Ahazteko modukoa izan da Espainiako Lehen Mailako zazpigarren jardunaldia euskal taldeentzat. Galdu egin dute Athleticek —Granadillaren aurka— eta Realak —Sevilla B-ren aurka—, biek etxean, eta biek 0-1eko emaitzarekin. Sailkapenean, ordea, bada alderik bien artean. Talde zuri-gorria seigarren da, hamabi punturekin. Talde txuri-urdina, berriz, azkena da, zazpi jardunaldi jokatuta puntu bakar bat ere lortu gabe.
Realarena da bietan kezkagarriena, jota baitago. Asteek aurrera egin ahala, gero eta handiagoa da erakusten ari den ezintasuna. Igandean oso partida eskasa jokatu zuen Sevilla B-ren aurka. Espainiako taldeak ez zuen gauza handirik egin, baina nahikoa izan zitzaion irabazteko, Reala ez baitzen gai izan aurkaria estu hartzeko. Beste behin, agerian geratu zen taldeak gola sartzeko dituen zailtasunak. Estatistika argigarria da: bi gol bakarrik sartu ditu. Hain da larria taldearen egoera, ikusteko dago Juanjo Arregik jarraituko duen edo klubak pizgarri bat bilatuko duen hura ordezkatuta. Egutegiak, gainera, ez dio lagunduko. Izan ere, Espanyol, Rayo Vallecano eta Levanteren aurka jokatuko du hurrengo hiru jardunaldietan, aurkari gaiztoak hirurak.
Athleticen egoera ez da horren larria, baina bai kezkagarria, jokatu dituen azken lau partidetatik hiru galdu baititu. Iragana dira denboraldi hasieran taldeak helarazten zituen sentsazio onak. Suspertu beharrean dira Joseba Agirre eta jokalariak.
Unai Nuñez, 2023ra arte
Athleticek 2023ra arte berritu dio kontratua Unai Nuñezi. 20 urteko erdiko atzelari portugaletetarrak sasoi honetan egin du estreinakoa lehen taldearekin, baina jada funtsezkoa da Jose Angel Zigandarentzat. Espainiako Ligan, adibidez, minutu guztiak jokatu ditu; 900, hain zuzen ere. Klubak argi du berme handiko jokalaria dela, eta, horregatik, kontratua berritzeaz gain, 30 milioi euroko etete klausula jarri dio. Pozarren da jokalaria. «Ametsa da beste sei urtez jarraitzea».
Jota dago Reala, eta kinka larrian Juanjo Arregi entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu