Iruñean burua altxatu ezinik jarraitzen dute, eta jendea pazientzia galtzen hasia da —horren adibide dira azken egunotan Taxoaren agertutako afixak—. Azken jardunaldietan, Jose Luis Mendilibarrek zelai erdiko jokalariekin proba desberdinak egin ditu, taldeak duen gol falta konpontzeko asmoz. Hala ere, entrenatzaileak soluzioak aurkitu ezinik jarraitzen du, eta Osasunako zaleek izen bat gero eta gehiago dute gogoan: Raul Garcia (Iruñea, 1986). Bihar, gainera, aurkari izango dute, gorritxoek Atleticoren aurka jokatuko baitute, Madrilen.
Jokalari oso maitatua da Iruñean: etxean hezitakoa, kluba maite duena eta kalitate handikoa. Iazko denboraldian, Atletico Madrilek utzita ibili zen Nafarroako Erresumanjokatzen, eta erdilariak 11 gol sartu zituen 34 partidatan. Mendilibarrek gehien erabilitako jokalarietako bat bilakatu zen. Aldiz, hasi berri den denboraldian, Raul Garciak Madrilera itzuli behar izan du, eta hankamotz utzi du taldea.
Zelai erdiaren eta aurrelarien artean ez da ikusten iragan sasoiko konexiorik. Joseba Llorentek, Ninok, Armenterosek eta Kike Solak aurrelari postuak tartekatu ohi izan dituzte azken jardunaldietan, baina golak ez dira iritsi. Lauren artean bost gol sartu dituzte bakarrik, eta partidetan izan duten parte hartze txikia kezkatzekoa da.
Azken bost jardunaldietan, Mendilibarrek zelai erdiko postuak dantzan izan ditu. Taktika ez du aldatzen —4-2-3-1 erabiltzen du—, baina erdiko lerroetan aritzen diren bost jokalariekin proba ugari egin ditu.
Anthony Annan eta David Timor dira defentsaren aurretik, euskarri postuan gehien jokatu duten jokalariak. Baina benetako buruhaustea horien aurretik jokatzen duen hirukotean dago. Cejudo, Armenteros, Sisi, Lamah eta Masoud dira hirukote hori osatu duten jokalariak. Azken partidan, Betisen aurkakoan, Cejudo, Lamah eta Armenteros arituziren hasieratik. Argentinarra taldeko golegile nagusia da, bi gol sartuta, eta badirudi Raul Garciak utzitako lekua betetzeko jokalaririk aproposena dela.
Azken norgehiagoketan ez du erdilari lerrorik errepikatu Mendilibarrek. Oraindik ez du asmatu nork osa dezakeen aurrelariarekin konexioa hobekien lor dezakeen hirukotea. Joan den denboraldian, Cejudo ondo aritu zen, alboan Raul Garcia zuela. Sasoi honetan, zelai erdiko jokalari garrantzitsuenetako bat izaten ari da —jokatutako zazpi partidetan hasieratik aritu da—, baina ez du izan iragan sasoiko distirarik. Zaleak ez dira Raul Garciaren hutsunea nabaritu duten bakarrak. Entrenatzaileak eta taldekideek ere badakite talentu handiko jokalari bat galdu dutela.
Uste baino gutxiago jokatu
Ekainean itzuli zen Raul Garcia Madrilera, bere ibilbideko «denboraldirik onena» egin ondoren, baina bere lan ona ez da nahikoa izan hasierako hamaikakoan tokia irabazteko. Nahiz eta ilusio handiarekin itzuli, sasoia ez du nahi bezala hasi. Liga indartsu hasi du Atletico Madrilek, eta Bartzelonarekin batera sailkapeneko lehen postuan dago. Kalitate handiko jokalariak ditu Cholo Simeonek zelai erdian. Orain arte, Gabi eta Rodriguez erabili ditu gehien. Arda Turan eta Koke ere gustuko ditu Simeonek. Raul Garciak, berriz, bost partidatan besterik ez du parte hartu, eta horietatik hirutan soilik aritu da hasieratik —bi gol sartu ditu bost partida horietan—.
Ez da lehen aldia erdilariak egoera deseroso hori duena. Atleticon eginiko azken bi denboraldietan ere, nahi baino gutxiago jokatu zuen. Ez zuen lortu hainbat entrenatzaileren konfiantzarik. Aldiz, taldean eginiko lehen bi denboraldietan 30 partidatik gora jokatu zituen.
Joan zenetik, ezer ez da berdin
Raul Garciak joan den ekainean esan zion agur Osasunari. At. Madrilek utzita, 34 partida jokatu zituen, eta taldeko erreferentzia nagusia izan zen. Sasoi honetan, baina, Mendilibarrek oraindik ez du bete haren lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu