Iñigo Perez. Athleticeko jokalaria

«Jokatu ez arren, hobetzen ari naiz»

Erdilari nafarrak argi dauka zein den gaur egun bere egoera taldean, eta ez du kexatzeko arrazoirik ikusten. Athletic «ondo» ari dela dio, baina gehiago emateko gai dela ere bai.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Futbolean ez da ohikoa jokatzen ez duen futbolari bati «gustura» dagoela entzutea. Jokalariak berekoiak dira, eta ia guztiek uste dute lekua merezi dutela hamaikakoan. Salbuespenak ere badaude, ordea. Iñigo Perez da horietako bat (Iruñea, 1988). Erdilari nafarrak aurreko sasoian egin zuen debuta Athleticen, baina denboraldi honetan egin diote lehen taldeko fitxa.

58 minutu eskas jokatu dituzu, hiru partidatan banatuta. Gutxi, aukeran.

Ni oso pozik nago. Argi dago askoz gehiago jokatzea dela nire helburua, baina gustura nago.

Espero zenuen hain gutxi jokatzea?

Bai. Hasieratik izan dut argi nekeza izango zela jokatzea. Maila handiko jokalariak daude Athleticen. Hala ere, ez daukat etsitzeko asmorik. Ezin diot jokatzeari uko egin.

Euskarrian zein ezkerretik jokatu izan duzu. Zein postutan moldatzen zara hobeto?

Bi postuetan nago gustura. Zenbat eta postu gehiagotan jokatzeko gai izan, orduan eta hobeto. Nik erdian jokatu dut beti. Dena dela, hegalean jokatzeak aurkariaren ate ingurura ailegatzeko aukera gehiago ematen dit.

Ezker bikaina omen duzu.

Nire dohain nagusietako bat da. Jokalari bakoitzak bere gauza onak ditu, eta nirea ezker oina da.

Ezker ona izateaz gain, zein dira zure ezaugarri nagusiak?

Baloirik gabe baloiarekin baino askoz gehiago sufritzen duen futbolaria naiz. Baloia hartu eta alde batera eta bestera jokatzea dut gustuko.

Esan duzunagatik, defentsan oldarkorragoa izatea falta zaizu.

Hala da. Arlo horretan beti izan ditut gabeziak. Baloia berreskuratzean badaukat zer hobetu.

Zein futbolari izan dituzu ispilu?

Athleticen, Yeste. Gehien gustatu zaidana da. Harekin sarritan alderatu naute, baina alderaketa horrek ez dauka ez bururik ez hankarik. Umetan, berriz,Hristo Stoitxkov miresten nuen.

Jokatu ez arren, hobetzen ari zarela uste duzu? Edo atzerapausoak ematen ari zara?

Hobetu egin dut. Joan den sasoian lehen taldearekin entrenatzen hasi nintzenetik asko hobetu dudala nabaritu dut. Jokatzen ez dudanez, jakinekoa da Lezamara egunero etortzen ez denak ezin duela jakin aurrerapausoak ematen ari naizen edo bidean geratzen ari naizen. Baina jokalariok autokritikoak gara, eta nik badakit hobetu egin dudala.

Beste talde batera utzita joatea pentsatu duzu?

Ez dut taldea lagatzea pentsatu. Hazteko Athleticetik irten behar dudala esaten badidate, ez da arazorik egongo. Baina, oraingoz, talde zuri-gorrian daukat burua.

Kopatik kanpo geratuta, are eta zailagoa izango da jokatzea.

Argi dago. Baina denboraldia luzea da, eta prest egon behar da aukera izanez gero maila emateko. Sekula ez da jakiten noiz etor daitekeen aukera.

Zer daukazue Iruñeko Txantrea auzoko gazteek horrenbeste kirolari irteteko?

Futbolerako zaletasun itzela dago. Haur guztiek jokatzen dute. Lagun talde bat goi mailara ailegatu gara, eta horregatik hitz egiten da horrenbeste, baina beste herri askotan ere antzekoa gertatzen da. San Josek, Ekizak, Adrien Goñik [Athletic B-ko jokalaria] eta laurok elkarrekin jokatu genuen Txantreako taldean. Iraizoz, Cuellar, Muniain… ere Txantreakoak dira, baina bidean geratu direnak ere asko izan dira.

Zuk ere gutxi maite duzu Osasuna?

Ez, ez. Kontu horrekin nahastu egiten dituzte gauzak. Txantreak Athleticekin du hitzarmena, eta horrek ez die grazia handirik egiten Osasunako zaleei. Horregatik, elkarren aurka aritzen direnean lehia handia egoten da. Baina guk ez dugu Osasuna gorroto. Gure herrialdeko taldea da. Familiarteko askoren taldea da, eta hori errespetatu egin behar dugu.

Bihar amaituko da lehen itzulia. Ondo jokatu duzuela uste duzu?

Baietz uste dut. Hala ere, gure taldearen maila aintzat hartuta, hobetu egin dezakegula uste dut. Detaile txikiak zuzentzen baditugu, goian egongo gara.

Sasoi hasierako helburua ez da aldatu. Europarako sailkatzea, alegia.

Hala da. Finean, emaitzek esaten dute zein izan behar den helburua. Gu Europako postuetatik gertu gaude, eta helburua lortzeko egin behar dugu borroka.

Horretarako, ezinbestekoa izango da Racing mendean hartzea.

Beste denboraldi batzuetan lortu ez duguna ari gara egiten: etxean sendo aritzea. Etxetik kanpo ez gara horren fin aritu, baina zaleen aurrean ondo ari gara. Bide beretik jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.