Joan da, baina ez du atea itxi

Eibarri agur esateko agerraldian, Jose Luis Mendilibarrek ez du baztertu itzultzea: «Etxean bezala sentiarazi naute». Klubak erabaki du harekin ez jarraitzea. «Ez dut beste taldeen eskaintzarik»

Jose Luis Mendilibar Ipuruako prentsa aretoa uzten, ate txiki batetik, atzo eguerdian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Badira pertsonak leku batetik joanda ere sekula joaten ez direnak. Itzultzeko aukera izaten edo izango dutenak leku horretara. Arrastoa utzi izanak ematen die aukera eder hori, eta Eibarren utzi du bai berea Jose Luis Mendilibarrek. Ez nolanahikoa. Nabarmendu egin da batere nabarmendu gabe. Hala egin zuen duela 17 urte, lehen aroan, eta berdin egin du azken sei urteetan, bigarren aroan. Hura izan da taldearen gidaria. «Magoa ez naiz gauzak aldatzeko», esan zuen atzo, agurreko agerraldian. Magoa ez, baina magia egin du Eibarren eta Eibarrekin, zelaian eta zelaitik kanpo, eta hori guztia lortu du den bezalakoa izaten: «Normal portatu naiz, gauzak ondo joan edo ez», esan zuen atzo.

Arrastoa utzi duelako izan zen atzokoa gero arte kutsuko agurra: «Atea hor dago, eta ni prest. Ez da arazorik izango». Txaloz agurtu zuten Ipuruako prentsa aretoa bete zuten kazetariek, klubeko kideek eta haren laguntzaile izan diren batzuek. Agur eginez erantzun zien Mendilibarrek, eta ate txiki batetik utzi zuen aretoa. Ipuruan segitu zuen gero, ordea, omenaldi antzeko bat baitzuen zain. Ez zen joan erabat. Mendilibar bezalakoak inoiz ez direlako joaten lekuetatik.

Amaia Gorostiza presidenteak egin zuen agurraren aurkezpena, eta gogoan izan zuen Eibarretik ez baina bizitzatik joan berri den Alfonso Barasoain. Arrastoa utzi zuen beste bat, kluba lehen aldiz Bigarren Mailara igo zuen entrenatzailea izan baitzen, eta bertan jarraitzeko mirariren bat egin zuena ere bai. Herenegun hil zen, noiz eta Eibarrek Mendilibarren agurra iragarri zuen egun berean.

Ezustea ez zen izan iragarpena. Bai, ordea, atzo Mendilibarrek kontatu zuena, ez baita bi aldeek adostasunean harturiko erabakia izan: «Amaiak jakinarazi zidan ez zutela nahi nik segitzea datorren denboraldian. Ligako azkeneko bi partiden artean jakinarazi zidaten». Onartu zuen berak ere zalantzak zituela segitu edo ez: «Lehen Mailatik jaitsi edo ez, batere garbi ez neukan jarraitu egin behar nuen edo ez». Entzun nahi ez zuena entzun behar izango zuen, ez delako atsegina inorentzat leku batean nahi ez zaituztela jakitea, baina, hala ere, samurtasunez eman zion akabera kontakizunari: «Amaia ni baino minduago joan zen, ez baita une onik horrelakoak beste pertsona bati jakinarazteko».

Samurra izaten ere bai baitaki Mendilibarrek, nahiz eta atzo ere onartu zuen ez dakiela jendea zoriontzen gauzak ondo egiten dituztenean: «Errazago ateratzen zait gauzak indarrez esatea txarto egiten dituztenean». Badakite horretaz asko haren agindupean sei denboraldiz izan diren jokalariek. Gogoan izan zituen: «Arazorik ez dut izan ia inorekin, eta entrenatzaile on gisa gogoratzea nahiko nuke». Beste erantzunen batean aipatu bazuen ere litekeena dela norbaiti «alukeriaren bat» egitea: «Gauza onekin geratzen naiz. Txarrak dira balio dutenak ikasteko».

Ikasten segitu nahi du, beraz, asko erakutsi duen horrek. Haren balioek Eibarrek dituenekin bat egiten duten galdetzean, sakontasunera jo zuen: «Balioak leku guztietan izan behar dira, eta denok eduki behar ditugu. Pertsona izan behar duzu, eta nik ez dut esaten zer balio ditudan; zuk esango didazu. Normal eta errespetuz jardun behar da, eta beste guztia etorri egiten da».

Etorri zaizkio bai laudorioak, eta atzo bertan, kazetari ia guztiek, esaterako, galdera egin aurretik «eskerrik asko, Mendi» esan zioten. Lanagatik, jarreragatik, guztiagatik. Hark izango du barru-barruan sei urte hauetan egindakoaren azterketa zintzoa. Erantzun batean baino gehiagotan izan zuen aukera egindakoaz hitz egiteko. Azkeneko emaitzari egin zion aipamena: «Jaitsi egin gara, eta egingo genuen zerbait gaizki egunerokoan, baina egin zitekeen guztia egin da». Sei denboraldiei buruz, honako hau: «Partida asko izan dira; oso ondo jokatutakoak ere badaude, eta egun horietan, estadioa saltoka uzten nuen, jokalariek nik nahi nuena egin zutelako». Estiloari ere aipamena, eta poz keinua: «Gure jokatzeko moduarekin segi edo ez entrenatzaile berriak erabakiko du, baina poza ematen dit beheko taldeetan lantzen ari direla ikusteak».

Saltoka, emozioak gainezka eta oihua ahoan zaleak izan dira Ipuruan, azken urte eta erdian izan ezik. Haiei egin zien aipamena Mendilibarrek eskertzak banatzen hasi zenean, hau esan eta gero: «Barkatu norbait ahazten bazait, baina ez dut ezer ekarri idatzita. Pentsatu ahala hitz egiten dutenetakoa naiz». Zaleez ez zen ahaztu ez:«Antzeman egin dugu haien hutsunea iazko martxotik. Oso puntu gutxi atera ditugu Ipuruan». Eskaera bat ere bai: «Jarrai dezatela taldea babesten. Ziur nago baietz». Eskertu zituen klubeko langile guztiak: «Egunero irribarre batekin hartu naute. Lanerako konfiantza erabatekoa izan dut, eta hori ordaintzeko ez dago dirurik».

Ordezkoari, aholkua

Eta orain zer? Umore puntuarekin erantzuna: «Zer nahi duzue, erretreta hartzea? Jarraitu nahi dut entrenatzen, baina ez dut aukerarik jaso. Baldin badator, aztertuko dut». Klubaren geroari buruz, ondorengoa: «Ondo dago, kontseiluak baliatu egin duelako Lehen Mailako egonaldia indartzeko. Orain, egun gogorrak dira, lan handia dutelako, baina egingo dute, ohituta daudelako». Lan bat entrenatzaile berria fitxatzea izango da. Aholkua Mendilibarrek berriari: «Balia ditzala klubean dauden gauza onak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.