Julien Simon frantziarrak ezustea eman du Ordizian

Faborito nagusiak atzean utzita, Saur Sojasunekoa izan da azkarrena bost laguneko tropeltxoan

Julien Simon, bi besoak altxatuta, esprinta irabazi berritan. GARI GARAIALDE / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ez Joaquim Rodriguez (Katuxa), ez Igor Anton, ez Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi)... Julien Simon frantziarrak (Sour Sojasun) ezuste handia eman zuen atzo Ordiziako Klasikoa irabazita. Profesionaletan garaipenik pilatu gabe zegoen oraindik 25 urteko txirrindularia, eta gozatu handia hartu zuen atzo, euripean. Ohi bezala, bizia izan zen lasterketa, ero samarra. Bost laguneko taldetxo a ihes eginda iritsi zen Ordiziako azken zuzengunera, eta esprintean nabarmen indartsuagoa izan zen frantziarra. Jon Izagirre (Euskaltel-Euskadi) sartu zen lehen taldetxo horretan, laugarren postuan. Iaz Gorka anaiak irabazi zuen Ordiziako proba, eta balentria egitekotan izan zen ormaiztegiarra.

10:00etan hasi zen klasikoa, eta bosgarren kilometrorako hasi zen ihesaldien saltsa. Igor Romero (Caja Rural) saiatu zen tropelaren oreka hausten, baina Abaltzisketako lehen igoeran lortu zuten tartetxoa Pascual Orengok (Burgos), Garikoitz Bravok (Caja Rural) eta Antonio Piedrak (Andalucia CajaGranada). Ia sei minutuko aldea ere izan zuen hirukoak, baina Katuxa, Euskaltel-Euskadi eta Movistarren lanak utzi zuen ezerezean Abaltzisketako lehen igoeran sortutako ihesaldia. 118. kilometroan harrapatu zituzten aurrekoak, Abaltzisketa laugarren aldiz igotzen hasi zirenean.

David Lopezek (Movistar) ere egin zuen ahalegintxoa Abaltzisketatik Altzora bidean. Baina Katuxak Joaquim Rodriguezen garaipena zeukan buruan. Proba irabazteko faborito argia zen kataluniarra, eta kontrol lan ona egin zuen Errusiako taldeak. Helmugara iristeko 17 kilometro falta zirenean, Altzon gora, Jesus Herradak (Caja Rural) jo zuen erasoa, eta Rodriguez joan zen kontraerasoan, Abaltzisketako azken igoeran, maldan behera hasteko kilometro bat eskas falta zenean.

Helmugara iristeko bost kilometroren faltan, zazpi laguneko taldetxo batek harrapatu zuen Rodriguez —tartean ziren Jon Izagirrre, Peio Bilbao (Euskaltel-Euskadi) eta Julien Simon —. Eta Ordiziara bidean, lehertuta geratu ziren Katuxakoa eta Bilbao. Azken esprintean, ezustean, Simon izan zen indartsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.