Jokin Etxaniz: «Hobetzeko tarte handia du Altunak, batez ere fisikoan»

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zazpi Iturrin du iragana Jokin Altunak, baina etorkizuna Aspen, eta bertan, Jokin Etxaniz (Bergara, Gipuzkoa, 1970) enpresako kirol zuzendariaren aginduetara ari da. Amezketakoak azken urtean «jauzi fisikoa» eman duela uste du, eta, aurrera begira, hobekuntza tarte handiena hortik etor dakiokeela sinetsita dago. «Ahal fisikoa asko hobetu dezake. Urte honetan erresistentzia eta indarra hartu ditu, eta horiei esker hobeto eusten die partidei. Teknikoki ere hobetu daiteke, baina bilakaera fisikoari lotuta egongo da, gauza gehiago egin ahal izango dituelako». Etxanizek 15 urte zituenetik jarraitu izan ditu Amezketako gaztearen pausoak.

Altuna, izan ere, ez da jotzaile handia, baina Etxanizek uste du hor ere asko egin dezakeela gora. «Eskuin kolpea, esaterako, landu egin behar du. Ez da jotzailea, baina askotan berak ematen du partidako pilotakadarik luzeena. Hor zerbait dagoen seinale da. Orain pilotakada bakarra dena partidan sei edo zazpi izan daitezela lortu behar dugu». Irujoren eredua jarri du teknikariak. «Gauza bat esan nahi dut, ez dut esan nahi Jokinek Juanen ahal fisikorik duenik, baina bai hark adinako bilakaera egin dezakeela. Hark debutatu zuenean pilotakada eta bolea harrigarriak jotzen zituen, baina, indartu ahala, tankera horretako pilotakada gehiago jotzen zituen».

Bilakaera erraz azaldu du: «Orain artista da, pilotari argia, baina lan egiten jarraitu behar du. Ezker gantxoa, adibidez, indar handiagoarekin jo ahal izango du. Hori, baina, ez da bakarrik iriste». Dena den, oso pozik dago ematen ari den mailarekin, eta Iker Irribarria ere izendatu du. «Oso denbora tarte txikian Titin, Xala, Gonzalez... joan ziren, eta gero Irujorena gertatu zen. Kolpetik trantsizioa egin behar izan genuen, eta pilotari guzti-guztiek oso ondo erantzun zuten. Bi gazte horiek, baina, oso bizkor iritsi dira gora, lehen finalera behintzat. Orain ikusi behar dute dena ez dela polita izango, eta bolada txarrak ere etorriko direla, eta urte asko gelditzen zaizkiela aurretik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.