Duela ez asko, Realaren bigarren taldeko atezainak ziren Julia Arrula (Tafalla, Nafarroa, 2006) eta Alazne Estensoro (Lazkao, Gipuzkoa, 2006). Harrobiko bidea elkarrekin egin ostean, lehen taldearen atea zaintzeko ametsa zuten. Bada, amets hori betetzen ari dira. Klubak haien alde egin du apustu, eta 19 urterekin gorenean aritzeko aukera eman die. Haiek dute orain Realaren ateari giltzarrapoa jartzeko ardura. Ardura, eta ez zama. Biek naturaltasunez heldu baitiote erronkari.
Atezain aritzeko leku bakarra dago, eta lehiakide dira; baina, hori baino gehiago, lagunak dira: «Teknifikazioan hasi ginenetik gaude elkarrekin, eta gertatzen ari zaigun gauzarik ederrenetakoa zera da: hau elkarrekin bizitzea eta partekatzea. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta horrek asko laguntzen du, bai guri, bai taldeari ere», nabarmendu dute. «Duela urtebete egoera honetan egongo ginela esan baligute, ez genuen sinetsiko».
Taldeak bikain hasi du sasoia. Jokoan izan diren bederatzi puntuetatik zazpi lortu dituzte, eta aurreko larunbatean Zubietako estadio eraberritua inauguratu zuten; modu ezin hobean, gainera, 3-0 irabazi baitzioten Sevillari. Partida bikaina jokatu zuten, eta pozik daude horregatik, baina oinak lurrean dituzte, eta zuhur mintzatu dira: «Liga hasieran gaude. Denboraldia luzea da, eta ezin gara behar baino konfiantza handiagoz aritu. Oso batuta egon behar dugu, une onetan eta txarretan. Erregular aritzea funtsezkoa izango da: aurreko denboraldietan argi ikusi da hori», esan du Arrulak. Multzoan dagoen giroa nabarmendu du Estensorok. «Kanpotik etorri direnak bikain egokitu dira, eta harrobitik igo garen jokalariak ere bai». Iritsi berri direnetako bat Arturo Ruiz entrenatzailea da. Oso gustura daude harekin. «Lasai egoteko esaten digu, eta taldeko beste jokalari bat garela; baita une oro arreta partidan izateko ere. Gainera, huts egiteari beldurrik ez izateko ere aholkatzen digu», azaldu dute. Biak eroso daude haren jokatzeko erarekin. Erdiko hiru atzelarirekin eta hegaleko bi atzelari luzerekin jokatzearen alde egin du, eta hala atezaina babestuago egon da. Bihar Levanteren aurka jokatuko dute, berriro ere etxean.
Biak oharkabean hasi ziren atezain. «Gurasoek duten lursailean, futbolean jokatzeko ate bat genuen. Aitak bertan jartzeko esan zidan, eta baloi bat jaurti zidan. Ordutik atezain izan naiz. Dena den, eskolan jokatzen nuenean nahiago izaten nuen beste postu batean jokatu, gogorra baita», azaldu du Arrulak. Estensoro erdiko atzelari hasi zen herriko taldean, Lazkaon. «Gure atzean klubeko atezain batzuk entrenatzen ziren. Egun batean probatu egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan».
Egunerokoa asko aldatu zaie, bai zelaian, bai hortik kanpo ere. «Ni adibidez, jada ez naiz gurasoenean bizi, eta hori aldaketa handia da. Bestalde, bigarren taldean geundenean eguna oso betea izaten zen: goizean eskolara joan, arratsaldean entrenatu, eta gauean ikasi. Orain hobeto antolatu gaitezke», azaldu du Arrulak. Ingeniaritza ikasten ari da Estensoro, eta Kirolaren eta Jarduera Fisikoen Zientzien Grardua Arrula. Beste aldaketa bat antzeman du Estensorok: «Kalean ezagutu egiten gaituzte, eta gugana etortzen dira».
Zelaian ere antzeman dute aldaketa. Hala azaldu du Estensorok berak: «Metodologia bera da, harrobiko taldeetan ere berdin egiten baita lan. Baina gehiago eskatzen dizute, erritmoa askoz biziagoa baita: adiago egon behar duzu, gauzak bizkorrago aurreikusi... Gainera, ez da berdin bigarren taldeko jokalari batek jaurtitzea edo lehenengoko batek jaurtitzea». Arrulak oso gogoan du lehen taldearekin entrenatu zen lehen eguna: «Oso urduri egon nintzen, eta huts egiteko beldurrez. Baina pixkanaka erritmora ohituz joaten zara, eta beldur hori ere galtzen duzu. Orain oso gustura ari naiz, eta taldeko beste kide bat banintz bezala ikusten dut neure burua».
«Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta gure helburuak izan behar du elkarri laguntzea atezain hobeak izan gaitezen»
ALAZNE ESTENSORO Realeko atezaina
Denboraldiaurrean txandaka aritu ostean, Ruizek Arrula jarri du titular ligako lehen hiru neurketetan. Hori aipatzean, berehala hartu du hitza nafarrak. «Orain ni ari naiz jokatzen, baina horrek ez du ezer esan nahi. Gauzak egun batetik bestera alda daitezke, are gehiago dugun adinarekin. Iritsi berri gara gorenera, eta hiru helburu izan behar ditugu buruan: ikastea, hobetzea eta elkarri laguntzea». Estensoro bat dator Arrulak esandakoarekin: «Gure helburuak izan behar du elkarri laguntzea atezain hobeak izan gaitezen. Aipatu bezala, ondo ezagutzen dugu elkar». Segidan, egoera nola daraman azaldu du: «Ondo daramat. Ezaugarri oso desberdinak ditugu biok, eta oraingoz Arturok Juliaren alde egin du. Baina egunerokoan ondo ikusten dut neure burua, eta hori da garrantzitsuena». Aurreko sasoi ia osoa jokatu gabe eman zuen, lesio larria izan baitzuen belaunean: «Gogorra izan zen, baina uste dut fisikoki eta mentalki atezain hobea naizela orain».
Estensorok aipatu bezala, ezaugarri oso desberdinak dituzte atezain gisa. Baina zer nabarmenduko lukete batak bestearengandik? Estensoro: «Julia atezain osoa da, eta ez du ahulgune nabarmenik. Indarguneen artean, berriz, zera aipatuko nuke: baloia hankekin jokatzeko duen gaitasuna. Gainera, teknikoki oso bizkorra da». Laudorioak itzuli dizkio Arrulak: «Alazne ezin hobeto moldatzen da goitik datozen baloiekin, eta ukabilez haiek aldentzen; gainera, hain garaia izanda, buruz buruko jokaldietan oso ondo ixten ditu zuloak. Atezain ziurra da oro har, eta erreflexuak ere onak ditu».
Ter Stegen eta Santana
Beste atezainei erreparatuta asko ikasten dute. Arrulak atezain hauetan jarri ohi du arreta: «Ter Stegen asko gustatzen zait teknikoki; gainera, hankekin bikain moldatzen da. Alex Remiroren ausardia eta Adriana Nanclaresek taldeari ematen dion patxada ere azpimarratuko nituzke. Patxada hori funtsezkoa da taldekideentzat». Baina batez ere atezain bat goraipatu du, Olatz Santana: «Pertsona moduan erreferente bat niretzat. Urte hauetan asko lagundu dit, batez ere psikologikoki. Hark futbolaz duen ikuspegiari esker, asko ikasi dut. Oso eskertuta nago». Athleticen ari da orain Santana. Estensorok bere antzeko ezaugarriak dituzten atezainei erreparatzen die batez ere.
Ikuspegi horri lotuta dago gaur egungo futbolean atezainaren jardunak izan duen bilakaera. Orain, zelaiko beste jokalari bat da. Horretaz ere hausnartu dute bi atezainek: «Baloia ateratzeko garaian, gero eta gehiago eskatzen zaigu, eta oso adi egon behar dugu une oro», azaldu du Estensorok. Antzera mintzatu da Arrula: «Azken batean, jokoaren ikuspegi osoa guk daukagu. Hori kontuan hartuta, asko lagundu diezaiekegu taldekideei. Oso aktibo egon behar dugu, ondo kokatuta, eta neurketetan aginduak eman». Biek aitortu dute hain gazteak izanik hasieran «lotsa apur bat» ematen ziela eskarmenturik handiena duten taldekideei aginduak emateak: «Baina orain ez. Azken batean, taldeko beste kide bat gara. Gu geu izan behar dugu, eta hasierako beldur eta lotsa horiek alde batera utzi. Ni orain oso eroso eta gustura ari naiz alde horretatik».
«Jokoaren ikuspegi osoa guk daukagu. Hori kontuan hartuta, asko lagundu diezaiekegu taldekideei. Oso aktibo egon behar dugu, ondo kokatuta, eta neurketetan aginduak eman»
JULIA ARRULA Realeko atezaina
Bientzat «ezinbestekoa» izan da etxekoen babesa. Arrularen zalerik sutsuena aitona da: «Amaren aita da familian futbolean jokatu zuena, eta haren biloba kutuna naiz. Ni Lehen Mailara iristea oso berezia izan da harentzat. Partida guztiak ikusten ditu. Urduri jartzen da. Oso harro nago». Debutatu zuenean, San Mameseko harmailetan zegoen. Estensorok amona aipatu du: «Beti esaten dit: 'Asmatuko al dut telebista jartzen?'». Biek jarraitu nahi dute bidea egiten, eta ateari giltzarrapoa jartzen. Aitona-amonak ez ezik zaleak ere harro egon daitezen, eta denboraldia bikaina izan dadin.