Joera aldaketa berretsi da

Dommaraju Gukeshek eta Tan Zhongyik irabazi dute Hautagaien Torneoa, eta lehen aldiz ez da Europako jokalaririk izango Munduko Xake Txapelketako finalean.

 Tan Zhongyi eta Dommaraju Gukesh Hautagien torneoaren irabazleak. FIDE
Tan Zhongyi eta Dommaraju Gukesh Hautagien torneoaren irabazleak. FIDE
Josu Tornay.
2024ko apirilaren 26a
05:10
Entzun

«Lasai eta zoriontsu nago. Partida zoro hori ikusita, emozioak gora eta behera zihoazen. Baina, orain, nahiko ondo nago», adierazi zuen Dommaraju Gukeshek, Hautagaien Torneoa irabazi berritan. Ez zen bere partidaz ari, baizik eta Fabiano Caruanaren eta Ian Nepomniaxtxiren partidaz. Azken txanda bukatu aurretik izan zen, Gukeshen eta Hikaru Nakamuraren arteko partida berdinduta amaitzear zela, eta ia ziurtzat jotzen zenean Caruanak Nempomniaxtxiri irabaziko ziola. Abantaila zeukan, eta Nepomniaxtxik ez zuen lortzen haren jokoari kontra egitea. Emaitza horiek lortuta, Gukesh eta Caruana berdinduta zeuden bederatzi punturekin, eta astelehenean berdinketa hausteko partidak jokatu behar zituzten. Baina Nepomniaxtxik partida zailtzeko bidea aurkitu zuen. Caruana justu ibili zen lehen berrogei jokaldiak denbora barruan egiteko. Baina irabazteko aukerei eutsi zien. Ezustean, ordea, huts larria egin zuen, eta errusiarrak etekina atera zuen. «Tentel sentitzen naiz. Sinestezina da posizio hori irabazi ez izana», esan zuen Caruanak partida berdindu ostean atsekabetuta, egin egin zuen lanari kritika eginez.

17 urterekin irabazi du Gukeshek Hautagaien Torneoa, eta Munduko Txapelketako finala jokatuko duen jokalaririk gazteena ere izango da. Indiarrak teknika zaindua dauka. Baina ez hori bakarrik, baita irudimena ere. Haren adinerako ohikoa ez den heldutasuna erakutsi du, baita odol hotza ere. Baina Allireza Firouzjaren kontra ez zituen ezaugarri horiek erakutsi. Kontrakoa. Zalantzazko sakrifizioa egin zuen, denboraz gaizki ibili zen, eta abantaila eduki arren partida galdu zuen. Zaleentzat ahaztezina izango da Gukeshen irudia, partida galdu eta gero: mate sarean harrapatuta, esku batekin aurpegia estalita. Gero, burua mahai gainean jarri zuen, eta bi eskuak gainean. Etsita, zegoen. Baina, pixkanaka, gertatu zena onartzen zuen bitartean, pieza guztiak bere tokian jarri zituen, umiltasunez; bai bereak, baita aurkariarenak ere. Partida guztietan egin du hori, eta azpimarratzeko modu detailea da, goi mailan ez baita ohikoa.

Egun batzuk lehenago, 11. txandarako, Nepomniaxtxi berriro finalerako sailkatuko zela ematen zuen. Oso sendo ari zen jokatzen, eta artean partidarik galdu gabe zegoen. Hain zuzen ere, errusiarra izan zen torneo osoan partidarik galdu ez zuen jokalari bakarra. Hamalau partidetatik 11 berdindu zituen, eta hiru irabazi. Baina hori ez da nahikoa halako torneo batean nagusitzeko. Hamabigarren eta hamahirugarren txandetan Gukeshek bere partidak irabazi zituen, eta Nepomniaxtxik berdindu. Hamahirugarren txandaren ostean, Gukesh bakarrik geratu zen lehen postuan, eta Nakamuraren kontra berdintzea nahikoa zuen nagusitzeko. Profesionaltasunez, hori lortu zuen, eta Caruana eta Nepomniaxtxin arteko partidaren emaitzak lehen postua ziurtatu zion.

Emakumezkoen torneoan gauzak lasaiago joan ziren. Tan Zhongyi txinatarra oso ondo hasi zen, eta gero abantailari aparteko arazorik gabe eutsi zion. Zortzigarren txandan Lei Tingjie herrikidearen kontra galdu zuen, baina horrek ez zuen joera aldatu. Txapeldun izan zen, torneoa bukatu baino txanda bat lehenago, Humpy Koneru indiarrari puntu eta erdiren abantaila aterata.

Txina eta India, lidergoan

Munduko Txapelketako finalean ez da Europako jokalaririk izango, lehen aldiz. Wilhelm Steinitz austro-hungariarrak 1886an lehen Munduko Txapelketa ofiziala irabazi zuenetik, beti izan da jokalari europar bat finalean, eta kasurik gehienetan bi finalista kontinente horretakoak izan dira, batez ere errusiarrak edo sobietarrak. Capablanca, Fischer eta Caruana amerikar bakarrak izan dira final horietan, eta Asiak 1990eko hamarkadan izan zuen lehen finalista: Viswanathan Anand indiarra. Anand 2007. urtean izan zen lehen aldiz Munduko Txapeldun. Baina beti Europako jokalari baten kontra jokatu ztiuen finalak.

Aurten, Ding Liren txinatarra berriz txapeldun izaten saiatuko da, Gukeshen kontra. Final hori xake munduan azken urteotan gertatu den garapenaren isla izango da. Txinak hamarkadak daramatza xakea sustatzeko estatu politikak bultzatzen, batez ere goi mailan. Emakumezkoen kategorietan aspaldi dira nagusi. Kategoria irekian gehiago kostatu zaie, baina dagoeneko munduko txapeldun bat daukate. Indian, berriz, xakearen garapena herrikoiagoa izan da, batez ere Ananden garaipenek bultzatuta. Sortutako interesa ikusita, talentua duten gazteei sostengu garrantzitsua eskaini die, eta emaitzak bizkor heldu dira; bai hautagaien torneo irekian, bai emakumezko torneoan. Zortzi sailkatuen artean, Indiako hiru jokalari izan dira kategoria irekian, eta bi emakumezkoetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.