Oso palmares ona du Joaquim Rodriguezek (Parets del Valles, Herrialde Katalanak, 1979), baina hobea izan zezakeen erlojupekoetan hobeto ibili izan balitz, itzuli batzuk galdu izan dituelako gutxigatik. Aurten bertan bi, esate baterako: Euskal Herriko Itzulia hamabi segundogatik —Samuel Sanchez nagusitu zitzaion, azken egunean—, eta atzo Italiako Giroa —Ryder Hesjedalek kendu zion, hamaseigatik—.
Rodriguez bera, ordea, gustura dago erlojupekoetan hobetu egin duelako. "Oso harro nago erlojupekoetan eman dudan aurrerapausoarekin", esan zion BERRIAri duela hilabete eta erdi, Euskal Herriko Itzulia bukatu ostean.
Aurten Fleche-Wallone, Giroko bi etapa, Tirreno-Adriatikoko bat eta Euskal Herriko Itzuliko bi irabazi ditu bere palmaresa loditzeko. Lehen eraman izan ditu Frantziako Tourreko etapa bat, Espainiako Vueltako lau, Paris-Nizako bi, Kataluniako Volta, Ordiziako Klasikoa, Urkiolako Igoera...
Ondo ezagutzen du Euskal Herria; bertan egindako txirrindularia da. Ordiziara iritsi zen lehenengo, eta Azpeitira joan zen gero. Gogoan ditu garai haiek. "Ordiziako alberge-hotel txiki batera eraman gintuzten lehenengo taldeko atzerritar guztiak. 2000. urte hasieran, berriz, Azpeitira joan ginen. Beti esan izan dut txirrindulari ibilbideko urterik onenak izan zirela haiek; izugarri gozatu nuen. Maleta bat hartuta, batera eta bestera, lagunekin, bizikletarekin... Gogoan daukat harrituta geratzen nintzela taberna batera joan eta txirrindularitzari buruzko solasaldiren bat entzundakoan. Katalunian ez da gertatzen halakorik. Bi aitona asteburuan aritu ginen probari buruz hasten ziren, agian, eztabaidan... Sinesgaitza zen. Ametsa".
Hesjedal, Giroa irabazi duen lehen kanadiarra
Bere lehen itzuli handia du Hesjedalek (Kanada, 1980) Italiako Giroa, eta hango proba irabazi duen lehen kanadiar txirrindularia da. Ez du palmares handirik hark, bestela; 2009an Vueltako etapa bat eta askoz gehiagorik ez.
Thomas de Gendt geratu da hirugarren Giroan, 1.39ra. Lehen euskal txirrindularia, Mikel Nieve: hamargarren, 8.08ra.
Giroko etapak
- 1. etapa: Herning-Herning. Irabazlea: Taylor Phinney. Liderra: Taylor Phinney.
- 2. etapa: Herning-Herning. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Taylor Phinney.
- 3. etapa: Horsens-Horsens. Irabazlea: Matthew Goss. Liderra: Taylor Phinney.
- 4. etapa: Verona-Verona. Irabazlea: Garmin taldea. Liderra: Ramunas Navardauskas.
- 5. etapa: Modena-Fano. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Ramunas Navardauskas.
- 6. etapa: Urbino-Porto Sant'Elpidio. Irabazlea: Miguel Angel Rubiano. Liderra: Adriano Malori.
- 7. etapa: Recanati-Rocca di Cambio. Irabazlea: Paolo Tiralongo. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 8. etapa: Sulmona-Laceno. Irabazlea: Domenico Pozzovivo. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 9. etapa: San Giorgio Nel Sannio-Frosinone. Irabazlea: Francisco Ventoso. Liderra: R. Hesjedal.
- 10. etapa: Civitavecchia-Assisi. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 11. etapa: Assisi-Montecatini Terme. Irabazlea: Roberto Ferrari. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 12. etapa: Seravezza-Sestri Levante. Irabazlea: Lars Ytting Bak. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 13. etapa: Savona-Cervere. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 14. etapa: Cherasco-Cervinia. Irabazlea: Andrey Amador. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 15. etapa: Burso Arsizio-Lecco. Irabazlea: Mateo Rabottini. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 16. etapa: Limone sul Garda-Falzes. Irabazlea: Jon Izagirre. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 17. etapa: Falzes-Cortina d'Ampezzo. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 18. etapa: San Vito di Vadore-Vedelago. Irabazlea: Andrea Guardini. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 19. etapa: Treviso-Alpe di Pampeago. Irabazlea: Roman Kreuziguer. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 20. etapa: Caldes-Stelvio. Irabazlea: Thomas de Gendt. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 21. etapa (azkena): Milan-Milan. Irabazlea: Marco Pinotti. Liderra: Ryder Hesjedal.