Ez dute baliatu euren azken aukera Urrutikoetxeak eta Imazek. Imazek ez du jokatu gaur Zarautzen (Gipuzkoa) —Andoni Aretxabaletak jokatu du haren ordez—, eta ez du gehiago jokatuko aurtengo Binakako Txapelketan. Parean bi aurkari duin izan dituzte: Ezkurdiaren ordez jokatu duen Peio Etxeberria, eta neurketako jokalari onena izan den Ladis Galarza.
Neurketa ikusgarri hasi du Etxeberriak. Pilota aldaketarekin, ordea, gerturatu egin dira Imaz eta Aretxabaleta, baina ez dute aurretik jartzea lortu. Neurketa Etxeberriaren inguruan mugitu da; hark egin ditu tanto mordoa, baina baita galdu ere. Galarzak, berriz, sendotasuna erakutsi du atzeko koadroetan.
Amaieran 19-16 gerturatu da Imaz-Aretxabaleta bikotea, baina hortxe amaitu da euren bidea aurtengo txapelketan. Gogorra izan da neurketa: 80 minutu iraun ditu.
Datorren astean jokatuko dira kanporaketak. Gaurko garaileek Olaizola II.-a eta Rezusta izango dituzte parean, eta bestetik, Altunak eta Mariezkurrenak Jaka eta Martijaren aurka jokatuko dute.