Igor Makazaga. San Juaneko entrenatzailea

«Joan zen urtean baino azkarrago ibiliko gara»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Laugarren denboraldia du hau San Juan entrenatzen Igor Makazagak (Pasai Donibane, 1972). Ederki ari da taldeari etekina ateratzen, eta aurten ere molde berean ibiliko direlakoan dago.

Nolako San Juan ikusiko dugu aurten?

Iazko maila hobetzea da gure helburua, eta uste dugu bide onetik goazela. Horrela segitzen badugu, 2011ko San Juan 2010ekoa baino azkarragoa eta hobea izango da.Beste kontu bat da besteen ondoan jarri eta gero sailkapenean non gauden, haiek ere sekulako maila daukate eta.

Demagun iaz baino azkarrago ibiltzen zaretela, baina besteak ere bai, eta emaitzak ez direla iazkoak bezain distiratsuak.Nola azaldu gero San Juan hobea izan dela aurten?

Tira: urte guztiak ezberdinak dira. Atzera begiratzeak ez du balio, aurreko urtea ona egin zein txarra egin. Gure datuen arabera, maila hobea daukagu aurten, baina gerta daiteke emaitzak ez hain onak izatea besteek ere hobera egin dutelako. Akaso, garestiagoa egon daiteke aurten goiko lekuetan ibiltzea.

Helburu zehatzik jarri al duzue?

Zehatzena lehen esandakoa da, iaz egindako lana hobetzea. Ez dugu helburu jakin bat lortzeko beharrik ere, beste talde batzuek duten bezala; haiek propio indartzen dira irabazteko. Gurea ilusioa da; ez daukagu irabazteko obligaziorik.

Presiorik gabe ibiltze hori aldeko izan al dakizueke?

Guk, behintzat, ez daukagu presiorik goian ibiltzeko. Presioa beste batzuek dute. Klubak eta babesleek ez digute emaitzarik eskatzen. Geure buruari jartzen diogu presioa entrenamenduetan eta estropadetan, eta horrekin moldatzen gara.

Nolakoa izango da aurtengo San Miguel liga?

Esango nuke Kaiku, Urdaibai eta Astillero indartu direla ondoena, iazko taldeak baino hobeak dituztelako. Castro, Pedreña eta gipuzkoarrak beste koska batean gaudela uste dut, eta gauzak oso ondo egin beharko ditugu beste hiru horiekin batera edo hobeto ibiltzeko.

Taldean aldaketa gutxi izan dituzue iaztik hona, eta arraunean egiteko era ez zenuen aldatuko, ezta?

Laugarren urtea dut entrenatzaile, eta jarraipena da aurtengoa. Arraunlariak badakite zein den metodologia eta zer eskatzen zaien. Oraindik ere mutilek sinetsi egin dute planteatzen zaien gauzetan, eta ona da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.