Juanjo Arregi (Urnieta, Gipuzkoa, 1964) izango da Realeko entrenatzaile berria. Azken asteetan Zubietan bili-bolo zebilen albistea atzo baieztatu zuen taldeak. Euskal selekzioko hautatzaile ohiak Añorgan hasi zuen entrenatzaile bidea, eta, orain, bi urterako kontratua sinatu du txuri-urdinekin.
Bi hilabete igaro dira Realak Igor San Miguelek jarraituko ez zuela jakinarazi zuenetik, eta atzo ezagutu zuen entrenatzaile berria. Arregiren izena berehala irten zen hedabideetan, eta denborarekin indarra hartuz joan da. Teknikariak adierazi du bere ibilbideko «erronkarik handiena» dela, bide batez, elitean zuzentzeko jaso duen lehen aukera baita.
Arregik inoiz ez du zuzendu Lehen Mailako talderik, baina oso ondo ezagutzen du Reala. Nahikari Garciaren entrenatzailea izan zen Urnietan, eta euskal selekzioaren hautatzaile karguan eginiko bi urteetan gertutik jarraitu du taldea. Aurretik bi denboraldi egin zituen Añorgan, eta aurrenekoan Lehen Mailara igotzeko kanporaketetarako sailkatu zuen taldea.
Arregik zehaztu duenez, taldekideen «%85ek» jarraituko dute, eta bere helburua «gutxienez azken urteetan lorturikoa berdintzea da». Realak zortzigarren postuan bukatu du liga azken sasoian. Pozik dago duen taldearekin, haren ustez, multzoa osatuta dagoelako, eta hori abantaila da ligako beste talde batzuen aldean. Joko estiloari dagokionez, bere marka ezarri nahiko luke, baina badaki zein den taldeak azken urteetan egin duen bidea.
Taldearen hurrengo pausoa jokalariak fitxatzea da, eta bigarren taldetik igoko diren jokalariak aukeratzea. Bi jokalarik erretiroa hartu dute, eta beste biri ez die kontratua berritu. Hutsune horiek ditu betetzeko.
Juanjo Arregi Realeko aulkira
Euskal selekzioko hautatzaile ohiak bi urterako sinatu du. «Gutxienez» azken urteetakoa berdintzea hartu du helburutzat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu