David Doblasek hamar urte luze daramatza dagoeneko Euskal Herrian. Lau egin zituen Gasteizen, Baskoniaren harrobian, eta beste sei daramatza Donostian. «Euskal kantabriartzat» du bere burua, izendapen hori bere jaioterrian ondo-ondo hartuko ez dutela jakitun.
Non ikusten duzu zeure burua bost urte barru?
Puf, ez dakit. Oraingoz, lana daukat hemen, 2012ko uda arte, eta gero gerokoak.
Donostian erretiratzea gustatuko litzaizuke?
Eskaintzaren bat egiten badidate eta eskaintza hori nire gustukoa bada, zalantzarik ez. Anbizio handiko pertsona naiz, eta nire kirol ibilbideko bukaera proiektu on batean bukatu nahi nuke. Proiektu hori Donostian egiten bada, lasai asko geratuko nintzateke hemen. Irakasle eskola bukatzear nago, eta euskara ere ikasten ari naiz, pixkanaka. Zaila ikusten dut irakasle lanean aritzeko behar adina ikastea, baina, lortuko banu, aurrera pauso itzela izango litzateke niretzat. Donostian geratzeko beste akuilu bat.
10 urte egin dituzu dagoeneko Euskal Herrian. Zer iritzi duzu herrialdearen inguruan?
Ni kantabriarra naiz jaiotzez, eta sentimendu horrek hor dirau, baina hamarkada bat egin dut Euskal Herrian, eta oso eroso ikusten dut neure burua hemen. Euskaldunen kultura, ohiturak, gastronomia… Den-dena ezagutzen dut, eta, beste edozein euskaldun bezala, euskaldun ere sentitzen naiz. Sentimenduaz ari naiz, ez politikaz. Atzerrira-eta joaten naizenean, jaiotzez Kantabriakoa naizela esaten dut, baina baita euskalduna naizela ere.
Euskadiko selekzioarekin jokatu zenuen kadeteetan. Jokatuko al zenuke gaur?
Oso gustura, gainera. Pablo Lasorekin ere mintzatu naiz aukera horren inguruan. Lagun asko ditut selekzioan: Ritxi Uriz, Javi Salgado, Urko Otegi, eta haiekin biltzea beti da pozgarria. Euskal harrobiko jokalaria naiz, horrekin nahikoa litzateke, ezta?
Eta euskal selekzioa ofiziala izango balitz?
[Segundo batzuetako isiltasuna]. Pentsatu egin beharko nuke, baina ez nortasun bat edo beste hautatzeagatik, anbizioagatik baizik. Ez da erabaki erraza, munduko selekziorik onenetakoa da Espainia. Selekzio horretako beheko mailetan jokatu dut, eta egunen batean elastiko gorria jantzi nahi nuke, entrenamenduetan bada ere.
Euskal Herriaren eguneroko kontuak jarraitzen al dituzu? Zer iritzi duzu egungo egoeraz?
Jakina, bestela burbuila batean banengo bezala biziko bainintzateke. Kanpokoa izan baina hemen bizi denaren ikusmira daukat, errespetuzkoa. Moderatua naiz pentsamoldez, baina euskal herritarrek euren etorkizuna modu demokratikoan herrialde independente gisa egitea erabakiko balute, ez nuke hori onartzeko batere arazorik izango. Orduan, talde atzerritar batean jokatzen dudala esan beharko nuke [barrez].
Zer egiten duzu aisialdian?
Ez daukat denbora asko. Euskara ikasi, hemengo lekuak ezagutu, laster sagardotegiren bat egin… Edonoren zaletasun berberak ditut.
Ez omen zara futbolzale porrokatua.
Ez, baina gustatzen zait. Realekoa naiz. Anoetara joaten naiz batzuetan, sarrera onak ematen dizkigutelako, eta harreman ona dut Xabi Prietorekin.
«Kantabriarra naiz jaiotzez, baina euskaldun ere sentitzen naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu