Erorikoak izaten dira Frantziako Tourreko lehen asteko arrisku nagusia. Ia egunero joaten da txirrindulariren bat lurrera, tentsioaren poderioz. Ezbeharren mehatxua beti dago present. Alabaina, ezohikoa da etapa berean bi erorketa oso jendetsu izatea. Hasiera zitala izan du, bada, aurtengo Tourrak. Zaurituta irisi da helmugara Julian Alaphilippe (Deceuninck), baina irribarre zabala islatzen zuen haren aurpegiak, lehen etapa irabazi, eta hartara, maillot horia soineratu baitu. Hala, berdindu du jada azken hiru urteetan egindakoa: gutxienez etapa bat irabazi eta lasterketako lidertzan izatea.
Konfiantzaren eta ausardiaren garaipena izan da, helmugatik 2,3 kilometrora egin baitu eraso, Fosse aux Loupseko igoerako maldarik gogorrenetan. Gurpiletik atera ditu aurkari guztiak, eta tinko eutsi dio aldeari. Zortzi segundora iritsi da erorikoek eta abiadak xehatutako tropela, Michael Matthews (Bike Exchange) buru. Hirugarren Primoz Roglic (Jumbo Visma) izan da; lau segundoko abantaila lortu du gainsiariei esker. Richard Carapaz (Ineos) hamahiru segundora helmugaratu da.
Galera hori hutsaren hurrena da, Miguel Angel Lopezek (Movistar) eta Emanuel Buchmannek (Bora) izan dutenarekin alderatuta: 1.49ra iritsi dira. Richie Portek (Ineos), berriz, 2.16 galdu du, 3.17 Simon Yatesek (Bike Excchange) eta 5.33 Alejandro Valverdek (Movistar); bere txarrean, ez dute sailkapen nagusia lehiatzeko asmorik.
Brestetik abiatu da aurtengo Tourra, eta sei txirrindularik osatu dute lehen ihesaldia: Ide Schellingek (Bora), Anthony Perezek (Cofidis), Danny van Poppelek (Wanty), Cristian Rodriguezek (Total), Connor Swiftek (Arkea) eta Franck Bonnamourrek (B&B Hotels). Kate motzean lotu ditu tropelak, eta ezin izan dute lau minutuko langa gainditu. Helmugatik 80 kilometrora, Schelling bakarrik irten da loriaren bila. Besteek hanka altxa dute, eta 68 kilometroren faltan harrapatu ditu tropelak.
Gauzak bare ziren multzo nagusian, harik eta ikusle batek eroriko jendetsua eragin duen arte. Telebistako kamerari begira zegoen, eskuan afixa bat zuela, eta haren kontra tupust egin du Tony Martinek. Aurre-aurrean ziren ziklistak libratu dira bakarrik domino efektutik, eta balazta sakatu dute, etenda gelditu direnei itxaroteko. Schellingek lasterketa buruan jarraitzen zuen, baina aguro irentsi du tropelak, behin Deceuninck erritmoa jartzen hasi denean. Holandarraren saiakera ez da hutsala izan, mendiko maillota jantzi baitu.
Ziklistak ziztu batean zihoazen bukaerako muinora bidean, eta halako batean, lurrera joan dira B&B Hotelseko bi txirrindulari. Beste sarraski bat eragin du eroriko horrek, eta nabarmen baldintzatu du etapa amaiera. Ziklista asko geratu dira moztuta, eta kokapena galdu dute beste askok; Mathieu van der Poelek (Alpecin), adibidez. Behar zen tokian zegoen, aldiz, Alaphilippe, eta errematea eman dio taldearen lana bikainari. Bihar bigarren garaipena kateatzeko aukera izango du, Mur de Bretagnen bukatuko den etapan.
Tourreko etapa abiatu aurretik, Demi Volleringek (SD Worx) garaipena lortu du La Coursen. Lasterketa horren zortzigarren aldia izan da, eta azkena, datorren urtetik aurrera emakumezkoen Frantziako Tourra bihurtuko baita. Brest eta Landerneau artean jokatu da, Tourreko etapa bezala, eta zortzi txirrindulariko esprint murriztu batean gailendu da Vollering, Cecilie Uttrup Ludwig (FDJ Nouvelle-Aquitaine) eta Marianne Vosen (Jumbo Visma) aurretik.