Hegoafrika erregulartasun ikaragarria erakutsita iritsi da finaleraino. Sailkapenmultzoetan kontrolpean eduki zituzten haien arerio guztiak. Final-laurdenetan eta finalerdietan, berriz, ez zuten beste munduko arazorik eduki Fiji eta Argentina kanporatzeko. Oso bloke homogeneoa dauka Jake White hautatzailearen taldeak. Ezaugarri onak lerro guztietan dituzte. Hutsuneak, aldiz, ia inon ere ez.
Springboks-ak haien buruaz oso seguru daude, eta kopa irabaztea daukate bakarrik buruan:«Super 14ean (Zeelanda Berriko, Hegoafrikako eta Australiako probintzien arteko txapelketa), Hegoafrikako bi talde zeuden finalean. Selekzioko gehienak bertan zeuden. Iaz, Hiru Nazioen txapelketa irabazi genuen. Nire taldeak urte hauetan ikasitakoa ondo uztartzeko beharra dauka soilik, munduko txapelduna izateko». Jake White Hegoafrikarren hautatzailearen hitzak dira, eta bistan dago konfiantzaz lepo dagoela finalari begira.
«IRABAZTEN DUEN JOKOA». Baina Ingalaterrak ez dizkie erraz ezarriko gauzak. Ingelesak jokatzeko oso zailak dira, edozein talderi halako egonezina sortzen diete. Izan ere, beraien jokoa ez da eraikitzean oinarritzen. Haien lehentasuna arerioaren jokoa suntsitzea da. Aitzinean beti gatazkan ibiltzen dira, baloi jabetza asko oztopatzeko, eta arerioaren baloiak usteltzeko. Irabazteko, baloia luzaroan gorde, eta Wilkinsonen zangoaren alde egiten dute.
Ingalaterra arerio gaitza bilakatzen duena, jokalari guztiek joko minimalista eta oztopatzaile horretan itsuki sinesten dutela da. Betidanik, Ingalaterrako errugbiaren kulturan errotuta dago aitzineko lehia eta oztopatze hori, eta jokalariek konplexurik gabe onartzen dute beraien estiloa. «Guk egiten dugun errugbia ez da munduko politena. Baina, gurea, irabazten duen errugbia da. Eta horrek du axola azkenean». Ben Kay Ingalaterrako bigarren lerroaren hitzok ingelesen fedearen erakusle dira.
HEGOAFRIKAREN ASTINDUA. Horiek hala, ez dirudi ingelesen irabazle senak hegoafrikarrak gehiegi kezkatzen dituenik. «Gure buruarengan konfiantza daukagu. Konfiantza ezinbestekoa da hitzordu garrantzitsuetan zalantzarik ez edukitzeko. Finkatu genituen helburuak bete ditugu, eta ez daukagu zertan beldurrik sentitu. Horrek ez du erran nahi umiltasuna galdu dugunik». Percy Montgomery hegoafrikarren eta txapelketaren tantogile nagusiak bere eta taldearen lasaitasuna islatzen du adierazpen horiekin.
Egia da Afrikakoek badaukatela nahikoa arrazoi finala haien indarrarekin seguru egonez hartzeko. Munduko Kopan arrosakoek eta springboks-ek elkarren aurka neurtu dituzte indarrak dagoeneko. Partida horretan Hegoafrikak Ingalaterrari emandako jipoia denon burutan dago oraindik (36-0), eta aditu eta kazetari guztien ahotan ibili da finalaren aitzineko aste honetan.
Orduko partidak xehetasun anitz eman ditu final hau irabazteko menperatu beharko diren gakoei buruz . Hegoafrikak ederki baino hobeto baliatu zuen haren gibeleko jokalarien bizitasuna. Habana eta Pietersen hegalekoak ezin hobeto aritu ziren. Bigarrenak bi entsegu sartu zituen. Horrez gain, Hegoafrikaren eskasak baloiak erraz jokatzea ekarri zien gibelekoei. Botha eta Matfield zeruen erregeak izan ziren orduan, eta baloi jabetza segurtatzeko berebiziko garrantzia izan zuen eskasak. Ingalaterraren alde, orduan Wilkinson min hartuta zegoela aipatu behar da. Uztartzeetan ere oso estu hartu zituzten ingelesek hegoafrikarrak, egiari zor.
Partida horretan gertatutakoa lantzen ibili dira bi taldeok, eta ikusi beharko da nolako erantzunak prestatu dituzten bi taldeetako prestatzaileek. Ben Kay ingelesa eskaseko lehiarako prest agertu zen ostegunean hedabideen aurrean emandako agerraldian: «Hegoafrikarrak oso lehiakorrak dira. Bothak eta Matfieldek salto egiten dute bakarrik, baina zulo guztiak tapatzen dituzte. Hala ere,gure ahaletan sinesten dut. Fisikoki inposatzea gustukoa dute. Baina, azken finean, haien taktikak irakurterrazak dira. Gero, bi metrotik gorako jokalariei baloia lapurtzea besterik da».
Uztartzeei dagokionez, Hegoafrikako aitzinlariek behin eta berriz landu dituzte aste osoan. Ingalaterrak alor horretan gaina hartzea lortuz gero, psikologikoki sekulako kaltea egiten ahal diete, eta ez dute sailkapen faseko partidako estutasunik pasa nahi. Hala ere, haien ahultasuna onartu zuen Gert Smal, Hegoafrikako aitzinekoen entrenatzaileak: «Alor horretan ez ginen onak izan. Ez dugu lantzeko denbora handirik ukan, bideoarekin batez ere».
Baina, partida irabazteko, Hegoafrikak Ingalaterrak aitzinean ezarri nahiko dion etengabeko borrokatik harago joan nahi du. Nahiz eta aitzinean fisikoki erantzuteko moduko zortzikotea izan, partida irabazteko gibeleko jokalarien bizitasuna eta indarra erabiltzea dute xede hegoafrikarrek: «Errugbian irabazteko, aurkariak baino puntu gehiago sartu behar dira» dio, erraterako, Juan Smith hegoafrikarrak. Fourie du Preez uztartze erdiak ere abiaduraren alde egiten du: «Gure taldeak azkar jokatzea gogoko du. Ez gara beste taldeak petoa noiz eginen zain egoten. Petoak guk sortu nahi ditugu». Gau honetan ikusiko da, Munduko Kopa irabazteko arerioaren jokoa oztopatzea ote den hautu ona. Ala hegoafrikarrek egin nahi duten gisara, jokoari bizitasuna emateak erabakiko duen finala.
DaTua
115
Hegoafrikako aitzineko jokalariaren batez besteko pisua. Ingelesen pisua 114,75 kilokoa da, batez beste.121. Hegoafrikako lehen lerroko batek 121 kilo pisatzen ditu batez beste. Ingalaterrakoak, berriz, 114.
ParTIDaren GaKoaK
1Uztartzeak. Bi taldeen arteko uztartzeen borrokan nagusitzen denak pauso handia emanen du partida irabazteko.2Eskasak. Hegoafrika hobea da alor horretan, eta ingelesak estutasunetan jar ditzakete.
3Hegalak. Pietersen-Habana bikoteak asmatzen badu, Ingalaterra larri ibiliko da.