Kaiolarekin zorretan

Inor gutxiri adina gustatzen zaio Aitor Mendizabali lau t'erdian aritzea. Motzean jokatuta egin izan ditu bere ibilbideko egunik zoriontsuenak, eta igandean ekingo dio aurrenekoz Lehen Mailako txapelketari.

Aitor Mendizabal, Antzuolako pilotalekuko atean, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Antzuola
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Goiz lasaia da Antzuolan (Gipuzkoa). Goiz zalapartatsu gutxi dituen herria dirudi, eta lehen umeak eskolatik irten dira Aitor Mendizabal (Antzuola, 1989) argazkilariarentzat jartzen ari denean. «Animo, Aitor!» entzun du pilotariak: ume bat da. Herri pilotazalea da; hainbat bizilagun gerturatu zaizkio, eta pilotariak adeitsu egiten die kasu. «Kalean gero eta jende gehiagok ematen dizkit animoak. 'Ea domeka iritsi eta ondo jokatzen duan!'. Polita da jendea zurekin dagoela nabaritzea, baina ez pentsa, presio puntu bat ere gehitzen dute». Igandean, herritar horietako batzuk Eibarko Astelenarako erromesaldia egingo dute kutuna Iker Arretxeren aurka lau t'erdikoan jokatzen ikusteko.

Mendizabalek asko zor dio lau t'erdiari, eta bera esker oneko zaio. «Bakarka norberak egin behar du, ez dago besterik. Lau t'erdia nire neurria da, afizionatu mailan asko jokatu nuen eta gustukoen dudan modalitatea da». Hanka eta nerbio bizikoa da, eta 1,69 metro luze dela eta 69 kilo pisatzen dituela kontuan hartuta kaiolan aritzeko genetikoki sortua dirudi. Afizionatuetan bezala, profesionaletan lau t'erdiak eman dio pozik handiena. Iaz izan zen, 2. Mailakoa irabazi zuenean. «Pare bat aldiz ikusi dut finaleko bideoa. Lehengusuak grabatuta du eta, badakizu. Pilotalekuko giroa ikusgarria da». Txapela, aldiz, etxeko egongelan du, telebistaren gainean, koparekin.

Aurten hartuko du parte du aurrenekoz Lehen Mailako lau t'erdikoan, baina 2010ean, eta zeharka bada ere, dastatu zuen. «Gogoratzen naiz Jokin Etxanizek deitu ninduela Irujorekin entrenatzeko. Entrenamendua zen eta urduri nengoen! Aukera ona zen, eta gerra pixka bat eman nion. Esperientzia ona». Handik bi urtera, bera da Lehen Mailakoan dagoena. «Debutatzeko itxaropen handirik ez nuen, eta orduan esan balidate bi urte geroago Lehen Mailakoan egongo nintzela ez nuen sinetsiko».

Igandeko partida burutik aldentzea kostatzen zaio. Lo hartu aurreko instanteak hark kentzen dizkio. «Aukera handia da, eta buruak lan egiten du hor. Galduta ez da ezer pasatzen, baina irabazita partida handia dator gero». Irabazleak Titin du zain, eta Mendizabalek ez du ezkutatzen hori «motibazio berezia» dela, kolpe handirik gabeko aurrelarientzat ispilu baita. «Lautik ez da pasatzen, baina onenei irabazten die 43 urterekin. Entrenatu ere ez dut egin berarekin, agian hau izan daiteke bere aurka aritzeko azken aukera. Baina tira, lehenbizi Arretxe dago, eta ez da erraza izango».

Lehen partidak helburu

Inork gutxik espero zuenean egin zuen debuta, 22 urteak beteak zituela. 'Aurrelari polita, baina kolpez motza', askotan entzunikoa zen. «Bai, bai, hori egia da [barrez]. Aurretik Aspekin eta entrenatzen ibilitakoa nintzen, baina itxaropena galdua nuen». Urte eta erdi geroago balantze baikorra egin du. «Lehen urtean hirurogei partida jokatu nituen, eta aurten antzera ibiliko naiz. Behin jokoan sartuta besteen maila aritu naitekeela uste dut».

Jaialdietako hirugarren eta lehen partidak tartekatzen ditu, eta hor du bere helburua. «Errealistak izan behar dugu, eta lehen partidetan finkatzea da helburua. Aukerak baliatzen jakin behar da, baina tira, batzuetan lehen partida on bat jokatu eta hurrengo astean hirugarrena egokitzen zaizu. Hau horrelakoa da».

Zentzuz mintzo da, bizi, oinak lurrean ditu, eta goi mailako ikasketak bukatuta dituen pilotari gazte gutxietakoa da. «Kirol magisteritza eta haur hezkuntza ikasitakoa naiz. Oraindik ez naiz horretan murgildu. Ikasketa publikoan zerrendak itxita daude eta gaziki dago kontua. Iaz oposaketetara joan nintzen, ea zer ziren ikusteko... eta harrituta gelditu nintzen. Hura bai presioa, jendea urduri… buf! Oso zaila da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.