Modu asko daude Olinpiar Jokoei erreparatzeko. Berezienetako bat, boluntarioena. Jokoen egituraren eta antolakuntzaren zutarrietako bat dira, funtsezkoak egunerokoak funtziona dezan. Gune olinpiko guztietan daude, eta erraza da haiek identifikatzea: kamiseta berdea daramate, eta mahuka batean Jokoen ikurra eta volontaire hitza (boluntario frantsesez) duen adabaki bat, baita kapela koloredun bat ere. Familia olinpiko jendetsuena dira, denera 45.000 ari baitira lanean. Askotariko eginkizunak dituzte: kirolariei lagundu, ikusleak kokatu, kazetariei zalantzak argitu... Baldintza hauek bete behar izan dituzte bertan egoteko: 18 urte baino gehiago izatea, frantsesez edo ingelesez ondo hitz egitea, eta gutxienez hamar egunez lan egiteko prest egotea. Mundu osotik ailegatu dira, eta askotariko arrazoiek bultzatuta. Bidaia eta egonaldia haiek ordaindu behar izan dute.

Aurelia Denis
Boluntarioa
«Nire ibilbideari ginga jartzea da hemen egotea»
Aurelia Denis 2 urterekin hasi zen gimnastika artistikoa egiten. Bizi osoa darama kirol horri lotuta. 16 urterekin entrenatzaile hasi zen, eta, ondoren, epaile ere jardun zuen. Gimnastika maite du, eta horrek bultzatuta eman zuen izena Jokoetan boluntario izateko programan.«Haurra nintzela hasi nuen bideari ginga jartzea da hemen egotea. Urtarrilean jakin nuen aukeratu nindutela, eta ezin nuen sinetsi. Asko hunkitu nintzen», aitortu du.
Chapelle Arenan ari da lanean. «Gimnastei lagundu, musika jarri, esatari lanak egin... Denetik egitea egokitzen ari zait: izugarri pozik nago». Simone Biles ikusteko irrikaz zegoen: «Baina batez ere Frantziako gimnastei erreparatzen diet; haietako asko txikitatik ezagutzen ditut».
Frantzia iparraldeko herri batekoa da, baina haren senideek etxea dute Parisen. Bertan bizi da Jokoak iraun bitartean. «Alde horretatik, bai egonaldia, bai hona etortzeko bidaia nahiko merke atera zaizkit» Antolakuntzak otordu bat eta garraioa ordaintzen die. Gainerakoa, beren poltsikotik jarri behar izaten dute. Denisek pena du ez zuelako aukerarik izan hasiera ekitaldian egoteko. «Behintzat, bukaera ekitaldirako sarrera daukat. Gogoa dut ikusteko».

Steven Stecher
Boluntarioa
«Zortzigarren aldiz nago Olinpiar Jokoetan, lehen aldiz boluntario»
Eskarmentua du Olinpiar Jokoetan Steven Stecherrek. Kaliforniakoa da (AEB), eta zortzigarren aldia du munduko kirol ekitaldi nagusia bertatik bertara ikusten. «Azkenengoen artean, Tokiokoetan baino ez dut huts egin, COVID-19arengatik». 1984. urtean Los Angelesen jokatu zirenak dira oroitzen dituen lehenak. «Txunditu egin ninduten. Gerora, zale moduan ikusi izan ditut beti, harmailetatik gehienetan». Onenak zeintzuk izan diren galduta, ez du zalantzarik egin, eta berehala erantzun du. «Pekingoak. Hiriak txundituta utzi ninduen, eta antolakuntza ere oso ona izan zen». Oraingo honetan, ordea, beste modu batera bizitzeko aukera du. «Barruagotik bizi nahi nituen: Jokoen atzean zer dagoen ikusi».
Boluntario hautatua izateko prozesua nolakoa den azaldu du. «Sinplea da, egia esan. Plataforma batean zure curriculuma igo behar duzu, eta zuri buruzko galdetegi bat bete. Besteak beste, galdetzen dizute zergatik izan nahi duzun boluntario, eta zein diren zure kirolik gustukoenak». Stecherri, dena den, ez zaio egokitu kirolgune batean egotea, baizik eta prentsagune nagusian. Hor ere ezinbestekoa da boluntarioen lana, 24 orduz baitago irekita: prentsaurrekoetako gelak prest daudela ziurtatu, kazetarien zalantzak argitu eta haien beharrak ase... horretan aritzen da. Horrenbestez, kirol kazetarien jarduna bertatik bertara ezagutzeko parada du egunotan.
Lau egun jarraian egiten dute lan, eta ondoren atseden hartzen dute egun bat. Stecherrek hori baliatzen du kirol probaren bat ikustera joateko: «Nire kirol kuttuna hondartzako boleibola da, eta orain futbola ere asko ikusten ari naiz».

