Kanpotarrak, baina etxeko

Bigarren sasoia du Orion Andrea Martin espainiarrak, eta aurrenekoa Laura Triñares galiziarrak. Orion arraun egitea berezia dela diote: «Etxean bezala gaude».

Andrea Martin eta Laura Triñares, Orioko Arraun Elkartean, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
<i>Orio</i>
2017ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atentzioa ematen du Orioko arraunlari zerrenda hartu eta Euskal Herrikoak ez diren bi arraunlari ikusteak. Batena da bestearena baino deigarriagoa, Andrea Martin (1981, Avila, Espainia) nongoa den kontuan izanda; oso paraje lehorra da Gaztela aldea, eta nekez susma daiteke handik arraunlari bat atera zitekeenik. Laura Triñares (Boiro, Galizia, 1993) arraunean aritzea ez da hain bitxia, arraun lekua baita haren jaioterria. Sorterritik hain urrun aritzea izan daiteke bitxia.

Martinek badaramatza zortzi bat urte Euskal Herrian bizitzen, eta traineru bat ikustearekin batera piztu zitzaion jakin-mina: «Zumaian bizi nintzen orduan; ikusten nituen emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak entrenatzen, eta barruan zerbait piztu zitzaidan». Azkar izan zuen arrauna probatzeko aukera: «Olarru Eguna festan, Zumaian, batel estropada izaten da, eta hantxe hasi nintzen». Baina duela hiru urtetik da arraunlari: «Lasarten bizi naiz, eta bertan egiten dut lan, harategi batean, eta duela hiru urte azaldu nintzen Oriora probatzera, mutil-laguna oriotar zale amorratua baita». Lehen urte horretan, baina, ez zuen lekurik izan taldean, eta Hibaikan egin zuen arraun; azkeneko bi uda daramatza Orion arraunean.

Triñaresek Cabon eman zituen lehen arraun kolpeak, lagun batzuen bitartez. Zortzi bat urte badira ordutik, eta herriko taldean ibili izan da. Duela bi urte Euskal Herrira etorri zen ikasketak zirela medio, eta duela bi urteko negua Kaikun egin zuen bateletan arraunean, Santurtzin bizi baitzen bere mutil-lagunarekin; hori ere arraunlaria, Iago Davila galiziarra, Zierbenan. Iazko udan, etxera egin, eta bertan osatu zuen udako denboraldia: «Cabok aukerak zituen Euskotren ligan sartzeko, eta laguntzeko asmoz ibili nintzen hemendik hara bidaiatzen. Lortu genuen helburua, eta merezi izan zuen bidaietako nekeak». Aurten ere izan du aukera Cabon arraun egiteko, baina Oriora etortzea erabaki, eta gustura ari dela esan du.

Etxekoak ez dira, baina etxean bezala ari dira, eta, horretaz gain, badute beste antzekotasun bat: «Oriorekin debuta egin genuen egunean irabazi genuen bandera taldearekin». Martinek iaz, Mutrikuko denboraldi-aurreko estropadan, eta Triñaresek aurten, Lekeitiokoan.

Aitortu dute berezia dela Orion arraun egitea, «herritarrek arrauna bizi duten moduagatik». Triñares Aian bizi da uda honetan, klubaren etxe batean, eta harekin dira bertan Laura Jaramillo taldekidea, eta B taldeko Jose Antonio Cuero, Sergio Corrales eta Alfredo Martinez. Ezaguna omen da Aian: «Erosketak egitera joaten naizenean, galdetu egiten didate bertakoek ea zer moduz estropada. Polita da hori». Martini ere itaun egiten diote harategian: «Ezagutzen naute, eta badakite Orion ari naizela arraunean; izaten ditut bezeroekin arraun solasaldiak ere».

Baliteke Aiakoek eta Lasarteko harategikoek bi arraunlariei aipatzea Orio gorantz ari dela azkenaldian: «Hobetuz goaz, eta ea iaz bezala sustoren bat ematen diegun Hibaikari eta San Juani Kontxan», eskatu du Martinek. «Bi handi horiengana gero eta gehiago gerturatzea da asmoa», eman dio errematea gaiari Triñaresek.

Gertatuko balitz halakorik, Avilan ere ezagun egingo litzateke, agian, arrauna. Martinek familiakoak izan ditu gogoan: «Esaten didate ea zoratuta nagoen arraunean nabilelako. Zer den ere ez dakite ia-ia, baina ondo ezagutzen dute udan egiten dugula kirol hau, eta esaten didate hori nola litekeen, opor garaia dela eta horrelakoak». Triñaresek ere egoera hori aipatu du: «Alde horretatik da lotua arrauna, baina, bestela, beste kirol bat egiteko behar dena nahikoa da: gogoa eta ilusioa».

Aldarte bizi-bizian dira biak, eta, datorren urtera begira, jarraitzeko asmoa azaldu dute. Martin ziur da baietz, eta Triñaresek oriotarrek gustura entzuteko zerbait esan du: «Euskal Herrian segitzen badut arraunean, Orion segituko dut, talde hau hausten ez bada behintzat». Aditzera eman dute biek gozatzen ari direla bertan, eta garbi dago kanpokoak izan arren ez direla urrutiko arraunlariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.