohain ditu, eta modu askotara joka dezake. Horregatik du halako atzelari eta titulu bilduma», goraipatu du Eulatek. «Yvesekin jokatzea oso erraza da. Bera ondo moldatzen da atzelari guztiekin, baina hein handi batean berak ematen dituen erraztasunengatik da», gehitu du Lasak.

Baina zergatik da erraza berarekin jokatzea? Zubietak eman du azalpen luzeena. «Asko gustatzen zait nola jokatzen duen, asko errespetatzen dituelako atzelariaren lana eta tokia. Atzelaria ez duzu hozten utzi behar, eta noizean behin pilota ona utzi behar diozu joka dezan. Atzelariari jokarazi egiten dio, hori da kontua. Badaude beste batzuk pilota guztietara sartzen direnak, eta pilota txarrak uzten dituztenak bakarrik, edota gaizki aukeratu eta euren burua saltzen dutenak». Lasak ere teknikoki arrazoitu du. «Gozamena da berarekin jokatzea. Bolearekin pilota txar asko kentzen ditu. Atzelariak atzerago joka dezake berarekin. Boleaz gain, oso ondo kokatzen da eta kantxa asko betetzen du».

Bostean, 'kieto'

Xalari buruz hitz egitean finalak datozkie burura ezinbestean; hiruretako inork ez ditu ahaztu. Lasa 2002koaz mintzo da, Olaizola I.a-Ruizen aurkakoaz. «Bostean jarri ginen biok, eta 'hemendik ez da ezta pilota bat pasako, e!' esan nion. Biok boleaz, dinbi-danba, eta kieto. Larrua bueltaturiko piloten garaia zen; primeran zetorkigun bioi. Finalean ondo hasi ginen, erraz irabaziz, eta Yvesek pilotakada jo zion buruan Asierri. Orduan, eurak suspertu ziren, eta bukaera estua izan zen».

Eulate, berriz, inoiz ez da 15. tantoaz ahaztuko. «Ondo hasi ondoren, Olaizola I.a eta Beloki aurretik jarri ziren, 17-14. Gure hamabosgarren tantoa oso gogorra izan zen, eta leher eginda nengoen arren, nire pilotakada batekin lortu genuen. Tanto hark indarra eman zigun». Zubietak, azkenik, iaz gauzak garbi zituztela du gogoan. «Argi genuen nola jokatu behar genuen, eta partida osoan eutsi genion. Alde horretatik, taxuz jokatu genuen finalean, arrastotik irten gabe».

Pilotariaz mintzo dira, baina, horrez gain, laguna ere badute. Zer moduzkoa ote da frontoitik kanpo. «Tipo itzela», oihukatu du Zubietak. «Lagun handiak gara, eta oso azkarra da. Jende asko dauka engainatuta, despistatu itxura du, baina oso azkarra da». Eulate da hiruretan berarekin tratu gutxien duena egun, baina ondo mintzo da. «Oso pertsona adeitsua da. Harreman ona dugu. Erraza da berarekin ondo moldatzea». Lasak ezagutzen du Xala hobekien; urteak dira. «Denetarik egin dut berarekin: oporretan joan, eskiatzera, golfean jokatzera berarekin eta Panpirekin… lagun handia da. Hori bai, norbaitekin egon nahi ez duenean, despistatu plantak egiten ditu, kar-kar… Oso jatorra da, eta berarekin ez zara aspertzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.