Thomas Chambon
Boluntarioa
«Ospetsuei harrera egiteko taldean nago»
Thomas Chambon Paris kanpoaldean bizi da, eta Hezkuntza Ministerioan egiten du lan. Irakasleak trebatzen ditu. «Udan oporrak ditudanez, boluntario izatea aukera ona izan zitekeela pentsatua nuen. Azken batean, duela ehun urte egin ziren azken aldiz Olinpiar Jokoak Parisen, eta uste dut herrialdeak behar zuela halako zerbait, eta herritarroi zerbaitetan laguntzea zegokigula». Jokoetara datozen pertsona oso ospetsuei harrera egiteko taldean dago. «Besteak beste, Emmanuel Macron presidentearekin egon naiz. Haiek iristerako, denak prest egon behar du, eta hori da gure egitekoa. Politikari bati, kirolari ohi bati, edozeini harrera egitea egokitu ahal zaigu».
Ez da ospetsuak miresten dituzten horietakoa. «Lagunek eta senideek galdetu didate ea ez dudan argazkirik atera haiekin, eta, ezetz esatean, harritu egiten dira». Baina bada ikusi nahi duen kirolaririk? «Teddy Riner judoka ezagutu nahiko nuke. Izar bat da hemen, eta zeresanik ez Olinpiar Jokoetan».
Hiria asko aldatu den galdetuta, zera erantzun du: «Paris beti izan da hiri turistikoa, beti egon da jende asko. Baina egun hauetan are gehiago. Bestalde, inguru batzuk garbiago eta txukunago daude, baina beste batzuetan zikinkeria dago». Eta prezioen inguruan erreferentzia bat eman du: «Ekainetik hona, adibidez, botil bat ur euro bat garestitu da».

Siow Tee
Boluntarioa
«Frantsesa ikasten ari naizelako eman nuen izena»
Boluntarioen artean, badira kirola gustuko ez duten pertsonak. Horietako bat da Siow Tee. Malaysiakoa da, eta hizkuntzak ekarri du Parisera. «Frantsesa ikasten ari naiz, eta aukera aparta iruditu zitzaidan erabiltzeko. Ederra da etengabe erabili ahal izatea, eta menperatuz joatea», nabarmendu du.
Igeriketa zentroan lan egitea egokitu zaio. «Probak ikustera datozen zaleak dagokien lekuan kokatzen laguntzea da nire lana. Horrela, aukera dut beste hizkuntza batzuk hitz egiteko ere: adibidez, ingelesa. Gainera, gustuko dut jendearekiko tratua». 08:00etatik 15:00etara aritzen da. «Finalak eta proba nagusiak arratsaldez direnez, giro lasaia dago. Arratsaldean, lankideek esan didatenez, mugimendu handiagoa izaten da».
Garbi du zertarako aprobetxatuko dituen tarte libreak: «Artea asko gustatzen zait, eta ahal den neurrian hemen museoak eta galeriak ikusteko baliatu nahi dut, nahiz eta turista asko dauden eta agian ezingo ditudan espero bezain lasai ikusi; eta, noski, hemengo eraikin famatuenez ere gozatu nahi dut. Hiri ikusgarria iruditzen zait». Dena den, aitortu du zaila dela Olinpiar Jokoetako zurrunbilotik ihes egitea. Denda ofizialean bertan dago, erosketa batzuk egiten. «Etxekoentzat eta lagunentzat kamiseta eta boligrafo batzuk erosi ditut Jokoetako ikurrarekin. Eskatu egin zizkidaten».
Paralinpiar Jokoetan ere izango da. «Esan ziguten horietarako boluntarioak lortzea zailagoa zela, eta berehala baiezkoa eman nuen. Uste dut merezi dutela. Kirolari paralinpikoek sekulako meritua dute, eta bizi esperientzia moduan oso baliagarria izango dela iruditzen zait».

Santiago Alvarado
Boluntarioa
«Negu osoa eman dut lanean hona etorri ahal izateko»
«Boluntario izateko epea zabaldu zutela esanez bideo bat ikusi nuen Interneten. Lagun taldean aipatu nuen, eta, txantxa moduan, batzuek izena eman genuen. Azkenerako, bakarrik etorri naiz. Besteek atzera egin zuten», azaldu du irribarre artean Santiago Alvaradok. Mexikotik ailegatu da, Guadalajara hiritik. 2008. urtean hasi zen Jokoak ikusten. «Pekinen izan ziren. Gogoan dut ordutegi aldaketa zela medio ordu txikietan jaikitzen nintzela telebistaz ikusteko». Eta nola da bertatik bertara bizitzea?: «Oso gustura nago. Nirekin batera lanean ari diren boluntarioak ezagutzeko aukera izan dut, eta oso atseginak dira, eta hiria ere ederra da». Haietako pare batekin dago, bazkaltzen. «Giro aparta daukagu, dena baikaude ilusio handiz».
Urtarrilean esan zioten onartu zutela. «Prozesua ez da zaila, baina bai luzea. Orduan hasi nintzen hegaldia eta ostatua begiratzen. Dena oso garesti zegoen. Diru pixka bat nuen aurreztua, baina negu osoa egon behar izan dut lanean hau ordaintzeko. Ikasketekin uztartu behar izan dut, Ingeniaritza ikasten ari bainaiz. Baina merezi izan du ahaleginak». Ikasleen egoitza batean hartu du ostatu: «Azken batean, zeuden aukeren artean merkeena zen, eta bertan ere oso giro ona daukagu».
Taekwondoko eta eskrimako kirolariei laguntzen ari da. «Telebistan edo zuzenean ikustea ez da gauza bera. Kirolarien erreakzioak ikusten dituzu, eta haiek une bakoitza nola bizi duten». Ingeniaritza mekanikoa ikasten du Alvaradok, baina bere ikasketekin zerikusirik ez eduki arren, espero du esperientzia honek balio izatea hazten jarraitzeko. «Batez ere pertsona moduan, beste herrialde batzuk ezagutzeko aukera beti da aberasgarria: bizitzeko ohiturak, kultura.... Esperientzia honetatik, hori gordeko dut buruan, batez ere».